ATZEKOZ AURRERA

'Djeredieuf', Txantrea

Bukaera zoriontsua izan du Cheikhouna Dieng senegaldar-txantrearraren auziak. Kanporatze agindua jaso eta sorterrira itzultzear zela, lana aurkitu du Iruñean. Auzoan ospatu dute.

Cheikhouna Dieng, erdian, elastiko ilunarekin, lagunek inguratuta. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Senegalen, wolof hizkuntzan, badago hitz bat definitzen duena etxean kanpotarrei egiten zaien harrera ona eta abegitsua: teranga. Senegaldik ihes egin eta Euskal Herrira iritsi zenean, Cheikh Dieng Cheikhouna gazteari kosta egin zitzaion teranga inon topatzea. «Lanik eta paperik gabe nengoela, kaleko saltzaile, damutu egiten zitzaidan etorri izana», gogoratzen du, burumakur. Berehala marraztu zaio, baina, irribarre zabala aurpegian. Lasaiago bizi da orain, kanporatze aginduaren Damoklesen ezpata buru gainetik kenduta. «Loteria irabazi banu bezala sentitzen naiz». Ez zaio loteriako saririk egokitu, baina bai lan kontratu bat, autogintza sektoreko lantegi batean, Iruñean. Horri esker heldu zaizkio herritartasun paperak ere. Eta lasaitasun apur bat.

Une latzetan nahiz gozoetan, Cheikhounak aldamenean izan ditu Iruñeko Txantrea auzoan egin dituen lagun guztiak. «Familia ederra aurkitu dut hemen», dio behin eta berriz. Orain bai: orain teranga aurkitu du. Baina ez da hori ezpainetara datorkion lehen woloferazko hitza, djeredieuf baizik. «Djeredieuf, Txantrea. Djeredieuf, Iruñea. Djeredieuf, Euskal Herria», esan du, haren omenez egin duten bazkariaren bukaeran. Euskaraz esatera ere animatu da: «Eskerrik asko!».

Izan ere, dozenaka lagun elkartu dira Arriurdiñeta plazan, auzokideek antolatutako bazkari-omenaldian parte hartzeko. Senegaldarrak batzuk; nafarrak beste asko. «Txantrearrak, denak», laburbildu du Cheikhounak. «Finean, ospatu nahi duguna da Cheikhounak eskubide osoa duela hemen ibiltzeko, lan egiteko eta libre bizitzeko. Zuk, nik edo beste edonork bezalaxe», gaineratu du Raul Buti txantrearrak. Bera da bazkariaren antolatzaileetako bat.

Senegaldarraren defentsa juridikoa ordaindu ahal izateko, diru bilketa egin zuten auzoan, eta sobratu zaienarekin ordaindu dute oturuntza. Afrikako Lorea elkartea arduratu da Senegalgo arroz tradizionala prestatzeaz. «Auzoari ere eskerrak emateko modu bat da», azaldu dute.

Duela 11 urte atera zen Cheikh Dieng bere sorterritik. Beste hainbatek bezala, txalupan egin zuen Europarako bidea. Senegal, Kanaria, Madril, Iruñea. Hori izan zen haren ibilbidea. Hurrengo hamarkadan, kalerik kale ibili zen, CD piratak eta bestelakoak saltzen. Hala, lagun ugari egin zituen Txantreako taberna eta elkarteetan. Sadarrera ere eraman zuten, Osasunaren futbol partidak ikustera.

2016ko abenduaren 22an, baina, identifikatzeko eskatu ziotenbi gizonek. Espainiako poliziak ziren, kaleko jantzita. «Paperak eskatu zizkidaten, eta nik ezetz. Ez nuela halakorik. Galdetu zidaten ea inoiz arazorik izan nuen. Nik ezetz, berriz. Orduan esan zidaten paperik ez banuen kanporatzen ahal nindutela», gogoratu du Cheikhounak. Epaiketan, fiskaltzak aitortu behar izan zuen Cheikhounaren gizarteratzea «ereduzkoa» zela, baina epaileak eutsi egin zion kanporatze aginduari.

Une horretantxe hasi ziren Txantreako auzokideak mugitzen. «Bagenekien lan kontratu batek prozesu osoa geldiaraziko zuela, eta harrien azpian ere begiratu genuen», azaldu du Fermin Vierge bizilagunak.

Aurtengo apirilean lortu zuten. Cheikhounak maiatzean jaso zuen bere lehen soldata. Dirua aurrezten ari da orain, urtarrilean Senegalera itzuli eta familia bisitatzeko. 11 urte dira ikusten ez dituela: «Oso gaizki pasatu dute, baina esanen diet Euskal Herrian beste familia bat aurkitu dudala, eta zoriontsu bizi naizela orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.