Dirua eta energia

Diruaren sorkuntza eta fluxuaren kontrola duen herrialde batek beti aukera gehiago izango ditu bere etorkizuna nolakoa izango den erabakitzeko. Europan, euroaren kontrola dutenek erabakitzen dute.

Euskoa Euskal Herriko tokiko dirua 2013an jarri zuten martxan. GAIZKA IROZ.
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan, hainbat alderdik energiari, ingurumenari, ekonomiari eta beste hainbat gairi buruz hitz egin dute, baina inor ez da aritu monetari buruz hitz egiten.

Monetari buruz aritzean, dirua da mintzagai, azken finean.

Jadanik, mundu gehienak nahiko barneratua dauka energiaren kontrola izateak gauza askoren gaineko kontrola ematen duela, bai ekonomian, bai gizartean. Ia alderdi guztiak ari dira energiaren kontrola berreskuratzeari buruz neurriak proposatzen programetan.

2002. urtean, Espainia eta Frantzia euroan sartu eta pezeta eta libera desagertu zirenean, monetaren gaineko kontrola galdu zuten. Eta, horrekin batera, beren ekonomiaren eta politikaren gaineko kontrola ere bai.

XVIII-XIX. mendeetan, Amshel Rothschild Alemaniako bankariak, Rothschild dinastiaren sortzaileak, argi zuen: «Utzidazue nazio baten dirua sortzen eta kontrolatzen, eta ez dit axolako nork idazten dituen legeak». Greziarekin argi eta garbi ikusi da adibidea, baita Europako beste hainbat estaturekin ere; Espainia, barne. Horregatik, harrigarria da alderdiek ez hitz egitea diruaren sorrera eta fluxuen gaineko kontrola berreskuratzeari buruz. Monetari buruz, hain zuzen.

Gaur egungo gizartea eta ekonomia auto baten motorra balira, energia motor hori mugitzen duen erregaia litzateke, eta dirua, motor horren olioa. Erregairik gabe gelditzen bagara, edo kalitate txarrekoa bada, motorra gelditu egiten da, baina, oliorik gabe gelditzen bagara edo motorraren barrura ez bada ailegatzen, motorra ere gelditu egingo da.

Eredu energetikoaren aldaketa batek eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketarekin batera joan beharko luke benetan arrakasta izan nahi badu. Etengabeko hazkundea eskatzen duen eredu ekonomikoak ez du etorkizunik, eredu energetikoa edozein delarik.

Ezohiko petrolioek —fracking, are bituminosoak, petrolio astunak…— ez dute ohiko petrolioa uzten ari den tartea betetzeko adina energia. Ez da berdina are bituminosoetatik lortzen den petrolio kupel batek duen energia eta ohiko petrolioaren kupel batek duena. Gaur egun, bolumena bakarrik hartzen da kontuan, eta ez kupel horien benetako energia netoa. Ekonomiaren motorrean sartzen ari garen erregaiaren kalitatea eskasa da.

2008ko burbuila

Diruarekin antzeko zerbait gertatzen ari da. Ekonomian beti bi atal egon dira, ekonomia erreala—produktiboa— eta finantzarioa—diruarena—. 1970eko hamarkadara arte, ekonomia produktiboak zuen pisurik handiena ekonomian, baina, ordutik aurrera, atal finantzieroa geroz eta pisu handiagoa hartuz joan da, eta, 2008tik aurrera, guztiz irentsi du ekonomia produktiboa. Lasai asko esan daiteke gaur egun inoiz baino diru gehiago dagoela ekonomian, eta inoiz baino zor handiagoa ere bai. 1970eko hamarkadatik aurrera, ekonomia burbuilen bidez hazi da, eta, hazkundea mantendu ahal izateko, geroz eta burbuila handiagoak sortuz joan dira.

2008tik, munduko banku zentralak olioa —dirua— gehitzen ari dira etengabe, ekonomiaren motorra martxan mantentzen saiatzeko. Arazoa da olioak gainezka egiten duela, eta motorraren kanpotik —ekonomia finantzieroa— doala, motorraren barrura —ekonomia produktiboa— joan beharrean.

Azken burbuila 2008koa izan da, eta oraindik ez da amaitu. Zorpetzea izan da krisialdi horren irtenbidea, eta zorraren transferentzia bat gertatu da bankuetatik estatuetara. Argi ikusten ari gara estatuen zor publikoaren burbuila baten aurrean gaudela. Inor gutxik sinesten du beren zorrak ordaintzerik izan ahalko dutela Greziak (176% BPGarekiko), Italiak (%132), Espainiak (%100) eta Frantziak (%95). Ziur asko, petrolioaren salneurria goraka doan bezala, eztanda egiteko aukera handiagoak izango ditu. Ez dakigu Europako zein herrialde izango diren lehenak porrot egiten. Denbora kontua da.

Egoera hori dela eta, energiaren kontrola eta monetaren kontrola duten estatuek abantaila izango dute datorren krisialdi berriari aurre egiteko. Etorkizunari begira bi gai horien gaineko kontrola berreskuratzeko, batetik, efizientzia neurri eta berriztagarrien aldeko apustu garbia egin beharko litzateke, eta, bestetik, moneta propio bat martxan jartzeko mekanismoak prest izan.

Hori guztia modu makro eta mikroan egin daiteke. Neurri horiek udal mailatik hartzen hastea posiblea da, bai efizientzia eta berriztagarrien apustua eginda, bai bertoko moneten erabilerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.