Jaioterrian ezezagun izatearen sentipena izango luke Jesus Karrerak gaur egun bizirik balego. 1911. urtean jaio zen Karrera, Hondarribian (Gipuzkoa), eta 1945ean hil zen, Alcala de Henaresen (Espainia). Haren familiak ere ezer gutxi zekien hari buruz, militante komunista bat izan zela soilik, eta jaioterritik urrun bizi izan zela beti, 2018. urtean haren hezurrak Hondarribiko hilerrira eraman zituzten arte. Aitor Baztarrika Okak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1993), desobiratze horren ondoren, Karreraren bizitzari buruzko dokumental bat zuzendu du: Hondarribiko gorria. Etzi estreinatuko dute, 19:00etan, Hondarribiko Itsas Etxean.
Nor izan zen Jesus Karrera?
Jesus Karrera Hondarribiko militante komunista bat izan zen. 1931n, EAK Espainiako Alderdi Komunistan afiliatu zen, eta hurrengo hamalau urteak militantzian eman zituen. Urte horietan, Europako testuinguru politiko guztiak bizi izan zituen, denak intentsitate handiarekin. Espainiako gerran Gernikako Arbola batailoiaren komandante izan zen, Katalunian ere antiaereoen destakamentu batean ibili zen, Frantziara erbesteratu zuten, nazismoaren ondorio zuzenak pairatu zituen Frantzian, urte eta erdiz torturapean bizi izan zen Madrilen, EAKren idazkariburua izan zen... Laburbilduz, denbora gutxian toki askotan intentsitate handiarekin aritu zen pertsona bat izan zen.
Azalpenak entzunda, leku batetik bestera ihesi zebilela dirudi.
Fronte guztietan parte aktibo izan zen; ez zuen batetik bestera ihes egiten. Historia aldatzeko helburuarekin parte hartzen zuen toki guztietan.
1945. urtean hil zuten. Zergatik?
Frantziara erbesteratu zutenean, Mediterraneoko hainbat kontzentrazio esparrutara eraman zuten. Handik Gursera [Okzitania] eraman zuten, eta, naziak Frantzian sartu zirenean, berriro ere Mediterraneo aldera itzuli zen. Espainiako Alderdi Komunistak, kontzentrazio esparruetatik atera, eta Espainiara bidali zuen, Euskadiko Alderdi Komunista berrantolatzeko eta Espainiako alderdikideei mundu osoan zeuden multzo komunisten berri emateko. Madrilen zebilela hil zuten, beste hainbat militanterekin batera. Hil zutenean, urtebete zeraman EAK-ko idazkariburu gisa.
79 urte dira hil zutela. Haren ibilbidea ikusita, zergatik ez da ezagun izan Karreraren bizitza?
Hori da dokumentalaren helburu nagusia, Karreraren kasua ezagutzera ematea. Niri Aitzol Arroyok deitu zidan 2018an, esanez Hondarribiko komunista bat desobiratu behar zutela, eta ea graba genezakeen. Hasiera-hasieratik denak harritu ninduen, eta, are gehiago, jakin nuenean EAK-ko idazkariburua ere izana zela. Arraroa da inork haren bizitza lehenago aztertu ez izana, eta, are gehiago, herrikideentzat eta familiarentzat ia ezezaguna izatea.
Zer zekien familiak hari buruz?
Horrelako kasuetan, normalean, bizirik dagoen norbaiten aitona edo amona izaten da aztertutakoa, baina, Jesus Karreraren kasuan, haren ilobek parte hartu dute ikerketa prozesuan. Pasarteren bat edo beste kontatu zieten haien gurasoek; esaterako, behin goizeko ordu txikietan esnatu zituztenekoa anaia agurtzeko, adibidez. Karreraren anai-arrebek ere ez zuten ia ezagutu ere egin anaia, eta, gainera, beldurragatik, familiak ez zuen hari buruz ezer zabaldu herrian.
Zergatik desobiratu zuten haren gorpua?
Jesus Karrerari buruzko ikerketa bat egin ondoren, haren kasua jakinarazi nahi izan zuten. Bere hurbileko familiak ez zuen ezer jakin nahi izan, beldurragatik edo, baina ilobek osabaren hezurrak Hondarribira ekarri nahi izan zituzten. Aranzadiren laguntzarekin egin zuten desobiratzea, eta Paco Etxeberria ere han izan zen.
Nolakoa izan da dokumentala sortzeko prozesua?
Erronka handia izan da. Ez genekien nola kontatu istorioa, protagonista bera eta haren ondoan egondako guztiak hilda daude eta. Beste batzuen bitartez eta adituen laguntzarekin, testuinguru historiko ezberdinetan barrena bidaia bat egiten saiatu gara. Harekin militantzian ibilitako batzuen testigantzen bideoak aurkitu ditugu, eta, ikus-entzunezko eduki hori dokumentalean erabili arren, jada hilda dagoen jendea ageri da. Dokumentalean lanik zailena izan da alde hunkigarria eta entretenigarria, biak, lortzea.
Merezi zuen aitortza jasotzen ari da orain?
Baietz esan daiteke. Karrerak merezi zuen aitortza, egin zuen ibilbideagatik, baina haren antzeko bizitza izan zuten milaka pertsonarentzat ere bada Karrerari egindako aitortza. Euskal Herrian Karrera bezalako jende asko egon zen garai haietan, eta, zeharka bada ere, haiei ere aitortza egin nahi izan diegu dokumentalarekin.
Desobiratzea grabatu zenutenean, ordurako jada dokumental bat egiteko asmoa zeneukaten?
Aitzolek [Arroyo] Alcalakoa grabatzeko esan zidanean, ni ezin izan nintzen joan, baina lagun bat joan zen nire ordez. Gero, artean dena presente zegoenean, familiako kideak elkarrizketatu genituen kamerarekin. Azkenean, ordu askoko lanaren ondoren egin dugu Hondarribiko gorria dokumentala.
Pelikula bat egiteko modukoa da istorioa.
Egin daiteke, bai. Askotan, fikziozko pelikulak ikusten ditugu, eta ikusten ari garen hori errealitatean gerta ote zitekeen pentsatzen dugu. Karrerari dagokionez, baiezta dezakegu baietz. Klandestinitatean bizi izan zen, bere komunikazio sistemekin, ezizenekin, dokumentazio faltsuekin, mugak behin baino gehiagotan zeharkatu zituen... Pelikula baterako ematen du, bai.
LOTSABAKO
Nola laburbilduko zenuke Jesus Karreraren bizitza? Intentsitate handia denbora gutxian.Pelikula bat?La trinchera infinita.Euskal Herriko txoko bat? Jaizkibel mendiko lehenengo dorrea.