Ezarian. Errotak

Desagertutako errota, berriz ere lanean

Mendexako Marierrota 1980ko hamarkadan eraitsi zuten, eta orain berreraiki egin du Lea-Artibaiko Amankomunazgoak. Laster zabalduko ditu ateak bisitarientzat.

Oinarri zaharren gainean eraiki dute errota berria. LEKEITIOKO HITZA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
XVI. mendean eraiki zuten Marierrota, Lekeitiotik Mendexarako bidean dagoen errota. Itsasoaren gorabeherak aprobetxatuz jartzen zen martxan errota, bere garaian euskal kostaldean zeuden beste hainbat errota bezalaxe. Denborarekin, bertako lana galdu egin zen, Euskal Herriko gainerako errota guztiekin gertatu zen moduan. 1980ko hamarkadan Marierrota hondakina besterik ez zen, eta «eraikina berreskuratu beharrean, botatzea erabaki zuen Lekeitioko Udalak», dio Lea-Artibai Amankomunazgoko ingurumen teknikari Luis Kazalisek. Hiru hamarkada igaro dira Marierrota bota zutenetik, eta orain erreplika bat eraiki berri dute errota zegoen leku berean. Garai hartako makineria errespetatu dute, baina ez dute irina egiteko erabiliko, errentagarritasunik ez baitaukate errotek gaur egun. Hala ere, jendeari garai bateko ofizioa erakusteko aproposa izango dela ziur da Kazalis. Bertan interpretazio zentro bat jarri dute, museoaz gain.

Marierrota padura batean dago, eta errota bota zenetik, inguru horretan hainbat proiektu proposatu ziren: futbol zelaia, arrain haztegia eta kirol portua, besteak beste. Baina proposamen horiek beste edozein gunetan egin zitezkeen. Marea errota, ordea, hor bakarrik berreskurazitekeen. Izan ere, errotaren jatorrizko egitura, errotara ura eramateko bobeda, kanala edo baita presa bera ere lekuan bertan baitzeuden eraikina bota arren ere. Horregatik, «interesgarria zen errota bertan berriz egitea», Kazalisen hitzetan. Orain, oinarri zaharren gainean dago errota berria. «Lau errotarri jarri ditugu, arkeologoek emandako informazioan oinarrituta berreginda».

Ikuspuntu ezberdineko gunea

Oinarrietatik errota berria eraikitzeko egitasmoari Lea-Artibaiko Amankomunazgoak ekin zion, 2003. urtean. Herriko ondarea berreskuratu nahi zuten, baina, era berean, Lea ibaiaren biodibertsitatearen inguruko interpretazio zentro bat ere jarri dute bertan. «Errota hau mareen gorabeherarik gabe ez litzateke ezer. Paduran dagoen biodibertsitatea ere handia da, eta hori ere bildu nahi izan dugu proiektuan», Kazalisen hitzetan. Horregatik, erakusketaren lehen zatian erroten funtzionamenduaren berri ematen dute, eta, ondoren, inguruko biodibertsitatearena.

Lekeitio azken urteetan prestatzen ari den itsas museoaren proiektuaren barruan ulertu behar da Marierrota berreskuratzea. Era honetako eraikin batek indar handiagoa izan dezakebera bakarrik eskaini beharrean«proiektu orokor baten barruan sartuta». Hor daude, esaterako, Santa Katalina faroa, Playa de Ondartzabal itsasontzia eta ontziolak bisitatzeko aukera, besteak beste. Eskaintza horien guztien barruan, errotak bere lekua izango du. Hala ere, aipatu beharra dago Marierrota Mendexako lurretan dagoela, kudeaketa Lekeitioko Udalak egingo badu ere.

Marea errotetako bat

Euskal Herriko kostaldean, Baionatik hasi eta Barakaldoraino, hemeretzi udalerritan egon ziren marea errotak XVI. eta XVIII. mendeen artean. «Oso gauza ohikoa zen». Baina gaur egun arte errota horietatik guztietatik gutxi batzuek bakarrik iraun dute. Marea erroten ondarea ia galdu da, Gautegiz Arteagan dagoen Portu Errota, Busturiako Marerrota eta Plentziako Gazteluondoren hondar batzuk geratzen baitira bakarrik. Mendexako Marierrota hau oinarrietatik berreskuratu dute, eta horren bitartez «jendeak garai bateko bizimodua ikusi eta ikasi ahal izango du», Kazalisen hitzetan.

Museoa inauguratu badute ere, ateak oraindik ez dituzte zabaldu. «Sanpedroetarako eduki nahi dugu martxan», azaldu du kazalisek. Laster, bisita gidatu edo kontzertatuen bidez, marea errotak galbidetik irtengo dira, apur bat baldin bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.