Beñat Arzadun Mundukide fundazioko kidea da (Errenteria, Gipuzkoa, 1973), eta garapen proiektu bat abian jartzeko heldu zen Niassara (Mozambike). Hogei urte daramatza jada han, eta proiektuak 10.000 baserritar baino gehiagori ematen die laguntza.
Proiektu batek eraman zintuen Mozambikera. Nolakoak izan ziren aurreneko pausoak?
Proiektuak garapen sozioekonomikoa du ardatz. Beti izan da hala, baina hasieran zabalagoa zen: nekazaritza, hezkuntza, osasuna... biltzen baitzituen. Urte batzuen buruan konturatu ginen arlo produktibo-komertzialean genituela emaitzarik onenak; balio erantsia, alegia, eta hor zentratu ginen.
Zergatik aukeratu zenuten Mozambike proiektu hori garatzeko?
Mundukideren sorreran bertan, 1999an, argi zegoen munduan beharrik gehiena Sahara azpiko Afrikan zegoela. Mozambikek bi gerra zituen pasatuak, bigarrena 1992an bukatua; erabat txikituta zegoen, hiru edo lau herrialde pobreenen artean, baina bazirudien bide onetik zihoala. Herria bera hobetzeko gogoa eta gaitasuna zegoela baloratu zen.
Zer harrera izan zenuen?
Guk ez genuen txalorik eskatzen. Hemengoek ondo hartu zuten lan egiteko gogoa zeukan jendea.
Zeintzuk izan ziren lehenengo urratsak?
Hasierako lanaren zati oso garrantzitsu bat izan zen ikustea, entzutea eta ulertzea jendea nola bizi zen eta zergatik bizi zen horrela, zergatik egiten zituzten gauza batzuk modu batera eta ez bestera. Kontu asko albo batera utzi behar izan genituen berriak ikasteko.
Zeintzuk dira Mozambikeren eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasun nagusiak?
Zirkunstantziak. Pertsonak, funtsean, oso antzekoak gara bazter guztietan. Kontua da testuinguruaren arabera bizitzarako estrategia ezberdinak sortu behar direla. Hango eta hemengo bizi baldintzek ez dute zerikusirik. Mozambiken, urtean 200 eurorekin bizi behar du bost kideko familia batek. Horrek asko baldintzatzen du bizimodua eta jarrera. Emakumezkoek, batez beste, zazpi ume egiten dituzte; bizi itxaropena 50 urte baino gehixeagokoa da; umeen %10 5 urte bete baino lehen hiltzen dira...
Zer moduz moldatu zinen bizi baldintza berri horietara?
Bizi baldintzak, argirik eta ogirik gabe egoteak eta abar, ez ziren hainbesteko arazoa izan. Pertsona bakoitzari desberdin eragiten dio. Gogorra egiten dena da horrenbesteko miseriaren erdian bizitzea. Sufrimendu itzela dago, eta ezin duzu dena konpondu; gai batzuetan aritzen bazara, ezin zaitezke beste batzuetan aritu. Eragin gehien non izan dezakezun erabaki, eta indarrak hor jarri behar dituzu.
Egoera asko aldatu da. Zertan antzeman duzu?
Hasieran ez zegoen argindarrik, ez kanilako urik, ez medikurik, ezta telefonorik ere. Medikuarenera joan ginen lehenengo aldian, lau ordu egin behar izan genituen autoz. Aurreneko hamar urteetan, osasun zerbitzuak pixkanaka zabalduz joan ziren. Gaur egun, distritu guztietan dago medikuren bat, hezkuntza zerbitzua, argindarra... Hala ere, distritu bakoitzean medikua egoteak esan nahi du Nafarroaren tamainako lurralde batean, gutxienez, mediku bat dagoela.
Eta azken hamar urteetan?
Pixkanaka hasi da baserritarren ekonomia hobetzen. Baserritar gutxi batzuk hasi dira Mozambikeko soldata minimoa adina irabazten, baina ez dira %10era iritsiko.
Koronabirusa jada heldu da Mozambikera. Zer moduz, orain arte?
Europan zer gertatu den ikusita, beldurtuta daude. Apiril hasieran, eskolak itxi zituzten, eta jende asko ibiltzen den lekuetan muga batzuk jarri dituzte. Ez dago gaitasunik testak egiteko; beraz, inork ez daki gaixotasuna asko edo gutxi zabaltzen ari den. Hurrengo asteetan ikusiko da, hildakoen kopuruaren arabera. Merkatuak ezin dira itxi, eta gobernuak ez dizu aldi baterako erregulaziorik ordainduko.
Nola eragin dio zure lanari?
Gure kezkarik handiena da baserritarrei diru sarrerak ematen dizkieten produktu nagusiak esportaziokoak direla. Mozambikek neurriak jarri ditu mugak zeharkatzeari dagokionez, eta, beraz, arduratuta gaude, hemendik aurrera uzta saltzeko garaia delako, eta bi hilabetetan saltzen den uztaren zatia delako baserritarren urte osoko diru sarrera bakarra. India, Bangladesh eta Txina izaten dira Mozambikeko produktuak gehien erosten dituzten herrialdeak, eta ikusteko dago uzta ohi bezala saldu ahal izango den.
Etorkizunean zeure burua Mozambiken bizitzen ikusten duzu?
Aspaldi erabaki nuen ez duela merezi etorkizunerako plan asko egitea, bizitzak buelta asko ematen baititu. Proiektuak oso emaitza onak ditu; ase egiten nau lanak.
TXAPELA BURUAN. Beñat Arzadun. Mozambiken bizi den errenteriarra
«Distritu guztietan dago medikua egun»
Arzadunek hogei urte daramatza Afrikan. Uste du oraingo egoerak ez duela zerikusirik hasierakoarekin, baina argi du badela zer hobetu. COVID-19ak nekazaritzan izango duen eraginak kezkatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu