Doinuen eta hitzen aurpegien balioa

Diskoei azalak egiteak salmenten gorakada ekarri zuen: «iraultza» bat izan zen musikaren industrian. Azalek diskoaren mamia laburbiltzen dute, eta adituek diote digitalizazioa dela-eta disko gutxiago saltzen diren arren musikariek asko zaintzen dutela beste euskarri eta edukien diseinua.

MIKEL LABOA - LA POLLA RECORDS - EÑAUT ELORRIETA - OSKARBI - LUPE - KORTATU.
ane insausti barandiaran
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Izan liteke eskuz marraztutako irudi bat, edozein estilotan. Izan liteke argazki bat, edo izan liteke diseinu grafikoaren bidez sortutako ilustrazio bat. Artisten sormenaren araberakoak dira azalak, baina baldintza bat bete behar dute: diskoaren mamiarekin nolabaiteko lotura izan behar dute. Horiek baitira noten eta hitzen aurpegia, entzulearen buruan: begiekin irudikatzen baitu entzuleak diskoan zer aurkituko duen.

Eresbil musikaren euskal artxiboaren enkarguz, Euskal Herriko 4.000 diskoren azalen artean 600 hautatu eta aztertu ditu Mikel Bilbaok, EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakasleak.1960ko hamarkadatik 2010eko hamarkadara bitarteko azalak dira, eta bi irizpide hartu ditu aintzat: batetik, artista edo diseinatzaileen garrantzia, eta, bestetik, diseinuaren edo artearen ikuspuntutik, kalitatea. Ikerketawww.eresbil.eus/sites/karatulak/eu/ webgunean dago irakurgai.

Diskoen azalak artea direla aldarrikatzea da ikerketaren asmoa, Bilbaok azaldu duenez: «Artista eta diseinatzaileei ikusgaitasuna ematea zen garrantzitsuena niretzat. Izan ere, askotan, disko hauek gustatzen zaizkigu, etxean dauzkagu, baina ez dakigu nor dagoen azalaren atzean».

1940. urtean argitaratu zen lehenengoz binilo baten azala: Smash Songs Hits. Alex Steinweiss AEBetako diseinatzaileak egin zuen, Columbia diskoetxearentzat. Azala «sinplea» zen, eta abestien bilduma bat zekarren biniloak. Musikaren industria, ordea, 50 urte lehenago sortu zen, eta, ordura arte, eduki musikalak gordetzeko objektu soil bat baino ez ziren diskoak industriarentzat. Paperezko zorroetan saltzen ziren, azalik gabe: «Sekulako arrakasta izan zuen, salmentek izugarri egin zuten gora, eta hortik aurrera hasi ziren azalak egiten. Baina, pentsa, horren aurretik paper lodiko zorroetan saltzen ziren: ez zeukaten ez irudirik, ez ezer».

Horren ondoren, marketin estrategia bihurtu ziren azalak, eta sekulako iraultza ekarri zuten. Musika aurkezteko modu berri bat zirenez, bazuten «erakarpen puntu bat», Bilbaoren ustez. «Nik, abesti bat gogoratzen dudanean, ez dut doinua bakarrik gogoratzen. Beti etortzen zait gogora azalaren irudia ere. Beraz, musikaren eta irudiaren arteko fusio hori hor hasi zen, eta hor iraun du ia gaur arte».

Nork egiten zituen azalak?

Azalen sortzaileen artean denetarik egon dela aipatu du Bilbaok. Hasieran, artistek egiten zituzten gehienbat, eta gerora sortu zen diseinatzailearen figura: Steinweissen garaian, gutxi gorabehera. Hortaz, azal batzuk eskultore edo margolari ezagunek egin izan dituzte, Bilbaoren hitzetan: «Horrela izan da beti: azal batzuk diseinatzaileek eginak dira, eta beste batzuk artistek eginak. Artisten artean, oso ohikoa izan da azalek interesa piztea. Adibidez, Salvador Dalik, Joan Mirok, Andy Warholek... denek egin zituzten diskoen azalak».

Eta Euskal Herria ez da salbuespena, euskal artisten presentzia nabarmena baita musika taldeen azaletan: Nestor Basterretxeak Ez Dok Amairuren eta Benito Lertxundiren lehen diskoen azalak egin zituen; Jorge Oteizarena da Oskarbi taldearen azal bat; Jose Luis Zumetak Mikel Laboaren asko eta asko egin zituen, harreman estua zutelako... Izen eta azal ugari aztertu ditu Bilbaok, beraz: «Rafa Luiz Balerdi, Dora Salazar, Juan Luis Goenaga, Itziar Barrio, Laura Estebe... Izen oso ezagunak dira, eta oso azal onak egiten zituzten».

Artearen eta diseinuaren munduko korronteak azaletan islatuta daudela dio ikerlariak. Pop artea, esaterako, XX. mendearen erdialdean sortu zen: «1960ko azken urteetako disko batzuk, Felix Garridok diseinatutakoak, adibidez, pop estilokoak dira. Lupe abeslariaren azala zen, eta, izena kenduz gero, New Yorken egindako azal bat dirudi, eta ez Euskal Herrikoa, guztiz pop estilokoa eta psikodelikoa baita».

Korrontea bezala, disko hori argitaratuko den lekuko errealitate sozial eta politikoa ere islatzen dute azalek. Alderaketa bat egin du: «1980ko hamarkadan, gure errealitate sozial, ekonomiko eta politikoak ez zeukan zerikusirik Madrilekin, adibidez, eta egiten zen musikak ere ez. Hori azaletan antzematen da». Madrilgo movida-ko taldeen azalek, adibidez, «beste goxotasun bat daukate», Euskal Herriko La Polla Recordsen eta Negu Gorriak-en azalekin alderatuta.

Bada aldatzen ez den zerbait, ordea: emakumeen ikusgaitasunik eza. Beste esparruetan gertatzen den bezala, emakume artisten edo diseinatzaileen azalak «bigarren mailan» geratu izan direla esan du Bilbaok, eta, hain zuzen, horiek berreskuratu nahi izan dituela ikerketan, balioa emateko. Ez gizonengandik bereiz, edo emakumeei tarte berezi bat emanez, besteekin nahastuta baizik.

Bilbaoknahi du ikerketa hau abiapuntu izatea, atzetik datozen ikerlariek eta artistek gaia sakonago aztertu dezaten: «Beti esaten dut nire lanarekin bidea irekitzen ari naizela, beste ikerlari batzuek lerro horri jarraitzeko. Nire ikerketa, alde horretatik, lehen pausoa da, artisten lana gehiago baloratzeko». Izan ere, «ikertzen ez dena ez da ezagutzen».

Talkaren bila

Eider Corral diseinatzaileak urteak daramatza diseinuaren munduan, eta Eñaut Elorrieta eta Ruper Ordorika musikarien eta El Columpio Asesino taldearen diskoen azalak egin ditu; Silvia Perez Cruz kataluniarrarentzat eta Cristina Rosenvinge madrildarrarentzat ere egin du lan, bestalde. Ikusi du diskoak garrantzia galdu duela euskarri gisa, baina, aldiz, uste du diseinuaren garrantzia ez dela apaldu.

Corralek argi dauka zer izan behar duen disko baten azalak, ezinbestean: «Nolabaiteko talka sortu behar du». Lehen begiratuan erakargarria izan behar du entzulearentzat. Baina, noski, barruko edukiekin lotura izan behar du: «Barruan aurkituko duzun horrekin nolabaiteko harremana garatu behar du azalak, segundo batean. Gainera, askotan ez daukate hitzik; orduan, mezua erabat bisuala da». Eta irudi bidezko mezu hori izan daiteke irakurtzeko oso erraza, oso literala, edo oso metaforikoa. Halere, dela kolorea, dela tipografia, edo dela konposizioa, «nolabaiteko interesa edo grina sorrarazi behar du».

Artista bakoitzak lan egiteko modu bat duela azaldu du Corralek, batzuetan bitartekariak, diskoetxeak edo zigiluak daudelako tartean. Eñaut Elorrietaren kasua kontatu du: duela hiruzpalau urte deitu zion, Irteera argiak diskoaren azala egin zezala eskatzeko: «Eñaut, adibidez, diskoa oraindik hastapenetan dagoenean hasten da taldea antolatzen, eta lehen pausoetatik egon zaitezke hartan. Eta horrek ideia eta testuinguru pila bat ematen dizu. Eñautekin ez dago bitartekaririk: harremana harekin izaten duzu».

Ruper Ordorikaren kasua, berriz, «berezia» izan zen: Bilboko Kafe Antzokiak argitaratutako disko bati egin zion Corralek azala, Ordorikak bi kontzertu ematen baititu han urtero, abenduan. «Kafe Antzokiak kontzertua grabatu nahi zuen, eta disko bikoitz bat atera. Orduan, Ruperrekin egon ginen asteburu batez. Hau da, nik, aurretik, Kafe Antzokiko taldearekin egin nuen lan, baina, gero, asteburu osoa eman genuen Alex Rademakers argazkilariak eta biok bi kontzertuak, entseguak eta gertatu ziren guztiak dokumentatzen. Oso lan dokumentala izan zen».

Beraz, ez dago bete beharreko metodologia zuzen bat, Corralen iritziz. «Faktore pertsonal» ugarik eragiten dute lan egiteko moduan, baina, haren ustez, batzuetan nahikoa da diskoa entzute hutsarekin, eta beste batzuetan, berriz, testuinguru gehiago behar izaten dute diseinatzaileek.

Hori bai, artistarekin hitz egitea ezinbestekoa dela iruditzen zaio: «Musika munduan, normalean, artistek zeresana eduki nahi izaten dute beren artelanetan. Musikaren inguruko jakintza pila bat daukate, haien lana eta hitzak sakonak dira. Hortaz, elkarrizketa horretan ere asko ikasten dut. Normalean, lanek hobera egiten dute horrela».

Corralek zera dauka irizpidetzat: «metodologia kontzeptual batetik» abiatuta lan egitea. Hau da, kontzeptu trinko bat sortzea, diskoaren mamia laburbildu dezakeena: «Disko bat egitea ez da entzun dituzun kanten itzulpen bat egitea, baina lotura bat behar da, ezinbestean. Eta ez da musikariak esaten dizun gauza hori bera irudi bilakatzea, baina bai horrekin kontaktuan egotea». Horregatik, baliagarri zaio abestiak entzutea, artistarekin hitz egitea eta kontzeptu bat sortzea. Gero, ideia edo kontzeptu hori garatuz joaten da, geruzak gehituz.

Tarteka, baten eta bestearen ideiak uztartzeko garaian, «negoziatu» beharra ere izaten dute. Izan ere, artistentzat disko horiek haien «haurrak» dira, «xehetasun eta arreta handiz egindako lanak», eta garrantzitsua da egiten dutena zergatik egiten duten azaltzea, haien lanean konfiantza izan dezaten: «Diseinatzaileok badakigu irudiek zer eragin daukaten, eta irudien aurrean zer pertzepzio daukagun pertsonok. Eta diskoen kultura grafikoa ere sakonki ezagutzen dugu. Orduan, batzuetan, artistari hau guztia islatu behar diozu».

Azala baino gehiago

Gaur egun, ordea, azalak egitea ez da diseinatzaileen lan bakarra musikaren arloan. Izan ere, lehen, euskarri bakar bat diseinatzen zuten, azalekoa, baina, orain, beharrezkoa da «sistema oso bat» sortzea, diskoarekin lotutako eduki guztiak blaitzen dituena: kartelak, bideoklipak, sare sozialak, argazki sesioak... «Sistema horrek euskarri eta kode asko ditu. Batzuk mugitzen dira, eta besteak ez; batzuek soinua dute, eta besteek ez... Harremana izan behar dute haien artean, baina ezin dira berdinak izan».

Lan baldintzei dagokienez, baldintza profesionaletan lan egitea lortu duela adierazi du. «Urte pila bat daramatzadanez lanean, baldintza profesionalak ditut. Baina kultura eta artea ez dira sektore estrategikoak, sekulako dirutza mugitzen dutenak. Beti gabiltza hortxe-hortxe, prekario, eta gauzak polit egiten, askotan behar baino diru sarrera gutxiagorekin». Baina hori musikariei ere gertatzen zaiela onartu du, eta, sektorearen arazoa izanik, horrelako argitalpenetan «nolabaiteko militantziaz» aritzen direla uste du.

Azalen egileak hain ezagunak izan ez arren, Corralek uste du artistek dagokion garrantzia ematen diotela diseinuari: «Pentsatzen dut Euskal Herrian geroz eta gehiago direla diseinuari edo alde bisual horri garrantzia ematen dioten artistak. Belaunaldi ezberdinetako jendea da, gainera. Oso lan onak egiten ari direla uste dut, eta hor bai, nolabaiteko garapena ikusten dut».

Etengabe aldatuz doa diseinuaren diziplina, musikan bezala, gainerako arloetan ere. Baina, hori bai, leku guztietan dago: «Dena da diseinua. Gaur jantzita daukagun arropa, edo eserita gauden eserlekua, eskuan daukadan sakelakoa: guztiak norbaitek diseinatu ditu», biribildu du Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.