Beteta dago Barañaingo auditoriuma (Nafarroa). Autobus bakarra etorri da auditoriumeko besaulkiak betetzera, gehienak etxekoak baitira: Jaso Ikastolako ikasleak. Zenbait ikasleren marmarrek eta irriek hartua dute aretoa, baina zuloguneko musika zuzendariak batuta altxatu bezain laster, oihalek bistan utzi dute ITSAS-7 obraren unibertsoa.
«Gure bizitza guztiz kontrolatuta dago». Kamera bat eskuan izanik, Izaritz CO2 podcasteko esatariak hasi du obra, jantzi urdin eta zilar kolorekoa soinean. Gehienak itsas azpian bizi dira, kutsadurari ihes egiteko; hala ere, olatu azpiko gizarteko buruzagiak garesti saltzen du oxigenoa. Enpresaburu horren helburuak argitara emateko lan egiten du podcasteko esatariak, eta lurrazalean oraindik bizia dagoela uste du.
Lurrazalean bizia bai, baina belaunaldi berri gutxi. «Zoriontsuak ginen lehen», abestu du Zazpi herriko aitonak. «Batzuk nekazariak ginen, baina industria garaiarekin kutsadura iritsi zen, eta aro berri bat hasi». Etorkizunari beldurra dio aitonak, gazteenek ur azpian zer dagoen jakin nahi dutelako, eta herria betiko utzi.
Olatuen artean ezkutatutako unibertsoarekin liluratuta, Zeine eta Aiur anai-arrebek zilarrezko kupulak ezagutzeko bideari ekin diote, herriko batzarrean erabakia onartu eta gero. Kontrabandista batzuen laguntzarekin, ozeanoaren hondoan murgilduko dira, igogailu baten bitartez. Ateak ireki bezain laster, Magenta auzo marjinalarekin egingo dute topo, itsas hiriburuko luxuetatik urrun dagoen eremuarekin. Bertan, itsasoko biztanleek oxigenoa izateko ordaindu behar dutela ikusi dute, eta, gainera, eskumuturrean txip bat daramate, emozioak kontrolatzeko. Gutxieneko zoriontasuna lortu ezean, Emozio-zaintzaileak agertzeko arriskua dago.
Aro berria
Ur azpikoa «ametsetako hiria» dela abestu du enpresaburuak, lantegiko bekadunak modu bortitzean tratatu eta kontrola indartu bitartean. Izaritzek irudi horrekin apurtzea du helburu, eta bere podcastarekin lurrazalera joanen dela esan du, bizia badagoela erakusteko: «Egia jakitea ezinbestekoa da». Haserre, enpresaburuak bere armada bidali du esatariaren kontra, eta txalo artean jaso ditu aretoak zilarrezko galtzekin jantzitako dantzariak.
Zilarrezko kupulak gertutik ikusi ondoren, Zainek eta Araik ur azpiko aurpegi iluna ikusiko dute, eta nekazaritzan oinarritutako lurrazalaren falta sumatuko dute. «Ikasleek istorio hau jakitea beharrezkoa da, ez baitute herriko bizimoduaren berri», azaldu du Imanol Janicesek, ITSAS-7 musikalaren zuzendariak.
Negar malkotan eta besarkaden artean amaitu dute emanaldia, txalo zaparrada jasota. Musikalaren atzean 367 eguneko lana egon dela azaldu du zuzendariak, eta ikasleen «lan bikaina» azpimarratu nahi izan du. Izaritzek piztu du bere mikrofonoa azken aldiz, podcastaren azkeneko saioa lurrazaletik egiteko, nekazariz eta itsas hondotik etorritako lagunez inguratuta: «Askatasuna: gutxi iruditzen zaizu?».