Bidaiak 

Donejakue bidea, itsasoz

Donejakue bidea oinez, bizikletaz nahiz zaldiz egin zitekeen orain arte. Aurten, belaontziz egiteko aukera ere izan dute erromesek. Interes handia sortu du.

Aitzol Burget eta Iratxe Elso erromesak, euren Beti aitxe belaontzian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hondarribia
2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Donejakue bidea egiteko modu ezberdinak daude. Oinez, bizikletaz edota zaldiz egin ohi izan du jendeak. Aurten, itsasoz egin duenik ere izan da, ordea. Aurtengo berrikuntza izan da: Hondarribia (Gipuzkoa) eta Coruña (Galizia) lotu ditu bideak. Tartean dauden Euskal Herriko kostako sei portutan zigiluak jartzen dituzte egiaztagirietan: Hondarribian, Donostian, Orion, Getarian, Mutrikun (Gipuzkoa) eta Bermeon (Bizkaia).

Aitzol Burget (Donostia, 1972) eta Iratxe Elso (Iruñea, 1968) bikote dira, eta Hondarribitik Gijonera (Asturias, Espainia) arte joan dira, belaontziz. «Itzela izan da», adierazi du bikoteak, pozik. Esperientzia polita iruditu zaie, eta baita gomendagarria ere. Oporrek bidaia mugatu dietenez, ezin izan dute Coruñara arte heldu. Datorren urtera begira, ordea, hara heltzea dute xede. «Oso ondo dago antolatuta. Elkartasun handikoa da jendea, eta asko laguntzen digu», azaldu du Elsok.

Duela urte batzuk, Iruñetik Garesera (Nafarroa) oinez egin zuen Elsok bidea, eta gehiagorako gogoarekin gelditu zen. «Alferkeria ematen zidan berriro ere oinez egiteak», aitortu du iruindarrak. «Aurten, behingoz, belaontziz egin zitekeela eta, senarra konbentzitu nuen. Ezin nuen aukera hau galdu. Oinez zein bizikletaz egin badaiteke, zergatik ez belaontziz? Gure aukera zen», azaldu du. Iritsi direnetik jendeak interes handia jarri duela azpimarratu du Elsok: «Hurrengo urtean, jende gehiago animatuko da. Lagun asko inbidiatan gelditu dira».

Burgetek 1998an antzeko esperientzia bizi izan zuen, hiru lagunekin: Bizkaiko kostatik Coruñara arte joan zen itsasoz. «Esperientzia libreagoa zen hura, zerbitzu gutxiago genituen eskura, eta elkartasun handiagoazegoen. Aurten eduki dudan esperientzia erosoagoa izan da, zerbitzu gehiagorekin, oso ezberdina», adierazi du donostiarrak.

1998ko bidaia hartan, Coruñara joaten 22 egun pasatu zituzten. Itzultzen, berriz, hiru. Izan ere, Galiziara joatean portu guztietan gelditu ziren, eta, barkua non utzi ikertzeko, itzuleran baino lan handiagoa izan zutela azaldu du. Ordutik gauzak asko aldatu direla azpimarratu du: «1998an, afaldu ondoren, paperezko mapetan begiratzen genuen hurrengo geltokira nondik joan behar genuen, baita tartean harriak zeuden edo ez ere. Gaur egun, teknologia berriekin, dena eskura daukagu, eta errazagoa da».

Alde onez betetako esperientzia izan dela nabarmendu dute biek. Besteak beste, barkuan lo egitea ederra dela diote. «Ez dago olatuen zaratarekin lo hartzea bezalakorik», adierazi du Burgetek. «Izurde asko ikusi ditugu. Aurreko batean Aitzolek balea bat ere ikusi zuen. Natura gertuago sentitzeko bizipen bat da», gehitu du emakumeak.

Alde txarrik ez duela argitu du Burgetek, eta, askok hala uste duten arren, eguraldia ez dela oztopo: «Mendira joatea erabaki eta euria hasten badu, zira bat hartuko duzu, eta eguraldi oso txarra badago, berriz, plana aldatuko duzu. Berdin gertatzen da belaontzian. Euria egiten badu, aurrera jarraitzen dugu. Haizea badago, berriz, itxaron egiten dugu. Eguraldi oso txarra badago, planak aldatzen ditugu. Oso erraza da planak aldatzea». Donejakue bidea azaroa eta otsaila bitartean ez dutela egingo ere argi utzi dute: «Ekainetik hona, euria egin dezake, baina ez dago arriskurik. Azarotik aurrera, ezin da jakin».

Gastuak, ontzitik jaistean

Itsasoan egonda ere, une oro daude lehorrarekin harremanetan. «Irratian, datozen orduetan zer dagoen azaltzen dute. GPS moduko bat ere badaukagu. Ez du esaten ezkerrera edo eskuinera joan behar den, baina bai harriak edota beste barkuak non dauden», azaldu du Burgetek.

Gastuei dagokionez, barkuak motor baten gasolina kopuru antzekoa gastatzen du. Portuan gaua pasatzeak, berriz, hogei euroko gastua du. Horrez gain, barkutik jaitsi arte ez dutela dirurik gastatzen nabarmendu du: «Barkuan ez da zentimorik gastatzen; barkutik herrira jaitsitakoan hasten dira gastuak».

Donejakue bidea egitean diru gehien jatorduetan gastatu zutela adierazi dute: «Barkuan gosaldu dugu gehienetan, bidaiatzen ari garela bazkaltzen dugu, eta afaldu, berriz, kalean. Iristen garen herria nahiz bertako gastronomia ezagutu eta dastatu nahi izan dugu». Hala ere, noiz edo noiz eurek arrantzatutako arraina jan dutela azpimarratu dute. «Reality show txiki bat sortzen da, eta oso dibertigarria da hori», adierazi du Elsok.

Itsasoz egitea, ezberdin

Ibilbidean zehar erromesak zirela adierazteko zerbait falta izan zaiela uste dute. «Donejakue bidea itsasoz egin duen jendea bide ezberdinetatik joan da eta ez genekien Donejakue bidea egiten ari ziren edo ez», azaldu du Elsok. Bidea oinez egiten duten erromesak atentzio gehiago ematen dutela azpimarratu du: «Oinezkoak motxila handiarekin ikusita, badakigu erromesak direla. Gainera, denak bide beretik edo antzekoetatik joaten dira». Donejakue bidea itsasoz egiten dutenek euren ontzietan bandera bat edo antzerako zerbait jartzea proposatu dute.

Beste ezberdintasun bat nekearen ingurukoa dela nabarmendu dute. Itsasoz egiteak oinez edo bizikletaz egiteak bezainbeste ez duela nekatzen azaldu du iruindarrak: «Ez da askorik nekatzen, baina pixka bat bai. Muskuluak lantzen dira eta tentsioak ere nekatu egiten du».

Burgetek eta Elsok hiru belaontzi dituzte, guztira. Bat, Donostian, bestea Hendaian, eta hirugarrena Hondarribian. Urtean zehar, ikastaroak eskaintzen dituzte horietan. «Helburua jendeari itsasoa gerturatzea da, eta belaontzia zerbait elitista moduan ikus ez dezaten saiatzea», adierazi du Elsok. «Pintxoak jateaz gain, gauza asko egin daitezke Euskal Herrian. Esaterako, belaontzian ibili», proposatu du Burgetek.

Donejakue bidea itsasoz egin nahi duenak belaontzia ez edukitzea, ez da arazoa. Izan ere, belaontzia alokatzeaz gain, patroi batek Coruñara eramateko aukera ere badago, Burgetek eta Elsok eskaini duten moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.