Disneyko Olentzerori, egurra

Azken hamarraldietan asko aldatu da Olentzeroren irudikapena eta funtzioa. Egur puska bat zen lehen, eta hezur-haragizko Bizarzuri txapelduna da orain. Zenbait tokitan kezkak sortu dira bilakaera horrengatik, eta eredu berriak plazaratzen hasi dira, Olentzerok genero jakinik ez duela aldarrikatuz.

Filmetan bezala. Toki batzuetan, Olentzero eta Mari Domingiren irudikapenak badu Disney kutsua. Irudian, Bilbo. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Iker Tubia.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Egur bat. Ez gizon eta ez emakume. Ez ikazkin eta ez beste lanbide. Olentzero egur puska bat zen. Are, neguko solstizioan sutan sartzen zen enborra. Naturari lotutako errituala da Eguberrietako ospakizuna, eta haren ardatza, eguzkia eta solstizioa. Eguzkia bere espresiorik ahulenera ailegatzen da, gero berriz indartzeko. Baserrien atarietan suak pizten ziren toki askotan, uda ailegatzean egiten den moduan.

Egur puska hori panpina bihurtu zen gero, eta hezur-haragizko pertsona azkenerako. Bizarzuri bilakatu zen pixkanaka, gaur egun gehien zabaldurik dagoen irudikapenera ailegatu arte. Eta, ondoan, Mari Domingi: zutik, laguntzaile, batzuentzat amorante, eta ia beti bigarren mailako. Bai irudikapenak, bai parekidetasunik ezak kezka piztu du zenbait tokitan. Hori dela eta, Oier Araolaza dantzari eta Dantzan.eus-eko kudeatzailea han eta hemen aritu da azkenaldian Olentzerori buruzko hitzaldiak ematen. Batzuk hasiak dira eredu berriak sortzen eta kaleratzen.

Olentzero bizia hartuz joan den egur puska bat da, beraz. Berdin gertatu zen, adibidez, Katalunian, Tio de Nadalekin. Olentzero panpina askotarikoa zen XX. mende hasieran, eta irudikapen horietako bat gizon ikazkinarena zen. Hain zuzen ere, Euskal Herri osora eredu bakar gisa zabaldu dena. Iruñean Lesakakoa (Nafarroa) hartu zuten eredu, nahiz eta han ere ez den eredu bat eta bakarra, kuadrilla bakoitzak bere panpina egiten baitu. Hala ere, eredu hori gailendu da.

Bizitza hartze horretan, Olentzero hezur-haragizko pertsona bihurtu zen, eta, orduan, genero marka inoiz baino agerikoago agertu zen bere irudikapenean. Ordurako abiatua zen Olentzero Bizarzuri bihurtzeko prozesua, eta, gaur egun, bi pertsonaiak ia bat dira. Dagoeneko, «urardotutako Olentzero» da nagusi, Araolazaren ustez.

Dantzariak uste du dagoeneko nekez bereizi daitezkeela Olentzero eta Bizarzuri: «Orain dela hamarkada batzuk bazuen izaera transgresorea edo, behintzat, gero hartu dituen ezaugarri komertzialetik urrundua: pertsonaia zakarra, tripontzia, jatuna eta edalea... Umeekiko harremanean ere, ia-ia izaki beldurgarria zena bigunduz, samurtuz eta gozatuz joan da, salgarriago eginez, eta merkatuak eskatzen dituen ezaugarrietara egokituz». Emaitza: Bizarzuri txapelduna.

Prozesu hori ez da soilik pertsonaiaren estetikan gertatu. Olentzeroren funtzioa ere aldatu da. Izan ere, gazteak eske errondetan laguntzen zituen lehen, eta opariak ekartzen ditu orain. «Zerbait eskuratzeko norberak zerbait egitea eskatzen zuen, festarekin jarrera aktibo bat, baina hori irauli da erabat, eta izaera magiko bat aitortu zaio Olentzerori. Beraz, orain bakarrik gutuna idatzi behar zaio nahi ditugun gutizia guztiak jasotzeko». Azken finean, Olentzero karikatura bihurtu delakoan da Araolaza. «Disney karikatura bat, bere estetika eta izaera txepelarekin».

Bilakaera hori progresio bat izan da, eta hamarkada bakoitzean ezaugarri batzuk gehitu zaizkio Olentzerori. Bada instituzionalizazio garai bat: udalek eta hezkuntza sistemak Olentzero bere egin zutenekoa. «Joko identitario-politiko bat izan da, Errege magoei aurre egiteko. Euskal munduak ongi jokatu zuen, euskal sinbolo bat izateko». Horren ondoren, beste olatu bat etorri zen: komertzializazioa. Merkataritza industriak Olentzero ustiatzeko aukera ikusi zuen, eta erosleak harrapatzeko ezaugarririk egokienak esleitu zitzaizkion. «Horretarako, errituen infantilizazioan sakondu egiten da».

Horra, horra, Mari Domingi

Halako batean agertu zen Mari Domingi, berehala Euskal Herri osora zabaldu zen pertsonaia. Araolazak esan duenez, duela hogei urte inguru plazaratu zen lehenbizikoz, Donostian, euskara elkarte baten inguruan. Dirudienez, ez zuten egin genero berdintasunagatik edo Olentzerori bikote bat jartzeko. «Gauza bat da hasierako ideia, eta beste bat horrek duen ibilbidea. Garbi dago momentu batean zenbait eragilek eta hezkuntza alorrak emakume irudi bat izateko aukeratzat hartu zutela».

Asmoa ona izan arren, gerora kezkak eta kontraesanak agertu dira. «Kezka agertu da ez ote garen ari heteroaraua eta ikuspegi binarioa berriz ere erreproduzitzen. Askotan ageri da Olentzeroren bikote, Olentzeroren laguntzaile, Olentzeroren... beti Olentzeroren zerbait. Bigarren mailako pertsonaia», azaldu du dantzariak.

Eta horren aurrean, zer? Bada, tradizioaren sustraietara jotzea proposatu du Araolazak. Eta hor, panpina izan daiteke halako kontraesanak gainditzeko modua. Izan ere, eredu orokorra gailendu aurretik, askotariko Olentzeroak ziren Nafarroa iparraldean eta Gipuzkoan. Leitzan (Nafarroa), adibidez, Orantzaro deitzen diote Eguberriko bestari. Fernando Oiartzunek azaldu du etxean aditua zutela emakume ere bazela Olentzero: «Ez zen irudi bakarra. Familia bakoitzak nahi zuen irudia egiten zuen: mamua, amona zaharra, segalaria...».

Herritar talde batek elkarrizketak egin zizkien 36ko gerra baino lehen sortutako leitzarrei, orduko errituak eta irudikapenak biltzeko. Sua eta egurra agertu ziren erritu horietan. «Batzuek, egurra erre beharrean, apaindu egiten zuten». Poliki-poliki, herriko ohitura indartzen ari dira. Azken urteetan, zenbait herritar animatu dira haien etxe atarietan edo balkoietan Orantzaro panpinak jartzera. Denetarikoak. Norberaren imajinazioa da muga: «Zaharrek esaten zuten lehen askoz ere politagoa zela, baina herrian hasi ziren esaten ez zuela horrelakoa izan behar, eta jendeak bizkarra eman zion gureari; batzuek lotsa ere bazuten». Zabaldutako ereduari jarraitu zioten, baita panpinen lehiaketan ere.

Orain hasiak dira erroetara itzultzen. Baina ez da erraza. «Horretan saiatu gara urteotan, baina tsunami global horrek zaildu egiten du. Gurasoei arraro egiten zaie, tradizioa nahiko galdua zegoelako, eta jendeari kosta egiten zaio». Baina ez dute Bizarzuriren irudikapenaren aurrean men egin nahi. «Orantzaro pertsonaia mitologiko bat zen. Emakumea bera izan zitekeen protagonista, eta, kontuan izanda euskal mitologia emakumearen inguruan ardaztua dela gehienbat, eredu egokia izan daiteke».

Nafarroako hiribururaino

Haize horiek Iruñera ailegatu dira dagoeneko. Ikusiko da Euskal Herri osora zabalduko ote den. Duguna taldeak duela bost urte erabaki zuen Olentzeroren erroetara jotzea, irudiari zein funtzioari dagokionez. Olentzero emakumea atera zuten sorbaldan harturik, puska biltzean aritzeko. Aritz Ibañez taldeko arduradunak azaldu duenez, Iruñean egiten zen Olentzero bestan ez ziren eroso, eta haiena sortzea erabaki zuten. Beste eredu bat posible zela erakutsi nahi zuten.

«Ikazkin gizonaren eredua gailendu da inguruak horretara bideratu gaituelako, baina aukera izan behar da norberak bere Olentzero eredua hautatzeko», kontatu du Ibañezek. Iaz, Iruñeko Mendebaldea eta Ermitagaña auzoetan ere atera zuten Olentzero emakumea. «Olentzerok ez du zertan generorik izan. Izan liteke gizon ikazkina, baina izan liteke beste hamaika gauza».

Urte batez, berandu ailegatu zen aitak zera esan zien: «Hara, Mari Domingi». Eta haur batek zuzendu zion: «Ez, Olentzero da». Hor dago koska. Gizonaren alboan ez, erdigunean egon liteke emakumearen irudia. «Gurean ez da traumarik izan. Esperientzia oso positiboa izan da: poz-pozik ateratzen dira haurrak kantuan. Pedagogia eginda, ez dago arazorik». Araolaza eredu horren alde dago, eta eskoletarako egokia izan daitekeela uste du. «Panpinaren jolasarekin berreskuratzen dugu Olentzeroren izaera askotarikoa, eta ez merkatuari interesatzen zaion eredu bakar eta bateratua». Alegia, talde bakoitzak urte bakoitzean sortutakoa izan dadila Olentzero. Oraingo irudikapena eraiki den bezala, deseraiki daitekeelako, eta berria eraiki. Posible da queer den Olentzero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.