Zinema

Domino fitxak ordenatzeko tenorea

Itxialdiak hankaz gora jarri du aretoetako estreinaldien plangintza, eta data berriak aurkitzea buruhauste bilakatu da. Film asko udazkenera atzeratu dituzte, eta Gabonen inguruan bete egin da estreinaldien egutegia

West Side Story musikalaren zinemarako bertsioa egingo du Steven Spielberg zuzendariak urte bukaerarako. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zinema aretoen hiru hilabete luzeko itxialdiaren ondoren, jarduerari berriro ekiteko garaia ailegatu da. Herri batzuetan dagoeneko aretoak zabaldu dituzte, baina horietan ez da estreinaldirik ematen ari: konfinamenduaren ondorioz zintzilik gelditu ziren estreinaldiak emateko baliatzen ari dira.

Hurrengo astetik aurrera hasiko dira gauzak aldatzen: hiri handietako areto gehienak irekiko dituzte, eta film berriak ailegatzen hasiko dira. Baina egoera hori normaltasunetik urrun egonen da, eta ez soilik ikusleek zinemara joateko bete beharko dituzten baldintzengatik edo aretoen edukieraren murrizketagatik.

Horri guztiari beste aldagai inportante bat gehitu behar zaio: estreinaldien egutegia guztiz hankaz gora jarri du itxialdiak. Domino fitxen antzera, bata bestearen atzetik erori dira filmak estreinatzeko aurreikusitako data zurrunak, eta horrek erabateko anabasa eragin du.

Data egokiaren bila

Izan ere, estreinatzeko dataren aukeraketa egokia film baten arrakastarako edo porroterako aldagai nagusietako bat da, gehienbat miloi askoko ekoizpen komertzialen kasuetan. Astero estreinatu ohi dira filmak, eta film bakoitzerako aste egokia zein den asmatzea alkimia zail eta ilun baten mende egon ohi da.

Data gako batzuk (udarari begirako aste pare bat, Gabonen aurretikoak...) hainbat hilabete (edo urte) lehenago hartuak izaten dira. Urteko estreinaldiak izan nahi dutenen eremu dira, eta haiei itzal egiten nekez ausartuko da inor: aste horietan eite bereko beste film bat estreinatzea suizidio ekonomikoa izaten ahal da. Hortaz, beste data batzuk bilatu behar; kontua da aste kopurua ere mugatua dela eta, bizi-bizi ibili ezean, aukerak murriztuz joaten direla.

Horiek horrela, egoera ezohikoak ezagutu gabeko ondorio bat ekarri du: estreinaldien egutegi zurrunari hiru hilabete lapurtu dizkio. Korapilo handia filmen estreinaldietarako, urte honetan eta ondorengoetan eragina izanen duena.

Izan ere, martxotik aurrera estreinatu ezin izan diren filmek hurrengo hilabeteotan ikusi nahi dute argia; kontua da hilabete horietarako dagoeneko beste film batzuen estreinaldiak zeudela aurreikusita. Lurrikarak, gutxienez, 2022ra arteko erreplikak eragin ditu.

Uda edo udazkena

Estreinaldia atzeratu behar izan duten filmen zerrenda luze-luzea da, eta horien barruan handienek izanen dute bigarren aukera. Film txiki edo independente askok ez dute aretoetarako aukerarik izanen aurten —are gutxiago zinemaldi asko bertan behera gelditu ostean—, eta hori gabe lortuko duten oihartzuna hutsaren hurrengoa izanen da.

Dagoeneko ekoiztetxe handiek iragarri dituzte aldaketak; udaberrirako prest zituzten filmak udarara edo udazkenera pasatuko dituzte: Sonyren apusturik handienetako bat den Petter Rabbit 2 apirilean zen estreinatzekoa, eta abuztura mugitu dute; eta Disneyren Mulan berritua martxotik uztailera aldatu dute.

Gisa berean, beste film komertzial batzuek udazkenean bilatu dute abaroa. Esate baterako, 007 agentearen film berria, No Time to Die, azarorako utzi dute. Hilabete horretara mugitu dute Pixar etxearen azken animazio filma ere, Soul, jazz munduan girotuta dagoen istorioa.

Urriko estreinaldi kopurua ere asko handitu da, udaberrian egin ezin izan diren estreinaldien ondorioz. Horrela, Wes Andersonen The French Dispatch ikusteko aukera izanen da. Era berean, superheroi ezagun batek ere hilabete horretara egin du hegan: Wonder Womanek, frankiziaren bigarren atalarekin.

Baina udazkenetik aurrera gauzak larriagotu egin dira, estutasun handiagoak baitira pisuzko estreinaldietarako data libreak topatzeko. Izan ere, Gabonak zenbat eta hurbilago egon, orduan eta beteagoa dago astez asteko egutegia.

Aspalditik iragarrita daude 2020ko abendurako aurrekontu handiko hainbat film, eta horiek ez dituzte inolaz ere mugituko: Steven Spielbergen West Side Story, Ridley Scotten The Last Duel, Denis Villaneuveren Dune, Top Gun-en atal berria...

Zuzenean 2021era

Egun faltaren ondorioz, film askori zuzenean 2021era jotzea besterik ez zaie gelditu. Besteak beste, aurtengo maiatzean zen ateratzekoa Fast & Furious frankizia arrakastatsuaren bederatzigarren atala, eta urtebete geroago izanen du estreinaldia.

Baina beste film askok ez dute tarterik topatu aretoetan, eta zuzenean streaming bitarteko plataformetan estreinatuko dituzte. Horiek izan dira pandemia egoeraren garaileak, eta itxialdiaren ostean ere etekina aterako diote egoerari. Besteak beste, Olivier Assayasen Wasp Network, Mel Gibsonen Force of nature, Tom Hanksen Greyhound edo Baztanen filmatutako Ofrenda a la tormenta zuzenean plataformetan estreinatuko dira, aretoetatik pasatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.