Dibulgazio zientifikoa seinalatuz

Gureiker ikertzaileen azterketa baten arabera, galdekatutako zientzialarien erdiei eraso egin diete noizbait, komunikabideetan iritzi zientifikoak eman ondoren. Klima aldaketarekin eta COVID-19arekin lotutako erasoak ugaritu egin dira, besteak beste.

Zientzialariek komunkabideetan eta sare sozialetan jasotzen dituzten erasoak islatzen du ilustrazioak. BERRIA
Zientzialariei komunikabideetan eta sare sozialetan egiten dizkieten erasoak islatzen ditu ilustrazioak. BERRIA
itsaso jauregi 2
2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Ezagutza zientifikoa publiko orokorrarentzat eskuragarri jartzeko jardueren multzoa da dibulgazio zientifikoa, hau da, informazioa eskuragarri jartzea ezagutza zientifikoa ulertzeko eta haren berri izateko interesa dutenei. Gaur egun, dibulgazio zientifikoa presente dago komunikabideetan, hainbat formatutan gainera: telebistako dokumentaletan, dibulgazioko aldizkarietan, lan horri eskainitako Interneteko artikulu eta orrialdeetan, baita sare sozialetan ere. Zientzia gai nagusietako bat da komunikabide askotan, eta, horregatik, adituen ahotsa askotan zabaltzen da sareetan barna. Hala ere, zientzialarien ahotsa ez da beti ondo hartzen, eta, FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak eta EHUk abenduan argitaratutako ikerketa baten arabera, 121 ikerlarik adierazi dute eraso bat edo gehiago jasan dituztela azken bost urteetan, komunikabideetan zientziari buruzko informazioa zabaldu ondoren, hau da, ikerketan parte hartutakoen %51,05ek.

Experiencias del personal investigador en su relación con los medios de comunicación azterlanean (Ikertzaileek komunikabideekin dituzten harremanetan izandako esperientziak), Maider Eizmendi, Ainara Larrondo eta Simon Peña Gureikerreko ikertzaileek hurbiletik aztertu dute ezagutza zientifikoak zabaltzeko orduan zientzialariek jasaten duten jazarpena, batez ere azken bost urteetan. Zientzia albiste esanguratsuak plazaratzen direnean edo zientziak nolabaiteko garrantzia hartzen duenean, hedabideetan agertu ohi dira arlo horretan dihardutenetako batzuk, eta horietako askori eraso egiten dietela ikusi zuen Eizmendik: «Errealitate hori ezaguna zen, baina jakin nahi genuen ea posible zen horri zenbateko bat jartzea eta nolabait sakontzea esperientzia negatiboen nondik norakoetan».

Erasoak aztertuz

Ez da zientzialariek sufritzen dituzten erasoak aztertzen diren lehen aldia, aurretik ere ikergai izan baitira halako esperientziak. Nature aldizkariak hirurehun adituren artean egindako inkesta baten arabera, horien %60 inguruk jazarpen edo eraso motaren bat jasan zuten sare sozialetan pandemia garaian; Science aldizkariak galdekatutakoen %38ri, berriz, COVID-19ari buruzko informazioa zabaltzeagatik egin zizkieten iruzkin negatiboak eta erasoak. Pandemia garaian jazarritako horietako bat da Gorka Oribe Farmazia doktorea eta EHUko ikerlaria: «Txertoen inguruan edo klima aldaketaren inguruan hitz egin dudanean jaso ditut komentario negatiboak, batez ere».

Izortze Santin EHUko Biokimika irakasleak ere azpimarratu nahi izan du pandemia garaia erasoak hizpide hartzean: «Nik esandakoari garrantzia kentzea zuten helburu; esan zidaten farmazia enpresen mesedetan lan egiten nuela eta haiek ordaintzen zidatela txertoen aldeko adierazpenak egiteagatik». Nahiz eta pandemiaren aurretik ere jazartzen zitzaizkien ikerlariei, azterketan ikusi dute COVID-19aren garaian areagotu egin zirela erasoak. «Joera ideologikoak eta ezjakintasuna egon daitezke eraso horien atzean. Asko txertoen aurka zeuden, baina, ikusi denez, txertoek beren lana egin dute», argitu du Oribek.

Dibulgazioaren helburua da ikerlariek egindako lana ezagutzera ematea eta informazioa hartzaileen esku jartzea, eta sare sozialak tresna erabilgarria dira horretarako. Adituek 2022ko martxotik 2024ko uztailera arte komunikabideekin eta sare sozialekin izandako harremana aztertu dute lanean, eta ondorioztatu dute X  sarean izaten dela eraso gehien, lehengo Twitterren. Ikerlanaren arabera, zientzialariei egindako erasoen artean, irainak (%30,38), gaitasun profesionalari buruzko iruzkinak (%28,69) eta zuzentasun profesionalari buruzko iritziak dira ohikoenak (%17,72). «Ikerlariei X sarean egiten diete eraso gehien. Baina nabarmentzekoa da komunikabideen web orrietan zabaltzen diren komentarioetan ere eraso asko izaten direla», azaldu du Eizmendik.

Virginia Garcia astronomoak behin sumatu du sare sozialetatik aldentzeko beharra. Facebooken argitaratutako artikulu batean, ikerlariak zalantzan jarri zituen astrologiaren oinarriak, eta iraindu egin zuten horregatik. «Saiatu nintzen azaltzen astrologiak ez duela fundamenturik, batek gaizki hartu zuen, eta nire argitalpen guztietan komentarioak egiten hasi zen». Pertsona horrekin eztabaidatzen ahalegindu zen Garcia, baina irainduz erantzun zion. Azkenean, sare sozial horretan erasotzailea blokeatzea izan zen konponbidea.

Jasotako irainen ondorioz, sare sozialak gutxiago erabiltzen ditu Santinek, baina azpimarratu du dibulgazioa ez lukeela «sekula» utziko: «Gai zientifikoen inguruan hitz egitean, errazagoa da irainak eta iruzkin negatiboak jasotzea, baina, bestalde, gizartearekiko ardura handiagoa ere baduzu». Oribek adierazi du ez dituela utziko sare sozialak, baina aipatu du inguruko lankide batzuek guztiz ezabatu dutela sare sozialetako kontua: urruntzeko, atseden hartzeko eta irainei izkin egiteko beharragatik. Ikerketaren arabera, esperientzia negatiboak izan dituzten ikertzaileen %16,5 dibulgaziotik urrundu dira, eta komunikabideekin hitz egiteari utzi diote.

Genero ikuspegia

Erasoaren jomuga emakumea izan edo gizona izan, gauzak aldatzen dira, noski. Eizmendik azpimarratu duenez, desberdintasun hori da ikerlanean ikusi duten esparrurik «kezkagarriena», alde handia baitago adituen lana epaitzeko orduan. Azterlanean lortutako datuak erreferentziatzat hartuz gero, gizonen %46,21ek adierazi dute erasoren bat egin dietela noizbait, komunikabideetan zientziari buruz informazioa zabaldu ondoren; emakumeak gehiago dira: %56,86 iraindu dituzte.

Eraso motak ere aldatzen dira, Eizmendiren arabera; izan ere, itxura fisikoaren inguruko adierazpenak jasotzen dituztenen  artean, emakumeak dira gehienak. Ahalmen zientifikoari dagozkion iritziak jasotzea eta ahalmen zientifikoa zalantzan jartzea ere ohikoagoa da emakume zientzialarien artean. «Beste arlo batzuetan bezala gertatzen baita zientzian. Emakume izate hutsagatik, zure hitza errazago jartzen da zalantzan», argudiatu du Santinek.

Hain zuzen, Eizmendik azaldu du oraindik sakonki errotutako estereotipoak daudela desberdintasun horren atzean: «Oraindik ere, emakumea ez da subjektu legitimatu bat zientzian; emakume batek zientzian arrakasta lortzen badu, nabarmendu egiten da salbuespen egoera hori. Zientzia arloan, emakume izatea salbuespen gisa hartzen da oraindik».

Mezu positiboak ere badaude ikerlanaren ondorioetan. Zientzialarien eta komunikabideen arteko harremanean sakontzean, ikerlariek ikusi dute zientzialari gehienek harreman ona dutela komunikabideekin; mezua zabaltzeko oinarrizkoak direla uste dute, Eizmendik adierazi duenez: «Zientzialariak prest badaude komunikabideetan aritzeko eta hedabideek beharrezkoak badituzte desinformazioari aurre egiteko, jar ditzagun bitartekoak erasoak gelditzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.