Ezarian

Derrigorrezkoa izan dadin

Urtzi Gurrutxaga futbolean jokatzen hil zen gaztearen senideek kanpaina bat abiatu dute, kirol instalazioetan desfibriladoreak jartzeko. Bihotzekoa izan eta lehen minutuetan erabakigarria izan daiteke.

Usurbilgo Urbil merkataritza gunean desfibriladorea jarri dute. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Desfibriladorea egon izan bazen, ez dakigu lehengusua bizirik egongo zen. Baina aukera handiagoa izango zuen bizirik irauteko. Izan ere, bihotza gelditu osteko lehen uneak erabakigarriak dira, eta horietan desfibriladoreak zeresan handia du. Hala azaldu digute medikuek». Aritz Doihartzabalen hitzak dira, otsailaren 2an Donostiako Berio taldearen zelaian hil zen Urtzi Gurrutxagaren lehengusuarenak. Gurrutxagaren senideek ez dute nahi halako kasu gehiago gertatzerik. Hori dela eta, sinadura bilketa kanpaina bat hasi dute Change.org webgunean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirol instalazio guztietan desfibriladoreak jartzeko eskatzeko. «Egungo legedia ez zaigu nahikoa iruditzen. Gustatuko litzaiguke, gainera, hori ez mugatzea kirol guneetara, eta jende dezente biltzen den lekuetan ere jartzea».

Heriotza gertatu eta egun gutxira Gurrutxagaren anaiak testu bat idatzi zuen, eta sare sozialetan jarri zuen. «Barrena askatzeko beharra zuen, eta, izandako oihartzuna ikusita, sinadurak biltzea erabaki genuen». Dagoeneko 20.000tik gora jaso dituzte. «Oso eskertuta gaude erantzunarekin». Sinadura horiek erakundeetan aurkeztuko dituzte. «Ez dakigu zein erantzun jasoko dugun; baina, behintzat, hausnarketa bat bultzatu nahi dugu gizartean. Izan ere, lehengusuarena ez da kasu bakarra. Aldian-aldian gertatzen dira». Espainiako Futbol Federazioak Hirugarren Mailara bitarte derrigortzen du zelaietan desfibriladoreak egotea. «Zergatik ez dute behartzen hortik behera?».

Eusko Jaurlaritzak 2005ean aldatu zuen desfibriladoreen erabilerari buruzko legedia. Ordura arte soilik osasun profesionalek erabil zitzaketen. Ondoren, beste hainbat moldaketa egin zituen, erabiltzaile horien legezko babesa areagotzeko. «Legearen helburua da ahalik eta jende gehienak jakitea erabiltzen», azaldu du Osakidetzako Larrialdietako zuzendari Karlos Ibargurenek. Ez du derrigortzen, ordea, leku publikoetan jartzea. Nafarroan ere legea antzekoa da. 2002. urtetik dute osasuneko profesionalak ez direnek erabiltzeko aukera. Erabiltzaileek gutxieneko prestakuntza bat izatea aholkatzen da. Larrialdi zerbitzuetako profesionalek eman ohi dituzte ikastaro horiek. «Ikastaro horietan, desfibriladorea erabiltzen ez ezik, bihotz-biriketako masajea ematen ere irakasten da; azken batean, lehen sorospenak ematen».

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan legea zehatzagoa da. 2007. urtetik dute osasun profesionalak ez direnek desfibriladoreak erabiltzeko aukera. Handik bi urtera gailu horiek egotea gomendagarria litzatekeen leku publikoen zerrenda bat osatu zuten. Hauek dira leku horiek: geltokiak, kirola egiteko lekuak, ikastetxeak, merkataritza guneak, aireportuak, hegaldi komertzialak eta bihotzeko geldialdia izateko arriskua duten adineko pertsonak dauden lekuak. Gomendio bat baino ez da. Iaz, ordea, Frantziako Asanblea Nazionalean lege proposamen bat aurkeztu zuten, gomendio izateari utzi eta derrigorrezko bihurtzeko. Leku publiko guztietan jartzea nahi dute, eta bost urteko epea eman nahi da horretarako. Oraindik, dena den, proposamena ez da gauzatu.

Badira azken urte hauetan desfibriladoreak jartzea erabaki duten leku publikoak. Horietako bat Urbil merkataritza gunea da(Usurbil, Gipuzkoa). 2008. urtean egin zuten. Hango Prebentziorako Sailak jakinarazi duenez, neurri horrekin ez zuten izurik eragin nahi bezeroen artean. «Beste zerbitzu bat eskaini nahi diegu, eta ahalik eta lasaitasun gehiena eman». Printzipioz, segurtasuneko arduradunak dira halako egoera batean erantzun behar dutenak. «Dena den, merkataritza gunean lan egiten duten beste hainbat langilek ere jaso dute prestakuntza». Aurtengo prestakuntza antolatzen ari dira dagoeneko. «DYAk ematen digu. Langile berrientzat zein lehenago prestakuntza hori jaso dutenentzat da, beti baitago zer ikasia».

Gomendagarria

Iñaki Arratibel kirol medikuaren ustez, kirol eta astialdi guneetan «derrigorrezkoa» izan beharko luke desfibriladoreak egotea. «Azken batean, jende dezente biltzen den lekuetan: kiroldegietan, antzokietan, zinematan, merkataritza guneetan...». Tolosako futbol taldeko presidentea izan da urteetan, eta Arratibel buru zuen zuzendaritzak Berazubiko zelaian desfibriladore bat jartzea erabaki zuen duela lau urte. «Ez dakit Urtzi (Gurrutxaga) bizirik aterako zen, baina desfibriladorea egoteak asko handitzen ditu bizirik irauteko aukerak halako kasuetan». Lehen uneetan esku hartzeak duen garrantziaz ohartarazi du. «Aurrera ateratzen da lehenik eta behin lortu behar dena, eta, horretarako, ahalik eta azkarrena jardun behar da. Hor asko laguntzen du desfibriladoreak. Bihotza zenbat segundo gehiago geratuta eduki, burmuinean eragiten diren kalteak handiagoak dira. 4-5 minututik aurrera ondorioak larriagotuz doaz».

Beraz, erakundeei eskari garbia egin die: «Bultza dezatela derrigortasun hori. Izan ere, interesgarria dela esaten badute ere, gero ez dute leku publikoetan ezartzeko urratsa egiten. Leku pribatuetan jartzen dira, batez ere». Derrigortasun hori ez ezartzeko askotariko arrazoiak daudela uste du. Baina bi aipatu ditu. Batetik, arrazoi ekonomikoak daudela uste du. «Ez luke horrela izan behar. Halako gailu batek 1.500 euro inguru balio du, eta erakundeek diruz lagunduta klub txikiei ez lieke hainbeste kostu ekarriko. Gainera, argi dago ez edukita askoz gauza garrantzitsuagoak galtzen direla: biziak».

Bestetik, nabarmendu du jende askok «beldurra» duela halakoak erabiltzeko. «Hori, batez ere, ezjakintasunagatik gertatzen da. Izan ere, oso erraza da erabiltzen». Ameriketako Estatu Batuetako adibidea jarri du. «Han jende gehienak badaki erabiltzen. Lan handia egin da horretarako. Ikastaro txiki bat egitearekin nahikoa da. Gailuak berak esaten dizu nola erabili».

Ibargurenen ustez, «gomendagarria eta inportantea» da jende dezente biltzen den lekuetan desfibriladorea jartzea. Uste du, gainera, «ñabardura asko» dituen gaia dela.

Gainera, gogorarazi du bizirik irauteko dauden lau katebegietatik hirugarrena dela desfibriladorea erabiltzea. «Aurretik daude geldialdia gertatuko dela garaiz antzematea eta bihotz-biriketako masajea ematea. Ondoren, berriz, bizirik irautea aurreratua dago. Hor derrigorrezkoa da profesionalen esku hartzea. Gainera, geldialdi motaren arabera, desfibriladoreak ez du deskargarik ematen. Beraz, ezin da erabili».

Hori dela eta, Ibargurenek argi du: «Desfibriladoreak jartzea bultzatzea bezain garrantzitsua da lehen bi katebegiak erakustea: jendeak geldialdi bat antzematen eta masajea ematen jakitea, alegia. Hori hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez lor daiteke. Alor horretan, beste herrialde batzuekin alderatuz, atzerapenarekin goaz. Gauza asko daude egiteko». Datu bat eman du hori baieztatzeko: «Guk halako kasu bat telefonoz jasotzen dugunean, deitzen duenari eskatzen diogun lehen gauza bihotz-biriketako masajea ematea edo berpiztea da. Baina soilik %25ek egiten dute, ez dakitelako. Datua oso baxua da».

Osasun azterketak, lagungarri

Geldialdia izan daitekeela zenbat eta lehenago diagnostikatu bizirik irauteko aukera handiagoa dela gogorarazi du. «Dei bat jasotzen badugu pertsona bat bihotzekoa izaten ari dela esanez, eta geldialdia gu hara iristean gertatzen bada, bizirik irauteko aukerak %20tik %90era igotzen dira. Horregatik da garrantzitsua, esan bezala, antzematen jakitea». Erakundeen aldetik egin den ahalegina «egokia» izan dela uste du. «Anbulantzia guztietan jarri dira desfibriladoreak, eta Ertzaintzak ere baditu. Sentsibilizazio lana ere egiten ari da».

Asko hitz egiten da halako kirolariek egiten dituzten osasun azterketen inguruan. «Badira proba horiek eginda ere antzeman ezin diren arazoak. Baina beste asko bai, eta, hori dela eta, prebentziorako oso inportanteak dira. Nik, adibidez, urtero ditut bihotzeko arazoengatik geratzera behartzen ditudan kirolariak». Arratibelek uste du ez direla behar beste kontrol egiten. «Futbolaren kasuan, adibidez, federatzean eskatzen dizute osasun azterketa egitea. Baina hortik aurrera ez zaude derrigortuta egitera. Kluben borondatearen eta nahien arabera izaten da. Egon daiteke jokalari bat kirol ibilbide osoan osasun azterketa bakarra egiten duena. Betiere maila ez profesionalean». Dena den, nabarmendu du pixkanaka kirolari eta taldeak gero eta gehiago jabetzen ari direla azterketa egitearen garrantziaz.

Hainbat herrialdetan legea gogortzen ari dira. «Iparraldean eta Frantzian korritzen diren lasterketetan, adibidez, derrigorrezkoa da korrikalariek txosten mediko bat aurkeztea. Eskaria, gainera, berdin egiten da maratoi batean edo bost kilometroko lasterketa batean. Bide beretik jotzen ari dira AEBetan eta Italian». Urteak dira lege hori ezarri zela. «Lasterketa horietan hildako korrikalarien senideek erantzukizun zibilak eskatu zituztenean ezarri zen, auzitara jo zutenean. Pena da mehatxu hori egon behar izatea neurriak hartzeko».

Mehatxuetatik harago, kirolariak beraiek parte hartzen ari diren probaren gogortasunaz jabetu beharko luketela uste du Arratibelek. «Nik beti jartzen dut Behobiaren adibidea. Argi dago festa bat dela, baina korrikalari guztiek jabetu behar dute maratoi erdi bat korritzera doazela. Horretarako ondo egon behar dute prestatuta, eta dagozkion osasun azterketak egin». Kirolarien kontzientziaren garrantziaz ohartarazi du ere Ibargurenek: «Penagarria da osasunari eta medikuntzari lotutako gaiak judizializatu behar izatea. Kasu honetan ere, nik uste dut derrigorrezkoa baino gehiago gomendagarria dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.