Lurdes Arrizabalaga. Onkologoa

«Diagnostikoari dagokionez, ari gara medikuntza pertsonalizatuarekin jada»

xabier martin
Donostia
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Leuzemiaren aurkako borrokan eskarmentu handia dauka Lurdes Arrizabalaga medikuak (Donostia, 1961). Onkologikoan puntako terapiekin aritzen da egunero. Dagoeneko medikuntza pertsonalizatua egiten ari direla dio, «neurri batean behintzat». Dena den, laborategiko lanari ezinbesteko iritzi dio, etorkizunean —«luze gabe»— eraginkorragoak izateko esperantza handia baitu.

Linfaren leuzemia kronikoan eragina luketen lau gene bakartu dituzte. Medikuntza pertsonalizatuaz ari dira hitz egiten jadanik. Goizegi?

Medikuntza pertsonalizatua egiten ari gara gu jadanik. Diagnostikoa egitean, ez dugu hura bukatzen pazientearen mutazio genetikoen berri izan gabe; haiek esango digute gaitzaren bilakaera ona izango den, erdi mailakoa izango den edo txarra izango den. Mutazioen azterketa jakinak gaitzari nola aurre egin esango digu, noiz hasi tratamendu jakin batekin eta noiz ez. Gaitzaren pronostikoa ezagutzean, haren oldarkortasuna ere ezagutzen dugu, eta, ondorioz, terapiak eraginkorrak zenbateraino izango diren jakingo dugu. Mutazio genetikoen inguruko informazioa ezinbestekoa da guretzat une honetan leuzemiari aurre egiteko.

Beraz, azterketa genetiko sakonak gero eta garrantzi handiagoa dauka minbiziaren aurkako borrokan?

Hematologia inguruko tumorearen diagnostikoak pazientearen profil molekularra eskatzen du, gero eta gehiago; tumorearen zelularen genotipo molekularra ezagutu beharra dugu, terapian zer-nolako jarrera eduki behar dugun jakiteko. Batzuetan, kimioterapia aginduko dugu; beste batzuetan, agian, zain geratuko gara, gaitzaren bilakaera ikusteko, edota, adinaren eta azterketa molekularraren arabera, transplante baterako prestatu. Diagnostikoak finkatuko du dena, eta diagnostikoa azterketa biologiko molekularrak zehaztuko du.

Laborategian egin berri duten aurkikuntza, lau gene bakartzea, zenbateraino lagunduko du terapia berriak garatzen?

Ez dakit; oso zaila da horri erantzuten, oraindik ikerketa fasean dagoenez. Hematologoek bainoago, genetistek izan dezakete aztarna argiagoa. Baina argi dago ikertzen jarraitu behar dutela, etorkizunean eragin handia izango duelako. Azken urteotan, izan ere, ikerketak eragin handia izan du gure egunerokoan; terapiak erabakitzeko moduetan, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.