Inauterizale Kuttun izendapenak erabat hunkitu du Eduardo Chocano (Tolosa, 1937); Kabi Alai elkarteko udalbatzak hala izendatu zuen atzo. Ume-umetatik inauterien saltsan ibilitakoa da, Tolosako inauterizale ezagunenetakoa. Herritar askok gogoan dituzte oraindik haren mozorroak: toreroz, tabako saltzailez, italiar patata dendaz nahiz angula saltzailez atera da.
Inauterizale Kuttun izendapena zer da zuretzat?
Poz handia izan da niretzat. Segituan hunkitzen naiz. Urte asko daramatzat inauterietan ateratzen; 1950. urtean jada ateratzen nintzen. Ni 1937an jaio nintzen, eta 13 urte baino gutxiagorekin inauterietan ateratzen nintzen, batarekin ez bazen bestearekin. Ez dut beste inauteririk ezagutu, baina gehien gustatu zaidana izan da beti inauteria.
Noizbait hutsik egin al duzu?
Txiki-txikitatik beti atera izan naiz, trajearekin, txilabarekin, pijamarekin, amonaren gona batekin... Behin, ordea, oso inauterizalea zen lagun min baten heriotza zela eta, haren senide eta lagun guztiak Aurizberrira joan ginen [Nafarroa] inauteriak pasatzera; tristea izan zen.
Nork sartu zizun inauterietarako grina hori? Gurasoek?
Aita 36ko gerran hil zen, eta amak muga pasa zuen, erditzeko. Hilabete nuela, ordea, Tolosara etorri ginen. Ni festaren erdi-erdian bizi izan naiz, Rondilla kalean, eta dianaren doinua entzun orduko jaikitzen nintzen ohetik.
Nola prestatzen zenituzten karrozako antzerkiak?
Askotan, zineman ikusitako gauzak izaten ziren. Adibidez, El negro zumbón filma eman zuten behin, eta abestia ezaguna egin zen. Tolosar bat abesti hura dantzatzen atera zen inauterietan, eta sekulakoa izan zen hura.
Eta karrozetarako materiala lortzeko nola moldatzen zineten?
Ez genuen ez pinturarik, ez iltzerik, ez egurrik, ez ezer. Baina ahal genuena egiten genuen, egurra handik eta hemendik lapurtuz. Zer egingo genuen, ba? Erosi? Ez genuen dirurik!
Mozorroak ere arruntagoak izango ziren lehen.
Lehen, ez zen hainbeste jende mozorrotzen, eta, gainera, mozorroak garestiak izaten ziren; gaur egun, lau sosekin mozorroa eros dezakezu. Gogoan dut Donostiako denda batek jantziak alokatzen zituela eta Imperio Argentinarena han eskuratu nuela. Beste behin, toreroaren jantzia alokatzeko, ehun pezeta ordaindu nituen, lantegian ordu asko lan egin ondoren; garai hartan diru asko zen hura! Urte hartan, ni torero jantziarekin atera nintzen eta laguna andregai jantziarekin. Atotxa futbol zelaiko bazkideak ginen, eta mozorrotuta joan ginen Atotxara. Pentsa zer-nolako zalaparta sortu zen! Partida ere geratu egin zuten. Izan ere, han inor ez zen mozorrotzen.
Eta zuk jantzitako beste mozorrorik gogoan al duzu bereziki?
Behin tabako saltzailez mozorrotu ginen, 1960an. Alemaniara joan nintzen, arte grafikoen azoka batera. Nazioarteko azoka zen, eta azokan goizeko zortzietan sartu eta 20:00etan ateratzen ginen. Gauetan, azokara joaten ginen langile guztioi harrera moduko bat egiten ziguten hotelean, eta bi neska ateratzen ziren kankan gonak jantzita. Batek zigarroak saltzen zituen eta besteak argazkiak ateratzen zituen. Argazkiak Tolosara bidali zizkidatenean, lagun bati erakutsi nizkion, inauterietarako ideia moduan. Zirriborro bat prestatu genuen udalari bidaltzeko, garai hartan moralaren arauak bete behar baitziren, eta baimena behar zen konpartsaren bat ateratzeko.
Lortu al zenuten baimena?
Kankan gonarekin mozorrotzea debekatu egin ziguten, Bartzelonan gona haien bila ibili ondoren. Azkenean galtzarekin atera ginen. Hori Astelenitan izan zen; alkateak gutun bat bidali zigun, Asteartitan berriro ateratzeko eskatzeko. Ez baginen ateratzen lehiaketatik at utziko gintuela esan zigun. Azkenean, ez genuen sosik jaso mozorroarengatik, gonak etxean geratu ziren, eta tabakoa salduz irabazi genuen diru apur hura Frontoiko dantzaldian lapurtu ziguten.
Frankismo garaian nola bizi izan zenituzten inauteriak?
Ahal genuen bezala. 22:00etatik aurrera ezin izaten ginen ez tabernetan, ez inon egon. Ordutegia jartzen zuten: urte batean 22:00ak, bestean 23:00ak…
Urte haietako pasadizoren bat gogoan duzu?
Karrozarako bozgorailuak alokatzen genituen. Kablea etxebizitzaren batera bota behar izaten zen konektatzeko. Balkoietakoei galdetzen genien ea etxean konektatuko zuten; batzuetan 125 V zituztela esaten ziguten, eta, noski, guk 220 V genituen. Behin, Rondilla kalean, ezkaratze oso bat argindarrik gabe utzi genuen!
Eduardo Chocano. Inauterizale Kuttun izendatua
«Diana entzun orduko jaikitzen nintzen ohetik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu