Goizean goizetik hasten da taberna atontzen Oihane Iragi iruindarra (1987). Eguerdi aldera hasten dira herritarrak iristen. Duela zazpi urte hasi zen lanean Carmen kaleko herriko eta Arranon, sanferminetan. Ez da kexu, halere; hark dioenez «giro oso ona» dute lankideen artean. Egun, laguntzaile moduan doa, beste lagun asko bezala. Lana sobera dute.
Herritarrek parranda egiteko jai hartzen dute, baina tabernariak inoiz baino lanpetuago zaudete sanferminetan?
Bai, izugarria da. Gainera, herriko tabernak Arrano alokatzen du sanferminetarako, eta lana bikoiztu egiten da. Urtean hamabi bat pertsona aritu ohi dira gehienez, sukaldean, jantokian eta barran banatuak. Jaietan askoz gehiago gara. Afari eta bazkariak Arranon ematen ditugu, eta ogitartekoak herriko tabernan.
Lagun askorentzat erreferente da herriko taberna. Horrek hala jarrai dezan ardura izanen duzue.
Urtero saiatzen gara zerbitzua hobetzen, ahalik eta egokiena izan dadin. Iaz, esaterako, haurrentzako gauzak antolatu genituen, baina jaiguneak ere eskaintzen die umeei tartea, eta oso ongi, gainera. Horrez gain, egitarau bat atontzen dugu urtero. Janariari dagokionez, berritzen saiatzen gara. Mota askotarikoak prestatzen ditugu.
Diruaren irabazien eta jai herrikoien balantzan, zerk du pisu handiagoa sanferminetan?
Guk denontzako jaiak izan daitezen nahi dugu, eta horretan saiatzen gara. Menuen barruan, badakigu prezioa ez dela oso herrikoia eta ez dagoela denen eskura. Horregatik eskaintzen dugu merkeagoa den bat, baita ogitartekoak ere. Dena den, sanferminetako menuaz aparte, ez ditugu prezioak aldatzen.
Orduan, zuek ez zarete izanen kanpotarrei gehiago kobratzen diezuen horietakoak.
Ez, inola ere ez! Prezioak denentzako dira berdinak. Egia da erran ohi dutela halakoak gertatzen direla.
Zer-nolako giroa duzue tabernan?
Oso ona, eta txandak egitera datozenekin ere bai. Batzuetan kale egiten dute txandek, uztailaren 6an adibidez hori gertatu zitzaigun. Bertan ari ginenok bete behar izan genituen, eta ordu kopuru askoz gehiago egin. Baina urtero ateratzen dugu dena aurrera. Hori, hein handi batean, posible da laguntzera datorren jendeari esker. Leku askotatik dator jendea, eta guk asko eskertzen dugu. Bestela txanda amaigabeak egin beharko genituzke.
Asteburuan izanen dira egunik aztoratuenak.
Asteburua eta uztailaren 6a. Txupinazoaren eguna kaos bat da. Uztailaren 6ak eta gainontzeko egunek ez dute zerikusirik. Jendetza dator, denak pozik, baina aztoratuak ere bai.
Herriko taberna eragile bat ere bada. Aldarrikapenak egiteko une egokia dira sanferminak?
Bai, baina oso aztoratuak gabiltza. Orokorrean sanfermin herrikoietan kalean egiten dira aldarrikapenak. Gu, adibidez, herriko moduan, laranjaz jantziko gara gaur, Libre dinamikarekiko atxikipena azaltzeko. Eragileekin ere elkarlanean ari gara. Uztailaren 6ko elkartasun brindisa Herrikoak antolatzen ez duen arren, gu hor gaude.
Zuei eragin ez dizuen arren, kolpe gogorra izan da herrikoen aurkako sententzia?
Gu ez gaude sententzia horren barruan, baina bai Alde Zaharreko Aitzina taberna. Gogorra izan da, bai. Herriko tabernak erreferentzia bat dira kulturalki eta politikoki. Bestalde, nik uste dut horrekin jendea kontzientziatu dela. Itxi arren, irekiko ditugu taberna berriak, gai baikara hori egiteko. Ikusi besterik ez dago lan egiteko prest dagoen jendea. Jaigunean, esaterako, jende pila batek egiten ditu txandak, eta asko inplikatzen da.
Oihane Iragi. 'Herriko tabernako' langilea
«Denontzako jaiak izatea nahi dugu»
Barraren beste aldean aritzea da sanferminak igarotzeko beste modu bat. Tabernarien kopurua bikoiztu egiten da egunotan. Batzuek lan egiten dute besteek ongi pasa dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu