ATZEKOZ AURRERA

Diren bezalakoak ikusarazteko

Naizen adingabe transexualen familien elkarteak zazpigarren urtemuga ospatu du. Liburu bat, kanta bat eta bideoklip bat egin dituzte, eta haur transexualak ikusarazteko lana saritu dute.

Aitzole Araneta transexualen eskubideen aldeko aktibista, atzo, saria jasotzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Batzuetan, zakila izateagatik mutiltzat hartzen dena neska izaten da. Eta bulba izateagatik neskatzat hartzen dena, mutila. Badirelako zakila duten neskak, eta bulba duten mutilak. Neska edo mutila delako norbera, hala dela badakielako. Ez da hautu bat, ez da erabaki bat. Eta garrantzitsua da ikusarazteahorrelakoak direla. Eta garrantzitsua da haiek ere ikustea besteekikusten dituztela. Diren bezalakoak onartzen dituztela. Adingabe transexualek beharrezkoa dutelako diren moduan onartuak eta maitatuak izatea. Eta, prozesu horretan, familia behar dutelako haien bidaide eta laguntzaile.

Ongi dakite hori Naizen adingabe transexualen gurasoen elkartea osatzen dutenek. Atzo, Gasteizen, gorazarre egin zieten azken zazpi urteotan bide hori jorratzen lagundu duten familia, elkarte, profesional eta aktibistei. Ikusten gaituzuela ikusi nahi dugu leloa aukeratuta ospatu zuten elkartearen zazpi urteko ibilbidea, eta sariak eman zizkieten haurren eta gazteen transexualitatearen alde hainbat esparrutatik «merezimenduko lana» egiten ari diren pertsonei. Zehazki, saria jaso zuten Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak, Aitzole Araneta sexologoak eta transexualen eskubideen aldeko aktibistak, eta Ana Martinez eta Elaxar Lersundi 2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai gazte transexualaren gurasoek.

Emozioz beteriko ekitaldia izan zen. Hasieratik amaieraraino. Eguerdian, berokiak jantzita sartu ziren Gasteizko Europa Jauregiko areto nagusira elkartea osatzen duten familietako kideak, eta barruko epeltasunak sentimenduak biluzten lagundu zien. Musikak eta bertsoek lagunduta hasi zuten omenaldia. Aingeru Mayor, Ekaitz Goikoetxea eta Xabier Crehuet artistek ireki zuten ekitaldia, Transitos Naizen elkarteko gurasoen testigantzekin osatutako liburua aurkeztuta. Lekukotza horietatik abiatuta, kantu bat eta bideoklip bat ere egin dituzte —Ipuinetan ez bezala izenekoa, eta atzo aurkeztu zituzten lehen aldiz jendaurrean. Haur transexualen aldarrikapen nagusia jaso dute abestian: «Ikus nazazun behar dut».

Liburuaren pasarteen bidez familia askoren bizipenetara gerturatzeko modua egon zen ekitaldian. Hitz jolas bat erabilita, haur transexualen errealitatea azaldu zuen Mayorrek:«Seme, ze guapo zauden. Hala esaten dio ama batek bere semeari. Eta hark erantzuten dio: Ama, apo ez, apa. Bi urte ditu umeak, eta badaki neska dela».

Bizitza galdu dutenei

«Transexuala izatea ez da aukera daitekeen zerbait; bazara edo ez zara». Haur eta gazte transexualei kalitatezko osasun arreta emateko egindako lanarengatik, saria jaso zuen Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak. Gizarteari dei egin zion transexualitatea gizartean «normalizatua» egon dadin lanean jarraitzeko.

«Nire gorputza eta sexua ez daude erraturik. Gorputz bat naiz, maite eta babestu nahi dudan gorputz bat». Aitzole Araneta sexologo, berdintasun teknikari eta transexualen eskubideen aldeko aktibistak hitz horiekin jaso zuen Naizen saria. Hunkiturik jaso ere: «Nire bizitzako saririk garrantzitsuena da hau». Eta hura haur eta gazte transexual orori eskaini zion: «Nortzuk zareten badakizuelako». Baina, bereziki, transexualak izateagatik bizitza galdu duten guztiei: «Aimar, Ekai eta ondorengo guztiei: zuek izan zaretelako, ni banaiz».

Ekairentzat eguneroko borroka izan zen bere identitatearen arabera bizitzeko ahalegina, baina gehiegizkoa izan zen, eta bere buruaz beste egin zuen. Emozioz beterik jaso zuten saria atzo Ana Martinez eta Elaxar Lersundi gurasoek: «Iraupen luzeko lasterketa bat da hau. Ekai bidean geratu zen, baina gu, haren omenez, helmugara iritsiko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.