Diskurtsoak egiten du min

Hilekoak min ematea gaitz baten sintoma izan daiteke, baina, kontrara, normala dela uste dute askok: bai andreek, bai haien ingurukoek, baita mediku askok ere. Sinesmenak ondorioak ditu: hilekoaren bizipena baldintzatzen du, emakume batzuei errudun sentiarazten die, eta endometriosiaren diagnostikoa atzeratzen du sarritan.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Haurrak dira oraindik, gehienek ez dute inoiz hilekorik eduki, eta, hala ere, badituzte menstruazioarekin lotutako ideia gutxi batzuk. Negatiboak dira denak: hilekoa zikina da, usain txarra du, lotsa sorrarazten die. Eta, batez ere, mingarria da. Gasteizko Emaize zentroko sexologo Maider Garcia de Bikuñak eskoletan ematen dituen saioetan, oinazeaz galdetzen diote, bereziki. «Oso barneratuta dago hilekoak min egiten duela».

Baina ez luke egin behar, sexologoaren arabera. «Egon litezke sentsazio batzuk ez ditugunak orain arte sentitu, edo batzuetan ditugunak eta beste batzuetan ez: sabela handitua izatea, gorputzeko tenperatura igotzea, edo odola ateratzen hasten den egunean neke pixka bat sentitzea. Baina horiek dira sintomak, ez mina: bereizi egin behar dira». Menstruazioak bizitzako ohiko jarduerak egitea eragozten badu, arreta jarri behar zaio, Aragorputz kooperatibako kide Enara I. Dominguezen esanetan. «Hilekoa prozesu fisiologiko bat da. Gainontzekoetan mina badago —pixa egiterakoan, adibidez—, medikuarenera joaten gara, kasu egiten digute, frogak egiten dizkigute, eta egoten dira mina kentzeko moduak».

Diskurtso berria da, hilekoaren inguruko iruditeria oso bestelako mezuez egon baita osatuta, Dominguezen irudiko: informazio gutxi eman izan da, eta, ematekotan, mezu negatiboak helarazi dira, nagusiki. Amak eta amonak arduratu izan dira zikloa azaltzeaz, baina, ez badute aparteko lanketarik egin zikloa ezagutzeko, eurek jasotako ezagutza herrena baino ezin izan dute helarazi. Dominguez: «Gure amak zakarrontziaren hondoan uzten baditu erabilitako konpresak, inork ez ikusteko, transmitituko da hilekoa ezkutatu beharreko zerbait dela».

Besteen usteez eta iruzkinez blaituta dago norberaren hilekoa, Susana Gonzalez endometriosia dutenen Endoeuskadi elkarteko presidentearen berbei erreparatuta. «Orain gutxiago gertatzen da, baina, lehen, senideek halakoak esaten zizkieten emakumeei: 'Medikuarenera joan gara, eta esan dizu ez duzula ezer', 'Agian zure buruan egongo da, agian aitzakia bat da eskolara ez joateko edo atentzioa emateko...'». Komentarioak bakartzeko arrazoia izan dira hileko mingarriak dituzten batzuentzat. «Esaten dizute: 'zenbat kexatzen zaren, hilekoa ez da horrenbesterako' edo 'nik hilekoa dut eta lasai asko noa lanera'. Askok arazo psikologikoak garatu dituzte».

Medikuntza ere ezjakina

Mezuokin, belaunaldiz belaunaldi, ohikoa bilakatu da hilekoaren mina, Dominguezek azaldu duenez. «Bermatzen da guk min normalizatua deritzogun hori. Uteroarekin jaio garenok hainbat min normalizatu pairatzen ditugu, hala nola hilekoarena. Emakumeak oso ohituta daude sufrimendu maila handietara, bai fisikoki, bai psikologikoki».

Ginekologiak hauspoa eman dio diskurtsoari, eta medikuntzak, oro har, andreen oinazea gutxiestera jo du orobat, Carme Valls-Llobet genero ikuspegian espezializatutako medikuaren arabera. Mujeres invisibles para la medicina (Emakume ikusezinak medikuntzarentzat; Capitan Swing, 2022) liburuan azaltzen duenez, hala ikerketa nola artatze medikoek gizona izan dute irizpide, eta muzin egin diete andreen min eta gaitz espezifikoei. Morbilitate diferentziala aipatzen du medikuak: arrek eta emeek ez dituzte sintoma berak izaten gaitz batzuk pairatzen dituztenean, eta emeek min jakin batzuk izan ditzakete, arrek ez dituztenak; kasu baterako, hilekoarena.

Medikuntzak lausoki erreparatu dio zikloari, eta ez modu integralean, Valls-Llobeten esanetan. «Osasun zientziek oso gutxi ikertu dute, ginekologiak salbu. Hala ere, badakigu ziklo menstrualak organo eta sistema guztiei eragiten diela». Besteak beste, makronutrienteen metabolismoari eta korneako zelulei. Antisorgailuak sortzeko helburuz hasi ziren ikertzen zikloa eta hari eragiten dioten hormonak, XX. mendearen erdialdean, baina apenas dagoen ikerketarik zehazteko zein diren hileko normal baten ezaugarriak: XX. mendearen bukaeran abiatu ziren, Suedian eta Danimarkan.

Era berean, ez zaio erreparatzen hilekoaren ziklo osoari, Dominguezen aburuz. «Ez dago kultura ziklikorik. Ez zaie arreta ematen fase ezberdinetan ditugun adierazpenei, eta ez dira balioesten». Ikuspegi hertsi horretatik dator, esate baterako, menstruazioaren aurreko sindromea deritzon fasea: kontzeptuak 200 sintoma inguru biltzen ditu. «Menstruazioaren aurreko fasea oso sentikorra da; gizartean, irakurketa da haserretu egiten garela. Fase horrek ez du filtrorik:hainbat min normalizatu izaten ahal dira ez dugulako ulertzen fase horrek zer dakarren. Esaten dizute ez daukazula ezer, sindrome bat dela».

Eta, ezinbestean, ikerlarien eta medikuen joerek eta sinesmenek pazienteei eragiten diete. «Gaur egun, gizon ginekologo gutxik pentsatzen dute ezohikoa dela hilekoak min ematea», nabarmendu du Gonzalezek. «Askotan esaten dute gure amari mina eman bazion guri ere min eman behar digula. Batzuetan, ematen du pazienteek gehiago dakitela medikuek eurek baino».

Hori ikusita, aukera gutxi eskaintzen ditu medikuntza hegemonikoak, Dominguezek azaldu duenez, eta, ohiz, erremedio bakarra izaten da emakumeak «pilulaz betetzea bizitza osorako»: ibuprofenoak errezetatzen dituzte min fisikorako —Aragorputzen antolatutako tailerretan, egon dira parte hartzaile batzuk egunean zortzi eta hamar ibuprofeno hartzen zituztenak—, eta antidepresiboak oinaze emozionalerako. Baita obulazioa deuseztatzen duten antisorgailuak ere, batzuetan oso gaztetatik hasita. «Baina ez dute mina konpontzen; adabakiak baino ez dira, eta, gure ustez, isilarazteko modu bat da», Dominguezen arabera.

Muturrekoagoa da egoera AEBetan, esaterako, Aragorputzeko kideak azaldu duenez: mina desagerrarazteko, hilekoa bera ezabatzen dute. «Ez da hitz egiten hilekoaren prozesuak duen garrantziaz: obulazioa gertatzea ezinbestekoa da osasuntsu mantentzeko, hezurrak trinko izateko, azala leun... Eta ez bakarrik haurrak izateko. Medikuntza tradizionalean, dena dago lotuta ugalketarekin», Dominguezek adierazi duenez.

Uste beldurgarriak

Hilekoa mingarria delako usteak eragina du emakumeen ongizatean: batetik, arta desegokia jasotzeko arriskua dagoelako, eta, bestetik, andreek uko egin diezaioketelako profesional batengana joateari. Are, sinets dezakete haiek direla oinazearen erantzuleak, Dominguezen irudiko. «Azken urteetan, asko entzuten ari da esaldi arriskutsu hau: 'Uteroan mina baduzu, zure feminitatearekin arazo bat duzu'». Jarrera horrek bakardadea eragin diezaioke sufritzen ari den horri, baita errudun sentiarazi ere. Alabaina, hilekoaren mina ez da kontu pertsonala, Aragorputzeko kideak nabarmendu duenez. «Min soziala da. Norberaren gorputzean pairatzen da, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina min soziala da». Izan ere, inguruko ezaugarriek eragin handia dute zikloan, hala nola kutsatzaileek eta estresak. Edonola ere, diskurtsoak hilekoaren bizipena baldintzatu dezake. «Beldurra sortzen du. Batzuek esaten dute ez dutela hilekoa eduki nahi, ziur baitira mina emango diela», Garcia de Bikuñaren hitzetan.

Ondoriook gordin pairatu dituzte endometriosia duten emakumeek. Gaitza berandu diagnostikatzea «ohikoa» da, Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, batik bat mina normaltzat jotzeagatik. Sintomak hasten direnetik diagnostikatu bitartean, zazpi edo zortzi urte igaro daitezkeela dio instituzioak. Gonzalezen arabera, endometriosian aditua den mediku batek erraz diagnostikatu dezake gaitza, erresonantziekin eta bagina bidezko ekografiekin, baldin eta endometrioa sabelalde inguruan sortzen bada —zaildu egiten da uterotik urruntzen denean, sor baitaiteke biriketan, bihotzean, burmuinean edo beste edozein organotan—. «Baina lehen arretako medikuek ez dakite asko gaixotasunaren inguruan, eta hori da ataria: ez bagaituzte ginekologoarenera bidaltzen, nekez izango dugu diagnostiko bat».

Diagnostiko goiztiarra bereziki garrantzitsua da endometriosirako, Gonzalezek azpimarratu duenez. Hala, hori da Endoeuskadi elkartearen kezka behinena, tratamendua eta sendabidea baino gehiago. Funtsezkoa da gutxiago sufritzeko, baita ugalketarako ere, andreak erabaki baitezake nola kudeatu, obuluak izoztu edo ez... Eta funtsezkoa da, halaber, gaitzak okerrera ez egiteko, eta min kronikoa ez eragiteko.

Horiek horrela, diskurtso aldaketa osasun eta ongizate kontua da oroz gain, eta hori dute jomuga hezitzaileek. Dominguez eta Garcia de Bikuña, nor bere bidetik, ahalegintzen dira menstruazioa ideia positiboekin lotzen beren saioetan. «Beste mezu batzuk gehitu behar ditugu», esan du Dominguezek. Adibidez: «'Obulazioaren aurreko fasean nago: oso indartsu nago!'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.