ATZEKOZ AURRERA. Idoia Telleria eta Isa Agirre. Ihitten elkarteko kideak

«Dokumentala herriko ondare bilakatu da»

Lasarte-Oriako hiru belaunalditako emakumeen eguneroko pasadizoak bildu dituzte dokumental batean, eta istorio horiekin herriak izandako bilakaera erakutsi dute.

JON URBE / FOKU.
Igone Urtaza
Lasarte-Oria
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Oria ibaia zumez inguratuta dago Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Ehun natural horiek txirikordatuz, ontziak eta saskiak sortzen dituzte. Ihitten elkarteak herriko emakumeen testigantzak ditu zume. Herriaren historia emakumeen istorioekin txirikordatu dute. Dokumental bat izan da emaitza: Lasarte-Oria: historia zumez egina. Ez da herriko historiaren errepaso kronologikoa, emakumeen istorioak lotuz egindako ibilbidea baizik. Emakumeen egunerokotasuneko pasadizoak bildu dituzte.

Idoia Telleria (Lasarte, 1977) eta Isa Agirre (Lasarte, 1967) Ihitten elkarteko kideak dira. Duela bi urte ezagutu zuten elkar, eta, geroztik, hainbat ikus-entzunezko proiektutan jardun dute elkarrekin. Izan ere, ikus-entzunezkoen alorrean lanean ari diren emakumeek sortu zuten Ihitten, istorioak kontatzeko, euskaraz eta begi feministarekin.

Zer moduz joan dira estreinaldiak?

ISA AGIRRE: Guztira, hiru emanaldi egin ditugu Lasarte-Orian. Lehena, ekainaren 18an. Jendearen erantzuna ona izan da. Dokumentala luzeegia izan ez zedin lan egin genuen; herritarrei, ordea, laburra iruditu zaie. Gehiagoren gogoz geratu direla adierazi digute.

Nola antolatu zineten dokumentala prestatzeko?

IDOIA TELLERIA: Ihittenen Lasarterekin lotura duten hamahiru emakume gaude. Dokumental honetan, ordea, zazpi kidek parte hartu dugu. Norberak elkartearekin tartekatzen dituen proiektuen arabera antolatzen gara.

AGIRRE: Ni dokumentalaren bideo grabaketez arduratu nahiz, batez ere.

TELLERIA: Nire ardura, al diz, argazkilaritza izan da. Elkarrizketatuak irudikatu ditut, besteak beste. Guretzat garrantzitsua zen emakumeen aurpegiak eta eskuak argazkietan jasotzea. Eskuekin lan egiten dugu; izan ere, guretzat, txirikordatzearen eta saretzearen ikur dira.

Zerk bultzatu zintuzten dokumentala egitera?

AGIRRE: Pandemia garaian elkar ezagutu genuen, eta taldekide batek Lasarte-Oriaren inguruan dokumental bat egiteko nahia aipatu zuen.

TELLERIA: Isak kafe bat hartzera gonbidatu ninduen. Etxeko itxialditik atera ostean terraza batean egon ginen lehen aldia izan zen biontzat. Ez genekien non eseri, musukoa jantzi... Geroztik, dokumentala eta elkartea saretzen joan gara.

AGIRRE: Emakunderen eta herriko udalaren diru laguntzarekin eta babesarekin lortu dugu proiektua aurrera ateratzea.

Nori gomendatzen diozue dokumentala?

AGIRRE: Edonori. Adineko jendearen artean ikusmin handia sortu du, herriko emakumeak protagonista dituen dokumentala baita. Lasarte-Orian jaio ez den baina herrira bizitzera etorri den jendearentzat ere gomendagarria da, bizi diren herriaren historia ezagutzeko.

TELLERIA: Gazteentzat ere abesgarria izan liteke dokumentala ikustea. Nire alaba, dokumentala ikustera joan, eta harrituta geratu da azken mendeetan Lasartek izan duen aldaketarekin. Hori dela eta, urrirako, Oriarte Institutuko ikasleek dokumentala ikusi ahal izango dute. Gerora, seguruenik, emango dugu produktuaren berri.

Adin guztietako jendearentzat interesgarriak izan litezkeen gaiak ukitzen ditu dokumentalak: euskara, historia, migrazioa...

Zer gehitzen dio dokumentalak herriari?

TELLERIA: Dokumentala herriko ondare bilakatu da. Jaso egin beharko litzateke, auzokideek herriaren bilakaera ezagut dezaten. Lasarte-Oriaz hitz egiten badu ere, inguruko herrietako historia ere antzekoa da, euren herria irudikatuta ikus dezakete.

Elkarrizketatuekin anekdotarik izan duzue?

AGIRRE: Elkarrizketa egiten hasi eta, batez ere, helduek, esaten ziguten ez zutela zer kontaturik. Elkarrizketa hasi orduko, ordea, sekulako istorioak kontatzen zizkiguten. Marisa Martin herriko Emakumeen Zentroa ireki zuen lasartearrak, esaterako, anekdota ugari kontatu zizkigun.

TELLERIA: Zentrora ura iristen ez zelako alkatearengana joaten zela azaldu zigun. Ez omen zen isilik geratu, bidegabekeria iruditzen zitzaion. « Alkatearen etxera? Hara goaz orduan! Poliziak etortzen ziren, baina ez zitzaigun axola!» [Antzeztu du , algara artean].

Jarraipenik egiteko asmorik baduzue?

AGIRRE: Dokumental bat bukatu ostean, dolua iristen da. Zaila da informazio eta emozio asko partekatu eta gero haietatik urruntzea. Dokumentalean txertatu ez dugun informazioarekin beste formatuetan oinarritutako zerbait sortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.