Markak hausteak txapelak ekarriko balitu, hiru bat jantzi beharko lituzke aurtengo Donosti Cup lehiaketak. Jantzi beharko luke jokalari kopuruaren txapela, jantzi beharko luke nazioarteko talde gehien lortzearena, eta jantzi beharko luke zelai gehien izatearena. Izan ere, urtez urte handitzen ari den txapelketa da, eta aurtengoa ez da salbuespena izango: sekula baino jende gehiago bilduko du. Bihar hasiko da aurtengoa, —ohi baino egun bat geroago, Frantziako Tourra Gipuzkoako hiriburutik igarotzearen ondorioz—, eta uztailaren 9an amaituko da. Dena prest dago jokalariei «merezi duten harrera» egiteko, Edurne Martinez Donosti Cupeko komunikazio arduradunaren arabera.
Realaren Txapeldunen Ligarako sailkapenari erreferentzia eginez, «Txapeldunen Ligako Donosti Cup bat» lelopean aurkeztu zituzten antolatzaileek egitasmoaren aurtengo berritasunak eta datuak. Iaz baino 110 talde gehiagok parte hartuko dute: 865 taldek, zehazki. Inoizko lehiaketarik nazioartekoena ere izango da aurtengoa, 22 herrialdetatik etorritako jokalariak izango baitira. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetatik, Japoniatik, Andorratik, Australiatik, Jordaniatik eta Uzbekistanetik bertaratuko dira.
Ekitaldia «geroz eta sendoagoa» dela erakusten du horrek, Martinezen aburuz: «Urtez urte, parte hartzaileen eskaria handitzen ari da, eta ez ditugu kanpoan utzi nahi». Horregatik, taldeen eta jokalarien gorakadari aurre egiteko, partidak jokatuko diren eremua ere zabalduko dute: guztira, 50 zelaitan jokatuko dituzte norgehiagokak. Hendaian (Lapurdi) egongo da zelai bat, bi Nafarroan, eta, gainerakoak, Gipuzkoan.
Azken urteetan, txapelketaz gain, Authentics Day eguna ere antolatu dute, Donosti Cupen «bertsiorik inklusiboena». Hain justu, adimen urritasuna duten pertsonek hainbat partida jokatzen zituzten, adimen urritasunik ez dutenekin nahastuta. Aurten, ordea, jardunaldi oso bat eskainiko diote kirol egokituari, eta, partidez gain, festa giroa izango da egun horretan ere Anoetan: «Ikusita arrakasta izan zuela parte hartu zutenen eta ingurukoen artean, pauso bat gehiago emateko erabakia hartu dugu», esan du komunikazio arduradunak. Kirol egokitua ikusarazi eta adimen urritasuna duten jokalariak gainerako parte hartzaileekin nahastea da asmoa.
Jardunaldi horretan, Realak, Eibarrek eta Erresuma Batuko Newcastle taldeak parte hartuko dute berriro ere, eta, lehenbizikoz, Baionako Olagarro eta Etente Basque taldeak ere izango dira, Mexikoko Gladiatoreak taldearekin batera. Azken horiek izango dira, Saharako futbol federazioko jokalariekin batera, Donosti Cup fundazioak gonbidatutako taldeak.
Kirolerako aitzakia ere bada txapelketa. Izan ere, jokalariek ikasturte hasieratik izaten dute Donosti Cupeko erronka egutegian finkatuta. «Horrelako txapelketa bat helburu gisa markatzeak aitzakia ematen die jokalariei urte osoan kirola egiteko; sustraiak sendotzen ditu, eta ilusio txiki batekin mantentzen ditu gazteak», adierazi du Martinezek.
Baina txapelketak onuraren bat badu, bertan sortzen diren harremanena da, Martinezen irudiko: «Azken finean, egun osoan daude beste jokalari batzuekin, eta horrek ematen die aukera pentsamoldeak zabaltzeko; futbolarekin ez ezik, inguruko ekitaldiekin ere asko gozatzen dute».
Futboletik festara
Dena ez denez futbola izango, festarako ere ezarri dituzte hainbat ekitaldi: asteartean egingo dute inaugurazio ekitaldia, futbol taldeen desfilearekin. Zaleen guneak ere jarriko dituzte. Lehena Anoetan kokatuko dute: txapelketako jangela, denda ofiziala, informazio gunea eta puzgarriak. DJak izango dira, eta beste hainbat jarduera ere egingo dituzte bertan. Irunen (Gipuzkoa) ere jarriko dute beste zaleen gune txikiago bat, Ficoban, Bidasoan ostatu hartuko duten taldeentzat.
Guztira, 600 pertsona baino gehiagok lan egingo dute futbolaren festa aurten ere aurrera atera dadin, arduradunak, gidariak, landa ordezkariak, segurtasuneko langileak eta osasun langileak kontuan hartuta. Dena prest dago, hortaz; baloia biraka jartzea soilik falta da. «Mundu osoko taldeak eta zaleak irrikaz daude Donostiako ekitaldi aparta ikusteko eta futbolaren grina giro paregabe era zirraragarrian bizitzeko», esan dute antolatzaileek, ohar bidez. Txapeldunen pare aritzeko prest da Donostia.
Donosti Cupik txapeldunena
Bihar hasiko da aurtengo Donosti Cup futbol lehiaketa. Inoizko jendetsuena eta nazioartekoena izango da. Asteazkenean, 'Authentics Day' jardunaldia egingo dute, kirol egokitua ikusarazteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu