ATZEKOZ AURRERA. Beñat Goitia. Artista

«Desparadisura garamatzaten gaiak dira lana eta erlijioa»

'Isturitzetik Etiopian Barrena' ikuskizuna egin du Goitiak. Musika, literatura eta zinema uztartzen ditu lanak. Ikuskizuneko protagonista bederatzi alorretatik pasatuko da, desparadisura iritsi arte.

Gasteiz
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Filologia ikasi zuen Beñat Goitiak (Gasteiz, 1991), eta, egun, Trebiñuko Udalean dabil euskara teknikari. Hala ere, euskara kontuetatik kanpo badauka beste alde ezkutu bat: artista da. Montauk musika taldeko abeslaria eta gitarrista da, eta Isturitzetik Etiopian Barrena ikuskizuna osatu du, arte diziplina anitzeko kontzertu literario antzeztua.

Ikuskizuneko bederatzi atalek desparadisura eramango dute protagonista. Zer da desparadisua?

Desparadisua da bidaia hau egiten duen pertsonaiaren helmuga. Bederatzi zirkulu horietako bakoitzean gai bat lantzen dugu. Esaterako, lana eta erlijioa. Eguneroko kontuak dira, baina desparadisura garamatzaten gaiak dira erlijioa eta lana. Kontzeptu hori Bernardo Atxagaren Etiopia liburuan lantzen den termino bat da.

Bi literatur obretan oinarritu zara lana osatzeko: Atxagaren Etiopia-n eta Joxean Artzeren Izturitzetik Tolosan Barrena-n. Bi lan horietatik jaio al da lanaren izenburua?

Ikuskizuneko testu gehienak nik idatzitakoak dira, baina Artze eta Atxaga dira oinarri teorikoa. Biak presente daudela adierazteko jarri diogu izen hori.

Zertan lagundu dizute Atxagaren eta Artzeren testuek lana osatzeko garaian?

Etiopia lehen aldiz irakurri nuenean, bat-bateko maitemina sentitu nuen. Ikusi nuen oraindik gaurkotasuna zuela, nahiz eta duela hamarkada asko idatzi; baita Artzerenak ere. Iruditu zitzaidan ildo komunak zeuzkatela idatzi nahi nituen testuekin. Nahiz eta tradiziozko testuak izan, berritasun hori eskaini diote; hots, tradizioaren eta modernitatearen arteko lotura dute.

Gaurkotasun pixka bat daukaten testuak egokitu dituzu protagonistaren, hau da, gaur egungo gazte baten ikuspuntura?

Bai, hori da. Ikuskizunaren asmoa ere bada bi obra horiek era berrituan aurkeztea.

Nola sortu zen Isturitzetik Etiopian Barrena osatzeko ideia?

Ideia hau duela bi edo hiru urte sortu zen, ikasketa garaian. Lan batzuk egiteko Bernardo Atxagaren obrak aztertzen hasi nintzen, eta ideiak sortzen hasi ziren, ikuskizun bilakatu zitezkeen ideiak. Gero, Gazte Sortzaileak beka eman zidan Gasteizko Udalak. Beka horren bitartez forma eman genion lanari.

Hainbat kideren laguntza jaso duzu. Besteak beste, Adrian Puck DJ gasteiztarrarena eta Aitor Zarzuelo zinemagile lasartearrarena. Hiruren artean osatutako lana al da?

Bai. Eduki eta gidoi aldetik nik osatu dut. Behin ikusi nuenean zein atal behar zituen ikuskizunak biengana jo nuen. Puck alor elektronikoan aritu da, eta Zarzuelok gidatu du film laburra.

Musika, literatura eta zinema uztartu dituzu. Sartzen al dira guztiak lan batean?

Bai, bai. Gurean behintzat bai. Ikuskizunak bederatzi atal dauzka. Bederatzi atal agertzen dira Atxagaren Etiopia liburuan eta Danteren Divina Comedia-n. Literaturan nahiko erabilia izan den kontzeptua da bederatzi zatirena. Atal batzuetan musika erabiltzen dugu, beste batzuetan zinema edo literatura. Baditugu hainbat arte eremu uztartzen diren atalak ere.

Praktikan nola uztartu dituzu arte eremuak?

Adibidez, eszena bat proiektatzen den bitartean, horren gainean zuzeneko musika jartzen eta testu bat errezitatzen dugu. Kantautore ukitua dituzten kantuak osatu ditugu elektronikarekin.

Ikuskizunerako zuzendu du Zarzuelok Desparadisua film laburra. Desparadisurako bidean laguntzen al du?

Bai, gaur egun irudiak asko laguntzen du guztian. Testuak irudira eramateko ahalegin bat izan da, beste bide bat lana osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.