Antzerkirako, bizitzako beste gauza askotarako bezala, leku guztiak dira onak. Kirolak existitu behar du lagunekin palan jokatzeko, harrobi moduan... Kirolaren kasuan oso garbi daukagu gure gizartean. Eta nik uste dut kulturarekin ere, oro har, dena dela balekoa, dena dela aberatsa, eta dena dela ona». Olatz Beobide aktore donostiarrak uste du areto handiak ez ezik bizitzako esparru guztiak ere bete behar dituela antzerkiak. Asmo horri tiraka, 25 urte bete ditu aurten Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdiak. Ostegunean hasi zen, eta otsailaren 29ra arte askotariko ikuskizunak izango dira Donostiako tabernetan: komedia musikalak, clown-en emanaldiak, magia, bakarrizketak, tragikomediak... eta baita 25. urteurrena ospatzeko gala bat ere.
Obrak eremu txikietan egitea da Poltsiko Antzerkiaren bereizgarria, eta, modu horretan, publikoaren eta aktoreen arteko distantzia oso ahula bilakatzen da. Botanika tabernak parte hartuko du aurtengo ekitaldian, eta, hango arduradun Fito Plazaren esanetan, ez dago agertokirik espazioa bitan banatzen duenik. «Guztia bilakatzen da espazio eszeniko edo publikoaren eremu». Haren arabera, bi norabidetan dira aberasgarriak horrelako emanaldiak: «Guk hiria dinamizatzen laguntzen dugu, eta publikoa eta giro ona lortzen ditugu aldi berean».
Jon Aizpurua jaialdiko zuzendaria duela mende laurden Intxaurrondoko kultur etxeko arduraduna zen, eta beste hiru auzotako kultur etxeekin bilduta sortu zuen egitasmoa. «Hiru helburu genituen: normalean antzokietara joan ohi ez den jendearengana iristea, formatu txikiko emanaldiei aukera bat ematea, eta auzo horietan kultur giroa sustatzea». Horregatik hasi ziren lau auzoetako tabernetan ikuskizunak ematen. Orain, hamaika kultur etxe aritzen dira antolakuntza lanetan, eta, kultur etxe horietako auzoez gain, Donostia osoa hartzen du egitasmoak: Añorga, Igeldo, erdialdea, Parte Zaharra...
Taberna batean antzezteko moduko formatu txikiko euskarazko sorkuntzak bilatzea erraza ez denez, Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketa jarri zuten abian duela sei urte, eta Nomofobikak taldearen Sarean Kateatuak lana izan da aurtengo irabazlea. Olatz Beobidek, Amaia Lizarraldek eta Belen Cruzek sortu dute antzezlan umoretsua, gizarteak sakelako telefonoekin eta sare sozialekin duen menpekotasunaren inguruan.
Gai korapilatsua denez, ez dute draman askorik sartu nahi izan, Beobideren arabera. «Eskuko telefonoaren erabilera izan daiteke dependentzia bat, eta badago jendea horrekin harrapatuta. Egun, existitzen da tratamendu bat». Dena den, gai batzuk ukitu nahi izan dituzte: «Nerabeen kasuan askoz arrisku handiagoak daude; mundu sozialari irekitzen hasten diren lehenengo pauso horietan ahulagoak dira». Obra guztia komediaren babesean egingo dute, nahiz eta gai batzuk kontu handiz landu. «Umorea da guk transmititzeko aukeratu dugun bidea, baina gauza batzuk umoretik beltzeraino joan daitezke kontuan hartzen ez baditugu».
Antzezle moduan lehen aldiz parte hartuko du Beobidek aurtengo ekitaldian. Orain arte, ikusle gisa joan izan da emanaldietara; urtero, bitara edo hirutara, «gutxienez». Estreinatzeko gogoz dago aktorea, baina, era berean, urduritasuna nabari zaio ahotsean. Eremu txikietan egiten den antzerkiak gogora ekartzen dio Madrilgo kaleetan ikuskizunak egiten zituen garaia, publikoaren gertutasuna dela kausa. «Lehenengo egunean, nik uste nuen korrika aterako nintzela, eta bat-batean handitu egiten zara. Zerbait pasatzen da hor. Honekin uste dut antzeko zerbait gertatzen zaidala. Bertigo polit bat sortzen da».
Gertutasunaren xarmaz
Inazio Tolosak azken urteetan ezagutu du jaialdia, eta istorio «xelebrea» bezain «polita» dela uste du. «Ezin duzu askorik disimulatu. Gezurrak segituan antzematen dira. Egiarekin jolastu behar duzu, zure egia horrekin. Horrek eskatzen dizu exijentzia handiagoa. Baina, era berean, dibertigarria da; oso polita da ikustea jendea zure aurrean istorioan sartuta».
Ramon Agirrerekin batera, Putinen guardasola antzezlana taularatuko du Tolosak. Hirugarren lana du bikote komikoak, eta, oraingoan, lehendakariak hala eskatuta, Euskal Herriko ereserkiaren bila hasiko dira. «Bidaia bat sortzen da, eta etortzen denak jakingo du aurkitzen dugun edo ez ereserki xelebre hori». Antzezlanaren izenburuaz galdetuta, ezin izan dio barreari eutsi. «Obraren bukaeran, kanta batean esaten dugu: 'Eta ez galdetu zer demontre den Putinen guardasola'».
Ikusle moduan, Beobidek oso gustuko ditu formatu txikiko emanaldiak, edozein momentutan harrapatzen duelako ikuslea, espero ez duen toki batean. Haren arabera, antzerkira joan edo ez zalantzan dabilen jendea animatzea errazagoa da norbere etxe azpiko tabernan gauza motz bat dagoela jakinda. «Formula oso polita da, egunerokoari beste gauza bizigarri bat emateko».
Tolosaren iritziz, publiko mota asko daude, eta, askotan hala iruditu ez arren, jendeak nahiago ditu tabernak antzokiak baino. «Opari bat biltzen den paperaren arabera, ezberdina da. Bakoitzak ikusi behar du non egotea gustatzen zaion gehiago: antzoki batean edo txikitasun horretan».
Pozik dago Aizpurua jaialdiaren ibilbidearekin, «gero eta jende gehiago» biltzen duelako. Eta berdin segitzea espero du. «Ea beste 25 urte pasatzen diren».
Disimulurik ez gertutasunean
Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdiak 25 urte bete ditu aurten. Otsailaren 29ra arte, formatu txikiko antzezlanak egingo dituzte hainbat tabernatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu