Desobedientziak badu artea

Londresko Victoria and Albert museoan, 1970etik gaur arte protestarako baliatu diren era guztietako objektuak bildu dituzte 'Disobedient Objects' izeneko erakusketan.

1 VICTORIA AND ALBERT MUSEUM, / BESTEAK.
Londres
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Lortzeko errazak dira materialak: litro eta erdiko freskagarri botila huts bat, markagailu bat, guraizeak, kola, metro bat goma aparrezko zinta, dentistek eta igeltseroek baliatzen duten maskara horietako bat. Argibideak, berriz, haur batek jarraitzeko modukoak: errotuladorearekin markatu kendu nahi dugun botila zatia, eta gero ebaki. Plastikoaren ertzak labanak bezala mozten duenez, goma aparrez estali, aurpegian zauririk ez egiteko. Gomak kendu ostean, sartu maskara botilaren barrenera. Edonork egin dezake negar gasetik babesteko maskara. Googlen ez ezik, Londresko Victoria and Albert museoan ere topatuko ditu jarraibideak bisitariak. Izan ere, Disobedient Objects izeneko erakusketarako aukeratutako tresnetako bat da negar gasetik babesteko inprobisatutako maskara.

Salbuespen batzuekin, 1970etik gaur bitarte gizarte mugimenduek protesta egiteko baliatu dituzten gailuak biltzen ditu erakusketak. «Arauak auzitan jartzen dituztenen sormenez betetako desobedientzia nabarmentzen du erakusketak», dio museoko zuzendari Martin Roth-ek erakusketari buruz.

Negar gasaren kontrako maskara inprobisatua iaz baliatu zuten lehen aldiz, Turkian. Gobernuaren aurka protestan zihardutenek jantzi zuten, Poliziaren erantzunaren aurka. Ondoren, beste hainbat lekutan ere ikusi da; Venezuelako hiriburuan, Caracasko protestetan, adibidez, aurten.

Hura etxean egiteko jarraibideen ondoan dago Common Practice kolektiboaren Inflatable General Assembly delakoa, batzar orokor puzgarria. Arkitekto eta diseinatzaile taldeak Occupy Wall Street mugimenduko kideentzat egin zuen aterpe hanpagarria. Manifestari haiek New Yorkeko Zuccotti parkea okupatu zuten 2011ko irailaren 17an, korporazio handien erabateko boterea eta munduko aberatsen zerga ihesa salatzeko. AEBetako ekialdeko kostako hirian, udazkena izanda, kaxkarra zen eguraldia. Baina hori protesta ez egiteko aitzakia izan ez zedin diseinatu zuten Common Practiceko kideek Inflatable General Asembly. «Guk, arkitektoak izanda, genekiena eskaini genion protestari, ehunka manifestarik egunak parkean igaroko zituztela eta negua zetorrela ikusita», dio Greta Hansenek, kolektiboko kideak. «Hori batetik; bestetik, partekatzeko estrategia izan zen, jendea elkarraraztekoa edo protesta indartzekoa».

Sofistikatuak ere bai

Disobedient Objects-ek protestarako objektu sofistikatuenak biltzen ditu. Esaterako, Barbie Liberation Organization taldeak baliatutakoak. Ekintzaile horiek 1993an egin ziren ezagun, generoari lotutako estereotipoei kontra egiteko G.I. Joe eta Barbie panpina ahotsdunei grabazioa aldatu zietenean. AEBetako jostailu dendetatik bostehun panpina inguru hartu, «ebakuntza» egin, eta berriz ere apaletan jarri zituzten. Hala, manipulatutako Barbie haiek erosi zituzten gurasoak zur eta lur geratu ziren, panpina ilehoriek «nirea da mendekua» esan zutenean. G.I. Joe panpinek, berriz, «hondartza da udan leku onena» zioten.

Sofistikazio maila berekoa da Occupy George egitasmoa. Dolar bateko billeteetan aberatsen eta behartsuen arteko aldea islatzen zuten grafikoak inprimatu zituzten. Baina desobedientziarako tresna sinpleagoak ere biltzen ditu Victoria and Alberteko erakusketak; Errusiako Gobernuaren kontra protesta egiteko ekintzaile homosexualek eskuz brodatu zituzten pankartak, kasurako, eta Txileko arpillera-k. Lehen begi kolpean, herrialdeko eguneroko pasarteak kontatzen dituzten brodatutako oihal koloretsuak dirudite, oporretatik bueltan oroigarri gisa eramaten diren horietakoak. Baina, arretaz begiratuz gero, Txileko errealitatearen alde askoz ere ilunagoa islatzen dute: Augusto Pinocheten estatu kolpearen osteko garaia; hildakoak; desagertutakoak.

Eta objektu zaharragoak ere badaude, 1970etik gaur arterako bilduma horretan salbuespenak direnak; tartean, sufragette-en te ontziak eta katiluak. Emakumeen Batasun Politikoa eta Soziala (WPSU, ingelesez) elkartearen zigilua daramate, turuta jotzen ari den aingeru bat; 1909an erabili zituzten Erresuma Batuan emakumeen botoa emateko eskubidea aldarrikatzen zutenek.

Desobedientzia museoan?

Pieza horiek guztiak elitearentzat sortutako eta Britainia Handiaren kolonialismoaren erakusgarri argia den museoan egoteak, baina, kontraesana dirudi. Erakusketako komisarioek zentzua baduela diote. «Erakusketa honek argi uzten du erakundearen izaera publikoa eta hezteko eta gizartean eztabaida sortzeko duen asmoa», azaldu du Catherine Floodek. Eta hau gehitu du: «Guztiak elkartu eta erakusgai jarri aurretik, objektuetako asko ez zeuden kalean, sotoren batean gordeta baizik. Orain ikusgarri egin ditugu berriz».

Dena den, desobedientziarako objektuak izanda, badaki ez direla museoetan ikus daitezkeen gainontzeko lanak bezalakoak. Besteak beste, testuingurua behar dute haien nondik norakoa ulertuko bada. «Horregatik gehitu ditugu protesten ikus-entzunezkoak eta argazkiak, kartzelatik idatzitako eskutitzak, mezu elektronikoak, gailuak norberak egin ahal izateko argibideak. Zenbaitetan zentzu handiagoa du, gainera, hauek erakusteak objektuak berak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.