Ikertzaile ezaguna da Koldo Garcia Etxebarria (Basauri, Bizkaia, 1982), ziurrenik egiten dituen ikerketengatik baino gehiago, zientzia dibulgazioan egiten duen lanagatik eta eskaintzen duen gertutasunagatik: Edonola.net blogean, EHUren Interneteko Zientzia Kaieran edota Twitterren (@koldotxu). Biologian lizentziatua, genetikan doktore eta biologo konputazionala da: datu genetikoen analisia egiten du, ordenagailuen bidez. Urdail-hesteetako Genetika taldeko burua da Biodonostia ikerketa institutuan. Genetikak urdail-hesteetako gaixotasunetan eta kolon eta uzkiko minbizian duen eragina ikertzen du, besteak beste. Egiten duten lana azaldu du, nola ez, kafe batek eta pintxo batek lagunduta.
Urdail-hesteetako gaixotasunak ohikoak dira. Ospitaleratzeen %15 eragiten dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, normaltzat hartzen eta gutxiesten ditugu?
Badut kezka hori, ez diegula behar besteko garrantzia ematen. Antropologiatik, soziologiatik eta sozioekonomiatik aztertu beharreko zerbait da. Nor joango da medikuarengana tripako mina duelako? «Pasatuko zait», pentsatzen dugu. Askotan mina joan egiten da, ez da oso larria; baina beste batzuetan iraunkorra da.
Arazoa agerikoa bihurtu arte?
Arazoak jasan egiten ditugu, oso larriak izan arte. Zure okan edo gorotzetan odola aurkitzen duzunean, ez zara medikuarengana joaten, zuzenean larrialdietara joaten zara. Jende asko larrialdietako atetik sartzen da ospitalean.
Gai eskatologikoak direlako ere sentitzen da lotsa? Norberaren kakaz eta haren ezaugarriez hitz egin behar izaten da.
Horregatik diot kulturala ere badela. Lotsa ematen digu, esaterako, odoluzkia dugula esateak. Oso garrantzitsua da gai horiei buruz hitz egitea. Ezin gaitezke minez egon lotsagatik edo pentsatzeagatik esajeratzen ari garela.
Garunak, digestio aparatuak eta mikrobiomak ardatz bat osatzen dutela diozu, elkarri lotuta daudela. Herritar askorentzat lotura hori ezezaguna izan daiteke. Ikerketan ere hala da?
Guk esaten dugu boladan dagoela. Ikusi dugu harremana benetakoa dela eta elkarrekintzak daudela hiruren artean. Gero eta ebidentzia gehiago daude.
Hiruretako batek kale eginez gero, arazoak sortzen dira?
Digestio ona izateko, hiru elementu horiek ondo egon behar dute eta komunikazio ona eduki behar dute. Zerbaitek huts egiten duenean, arazoak sortzen dira.
Garunak digestio aparatuan duen eragina izan daiteke arrotzena.
Garunak egiten duen gauzetako bat hesteetako giharren mugimendua kontrolatzea da, janaria mugitzeko. Pentsa, ahotik uzkira hamaika metroko hodi sistema bat dago. Hesteak abisuak ematen dizkio garunari, nola dagoen esateko. Bien artean komunikazio zuzena ez badago, arazo bat sortuko da mugimenduekin.
Gogo aldarteak ere eragina du?
Bai, argi eta garbi. Gogo aldarteak gure tripetan eragiten du. Mikrobioak eta garuna elkarrekin komunikatzen dira, molekulen bidez. Egoera estresagarri batean bizi bazara, azkenean zure tripek nabarituko dute.
Ikerketetan ikusi duzue urdail-hesteetako gaixotasunetan hiru faktoreen arteko lotura dagoela: buruko nahasmendu batzuei lotutako gene aldaerak, mikrobio jakin batzuen presentzia...
Gaixotasun funtzional batzuk ikertu ditugu: zerbait gertatzen da, baina ez da ikusten, ez dago hanturarik edo ultzerarik. Ikerketetan ikusi dugu badagoela nolabaiteko gainjartze bat buruko nahasmenduen eta urdail-hesteetako nahasmenduen artean. Susmoa da mekanismo biologikoak partekatzen dituztela, ez duela batak bestea sortzen, baizik eta badagoela beste zerbait horiek sortzen dituena. Alegia, txanponaren alde bera direla, elkarrekin doazela. Ondorioz, pentsatzen dugu bata hobetzeko bidea bestea ere izan daitekeela.
Ikerketa lerro hori zabalduta dago?
Lan horiek berriak dira, duela hilabete gutxi batzuk argitaratuak. Ez da erraza hau guztia ikertzea. Orain aukera dugu lehen susmoak edo hipotesiak zirenak ikusteko. Gero eta informazio genetiko eta datu gehiago daude. Agian duela hamar urte gauza hauek planteatzea ezinezkoa zen, ezagutza eta teknologia aldetik ez geneukalako oinarri nahikorik. Orain badaukagu.
Kolon eta ondesteko minbiziari buruzko ikerketa bat argitaratu zenuten iazko abenduan, Cancers aldizkarian. Mikrobiomaren (gorputzeko mikrobioen bilduma), metabolomaren (gorputzeko metabolitoen bilduma) eta pertsonen genetikaren arteko harremana aztertu duzue. Zein da mikrobiomaren eta metabolomaren garrantzia?
Mikrobiomako bakterioen genoma aztertuta, bakterioak identifikatzen ditugu, eta ikusten dugu ea gaixotasunetan, kasu honetan minbizian, espezie bat besteak baino gehiago agertzen den. Gero, pertsona osasuntsuen mikrobiomekin alderatzen dugu. Baita polipoak edo adenomak dituztenen mikrobiomekin ere, polipoak eta adenomak onberak izanda ere, minbizi bihur baitaitezke. Horrela, jakin daiteke zein izan daitekeen markatzaileak aurrez esan dezaketenak pertsona batek minbizia izateko arriskua duela.
Bakterio edo metabolito (metabolismoaren produktuak) batzuk agertzeak minbizi arriskua dagoela adieraziko luke?
Metabolito eta bakterio jakin batzuk edo haien konbinazioak. Hori da guk begiratu duguna. Diagnostikoak aurreratzea eta hobetzea da gakoa. EAEn badago kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa bat, gorotzen bidez egiten dena. Oso ondo funtzionatzen du, gorotzetako odolak oso ondo funtzionatzen baitu test gisa. Baina hobetu daiteke. Hori da gure asmoa ikerketa hauekin.
Zuek pertsonen genetika gehitu diezue mikrobiomaren eta metabolomaren azterketari.
120 pertsonarekin egin dugu. Badakigu talde txikia dela, baina lehen urratsa da. Metabolitoek eta bakterioek funtzionatzen zuten ikusteko aztertu genituen pertsona berdinak dira. Haien material genetikoa ere aztertu genuen. Askotan galdetzen dugu ea norberaren genetikak baldintzatzen duen mikrobioma. Ikusi da espezie batzuetan baietz, baina beste batzuetan ez dago hain argi.
Hiruren arteko lotura dago? Genetikak baldintzatzen ditu mikrobioma eta metaboloma?
Kasu batzuetan pertsona horien genetikak baldintzatzen du bakterio taldeen agerpena, eta, gainera, lotuta dago minbizia garatzearekin. Orduan, badaukagu nolabaiteko lotura ez zuzen bat arriskuarekin. Gauza bera metabolitoekin. Gainera, agerikoa da ondo funtzionatu duela, zeren aurretik jakina da gene aldaera horiek lotura dutela kolon eta ondesteko minbiziarekin. Emaitzek zentzu biologikoa daukate, koherenteak dira aurretik dakigunarekin.
Pertsona horien genetikak dena azaltzen du?
Ez. Informazioak osagarriak dira. Genetikak minbizi arriskuaren zati bat azaltzen du, mikrobiomaren eta metabolitoen bidez azaldu ezin daitekeena, eta alderantziz. Hiru geruza biologiko horiek beharrezkoak dira eredu on bat lortzeko, aurrez esateko pertsona batek kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua duela.
Eta orain zer? Jende gehiagorekin probatu behar duzue?
Lagin handiago batean egitea komeniko litzateke, ereduak nola funtzionatzen duen ikusteko.
Herritarrek mikrobio, metabolito eta gene aldaera batzuk izango balituzte, ereduak aurrez esango luke kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua dutela?
Bai. Arriskua. Inoiz ezin dugu esan minbizia izango duela. Askotan ahaztu egiten zaigu sistema biologikoak sistema konplexu kaotikoak direla. Gero eta gehiago ikusiko ditugu bakterio bidezko eredu genetikoak, gaixotasunen arriskuak kalkulatzeko.
Gaixotasunen arriskua aurrez jakitea ona da herritarrentzat, baina halako hipotesiek mugak, estigmak... ere sor ditzakete.
Gero eta ezagunagoa egingo da medikuntza pertsonalizatua edo zehaztasun medikuntza. Haurren pertzentilekin egiten denaren moduko zerbait izango da. Esango dizute zure gaixotasun arriskua non kokatzen den populazio orokorrarekin alderatuta, eta orduan erabakiak hartuko dira. Horretara goaz. Ez dakit noiz, baina helduko da. Tratamenduak pertsonalizatzeko eta eraginkorragoak izateko tresna da.
Biologoa zara eta urdail-hesteetako gaixotasunak ikertzen dituzu. Osasun arazoak dira, baina baldintza sozioekonomikoek eragina dute tripetan.
Adibide garbiena da zer jaten dugun. Osasuntsu jatea garestia da, baliabideak behar dira. Ez badituzu edo kulturalki ez badizute erakutsi zer garrantzia duen ondo jateak, horrek ondorio batzuk izango ditu zure tripetan. Gaixotasun bat dagoenean, zergatik da? Pertsonak gaixotasuna garatu behar zuelako edo ez zuelako baldintza nahikorik ez garatzeko? Horrek perspektiba asko aldatzen du. Baita nola ikertzen duzun ere.
Ikerketa talde zabalagoak osatu behar dira, halako faktoreak ere aintzat hartzeko?
Bai. Antropologia, soziologia eta sozioekonomia ere txertatu behar dira.
Ikerketa sistemak zientzia bahitua duela esan zenuen Elhuyar aldizkarian. Zergatik?
Ikerketa sistema honetan burokrazia gehiegi daukagu, eta, askotan, denbora gehiago pasatu behar izaten dugu burokrazia kontuekin, ikertzen eta zientzian pentsatzen baino. Gure lehen lana pentsatzea da. Ondo pentsatu behar dira proiektuak, emaitzak...
Zientziaren dibulgazioaren ikurretako bat zara. Hala ere, salatu ohi duzu dibulgazioa ez dela baloratzen. Zergatik?
Egia da azken urtetan aldatu dela. Hala ere, pentsatu behar dugu zergatik ikusten ditugun beti pertsona berdinak dibulgazioan. Pandemian ere bai. Zergatik? Besteek ez dutelako nahi edo ikusten dutelako ez dagoela etekinik edo konpentsaziorik.
Zientzia. Koldo Garcia Etxebarria. Biologo konputazionala
«Diagnostikoak aurreratzea eta hobetzea da gakoa»
Genetikak urdail-hesteetako gaixotasunetan duen eragina eta garrantzia ikertzen du. Ikusi du gaitz horietan lotura dagoela digestio aparatuaren, mikrobiomaren eta garunaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu