Kultur ekitaldiak

Donostia Festak-ek kultur jarduerak antolatu ditu euskal jaien ordez

Jardueretan nahi duen orok parte hartu ahal izango du, aurreikusitako edukiera bete arte.

Aurten ez da Sagardo Egunik egingo. MENDI URRUZUNO
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 31
16:17
Entzun

Aste Nagusiarekin gertatu den bezala, euskal jaiak ere ez dira ospatuko Donostian. Baina, hala ere, Donostia Festak-ek iaz egin zuen moduan, formatu txikiko kultur jardueren programa bat prestatu du, estropaden bi igandeen inguruan. Kaleko programazioa ostiral eta larunbatean izango da, Trinitate plazan, estropadetako bi igandeak aprobetxatuta.

Musikaren atalean, bi kontzertu egongo dira: irailaren 3an Faltriqueira taldearen Luas de Prata kontzertua. Horretan, hogei urteko ibilbide musikala ospatuko dute, eta, horrekin batera, duela gutxi hil zen Javier Area musikaria omenduko dute; eta irailaren 11n, Errenteriako musika Banda eta Udaleko Txistulari Taldeak, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza eskolako ikasleen laguntzarekin, Gabiltza kalez kale kontzertua emango dute. Bertan, XIX. eta XX. mendeko euskal musikarien (Sorozabal, Sarriegi, Ibarrondo, Oiartzabal...) obrak eskainiko dituzte.

Dantzari dagokionez, irailaren 4an, Sueltoko Dantza Txapelketa egingo da. Bestela ere, poesia ere izango da: bi errezital musikatu egingo dira, Viktoria Eugenia antzokiko Club Aretoan (gonbidapena behar da), irailaren 6 eta 7an; eta Donostia Bertsotan Trinitate plazan izango da, irailaren 10ean.

Irailean pilota, eta lehen aldiz, boloek ere tartea izango dute: Donostialdeko Esku Pilota Txapelketa egingo dute Trinitate plazan, eta I. Bolo Txapelketa irailaren 11n izango da, 17:30etik aurrera, Arrobitxulo parkean.

Egitaraua Sagardoak elkartzen gaitu kanpainaren aurkezpenak osatzen du. Horretan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak aurtengo sagar uzta eta udazken honetako sagardo kanpaina aurkeztuko dute, irailaren 7an, Trinitate plazan. Horrez gain, Nekazaritza ekologikoaren merkatua eta Gipuzkoako Tomate Lehiaketa, irailaren 4an izango dira; eta haurrei dagokienez, San Telmo Museoan, irailaren 12ra arte, erraldoiak ikusgai egongo dira.

Aipatutako kultur jarduera horietan, nahi duen orok parte hartu dezake, aurreikusitako edukiera bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.