Sunita Camblong: «Desberdintzen ditut entzuten ditudan kantuak eta kantatzen ditudanak»

Euskal kantuen 'a cappella' bertsioak zabaltzen ditu sare sozialetan Camblongek. Ezustean, bideo batek dozenaka mila ikustaldi bildu ditu.

Sunita Camblong
Sunita Camblong, aste hasieran, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
julene muruaga
Donostia
2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Familian den ohiturari esker murgildu da kantuaren munduan. Geroztik, kantu klaseak hartu zituen, eta egun, sare sozialen bidez bere pasioa zabaltzen du. Iazko irailean, Txikia kantuaren bertsio baten bideo bat jarri, eta ezusteko arrakasta lortu zuen Sunita Camblongek (Angelu, Lapurdi, 2006). Denetariko musika entzuten badu ere, hedatzen dituen bideoetan klasikoak kantatu nahi ditu: «Euskal kultura partekatu, hori egin nahi dut. Sare sozialen bidez Euskal Herriko biztanleei gure kultura ezagutarazi nahi diet».

Telesforo Monzonen Txikia kantuaren bertsio bat zabaldu zenuen sare sozialetan, eta milaka ikustaldi eta ehunka erreakzio bildu zituen. Espero zenuen bideoak halako harrera izatea?

Ez. Ez nuen erreakzio berezirik ukan. Egia errateko, kantua jarri nuen kantua ederra iruditzen zitzaidalako, baina bideoa ez nuen bereziki gustuko. Bideoa jarri nuelarik sekula ez nuen pentsatu hainbeste zabalduko zenik. Gainera, ni ez nintzen konturatu, nire lagunek erran zidaten bideoa zabaltzen ari zela. Harritu ninduen. Gehiago harritu ninduen irrati saioetara gonbidatu nindutelarik.

Ez da sare sozialetan jarri duzun bideo bakarra. Zergatik erabaki zenuen sare sozialetan zure pasioa zabaltzea?

Plazerez egiten dut. Kantatzea maite dut, eta hori zabaltzeko gogoa dut.

A cappella edo ahots hutsez kantatzen duzu.

A cappella kantatzen dut ez baitakit instrumenturik jotzen, kar-kar. A cappella kantatzeak alde onak ditu, teknika anitz-anitz lantzen da, ahotsa lantzen da, erritmoa ere bai, tonalitatea zehazki non ezarri... Sortzen duen efektua maite dut. Musikarik ez denez, ahotsa ongi landu behar da.

Loretxoa, Ikusten duzu goizean, Txoria txori... Euskal kantu klasikoak kantatzen dituzu gehienbat. Nolaz?

Nik egin nahi dudana da euskal kultura zabaldu. Sare sozialen bidez gure kultura ezagutarazi nahi diet Euskal Herriko biztanleei. Ikusten dut, gehienbat Ipar Euskal Herrian, jendeak ez duela baitezpada euskal kultura ezagutzen: ezagutzen ez duten mundu bat erakutsi nahi diet. Beraz, oraingoz erabaki dut erregistro horretan egotea.

Euskal kantuak folklorez erabiltzen dira gero eta gehiago; iaz, Frantziako armadak Txoria txori kantuaren bertsio bat zabaldu zuen sare sozialetan. Beste kasuak ere badira. Nola ikusten duzu folklorizazio hori?

Ni ez naiz nehor errateko nork kantatzen ahal duen edo nork ez. Baina pentsatzen dudana da kantuen definizioa eta mezua garrantzitsuak direla. Ikusten ditugunean eskuin muturreko batzuk Txoria txori kantatzen, haien konbentzioekin bat ez doan kantu bat da. Azkenean, irrigarria da. Definizioa esplikatuko bagenie, ez dut uste segituko luketenik kantu hori kantatzen. Alde positiboak ere ikus daitezke: euskal kultura ikusgaiago egin dezake.

Zer zentzutan?

Bideo horren ikusleek hola erreakzionatu dezakete:  «Zer hizkuntzetan ari dira?», «Nongoa da kantua?»... Azkenean, alde txarra ez da guretzat, haientzat da: haien iritziak kontrajartzen ditu. Fenomeno hori ez da euskal kantuekin gertatzen. Bella ciao abestiarekin ere gertatu zen, jendea kantatzen hasi zen jakin gabe zer bazen gibelean.

Egunerokoan zer musika mota entzuten duzu?

Denetarik entzuten dut. Biziki aleatorioa naiz. Dena maite dut. Melodia maite badut, entzunen dut. Batzuetan, ez naiz neure buruaz harro hitzak ez direlako politak, baina erritmoa eta musika maite baititut entzunen dut. Halere, anitz desberdintzen ditut entzuten ditudan kantuak eta kantatzen ditudanak. Garrantzitsua zait hitzei kasu ematea kantatzen dudalarik. Kantatzen dudana nire ahotik ateratzen diren hitzak izanen dira. Inpaktua dutela iruditzen zait.

Nola hasi zinen kantatzen?

Betidanik dudan zerbait da. Orokorrean, familia gauza da, familia giroan den gauza bat da; bazkarietan, afarietan, beti kantua bada. Amak ere musika anitz entzunarazten zidan, edozein hizkuntzatako edo motatako musikak. Horrela hasi nintzen. Kolegioan nintzelarik, amaren kontseiluak segitu nituen, eta kanta kurtsoak hartu. Bizpahiru urtez segitu nituen klaseak. Ahotsa behar bezala erabiltzen ikasi nuen.

Aurten ikasketak hasi dituzu, Donostian, Antropologia graduan. Zergatik eman zenuen izena Donostian, eta zergatik Antropologian?

Donostiara etorri naiz euskaraz ikasten segitu nahi dudalako. Antropologia gradua hasi dut beti interesgarria iruditu zaidalako besteei buruz ikastea, beste kulturak ezagutzea, bizitzeko beste moldeak... Baina bereziki ikasten duguna da ez direla jujatu behar gizarte ezberdinen tradizioak eta ohiturak. Lehen urtean naizenez, Antropologiako ikasleak eta Filosofiakoak ber gelan gara, eta uste dut Filosofian segitu nahiko dudala heldu den urtean.

Zer gustatzen zaizu filosofian?

Nahiz eta antropologiak eta filosofiak lotura duten, filosofia gehiago gustatzen zait. Filosofo eta idazleen ikusmoldeak entzunez, buruari ehunka itzuli egiten dizkiozu. Nire pentsatzeko eremutik kanpo eramaten nauen gai bat da. Desafio bat bezalakoa da, eta biziki interesgarria iruditzen zait.

LOTSABAKO

Kantatzeko leku egokiena?
Leiho bakarreko gela itxi bat, oihartzuna sortzen duelako.

 

Kantari bat?
Labrit. 

Filosofia ala kantua? Filosofia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.