Itziar Lazkano. Antzezlea

«Denok gara antzezle»

Lazkano duela 40 urte igo zen lehen aldiz oholtzara, eta ordutik ez da jaitsi. Bere bizitza obra kostunbrista bat bezalakoa izan dela dio: umorez eta tragediaz betea.

ARITZ LIOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Telebistan eta zineman aritu bada ere, Itziar Lazkano (Portugalete, Bizkaia, 1957) aktorearen habitat naturala antzerkia da. Gozatu egiten du egiten duenarekin. Hala, aitortu du antzerkiak bizitzeko modu bat eskaini diola. 40 urteko ibilbidea bete du oholtza gainetan, hain zuzen. Halaber, batetik bestera gelditu gabe ari da azken hilabeteotan, urteotako guztiotako lanaren fruitu. Bilboko Arriaga antzokiak ekoitzitako El viaje a ninguna parte (Inora ez joateko bidaia) eta Ama Kuraia obretan hartu du parte, besteak beste. Egoera makur hauetan antzokiak betetzen ari direla ikusita, hunkitu egiten da: «Espero dut bolada honek pandemia ostean ere jarraitzea». Bere buruaz luze eta sakon hitz egitea kosta egiten zaiola aitortu du elkarrizketan. «Akats bat dut, besteak beste; ez dut pentsatzen eta aztertzen atzera begira zer gertatu zaidan».

Nolakoa zen Itziar haurra? Zein oroitzapen dituzu?

Oso neska ona nintzen. Beti izan ditut lagun asko auzoan; ni arduratzen nintzen jokoez. Bizi nintzen auzoan zinema bat zegoen, eta haur guztiok arratsaldeko hiruretan joaten ginen; guretzako egokiak ziren filmak jartzen zizkiguten, eta gero antzeztu egiten genituen. Hori zen nire jolasik gogokoenetako bat. Bakarrik jolastu eta antzeztoki handiak ere antolatzen nituen. Esan daiteke jokoaren bidez izan nuela lehen harremana interpretazioarekin.

Noiz igo zinen lehen aldiz oholtza batera?

Comicos de la Legua konpainiarekin izan zen. Bilboko Bolueta auzoan ematen nituen eskolak,eta hori izan zen antzerkiaren munduarekin izan nuen lehen harremana. Hala, oholtzara igo nintzen lehenengo aldia ikasturte amaieran izan zen. Horren ondoren, gauza gehiago etorri ziren.

Noiz erabaki zenuen antzerkira dedikatu nahi zenuela?

Elektrizitate enpresa batean idazkari lanetan aritua nintzen, baina krisia iritsi eta lanik gabe geratu nintzen. Langabezian nengoela erabaki nuen antzerki eskolan izena ematea. Urtebete eman nuen han, eta, hurrengo urtean,Ramon Bareak Karraka kolektiboko kide izatea proposatu zidan. Ez zen bilatutako zerbait izan, mundu horrekin kontaktua bilatu nuen, bai, baina gero dena bakarrik etorri zait.

Zer zen Karraka?

Antzerki kolektibo bat. Ramon Bareak sortu zuen eta Alex Angulo, Cesar Sarachu, Loli Astoreka, Esther Velasco, Nati Ortiz de Zarate, Yolanda Martinez, Ramon Ibarra, Oscar Grijalba aktoreak osatzen zuten, besteak beste. Antzerki militantea zen, militantea ez politikoki, militantea antzerkian. Gauza asko egiten genituen, haurrentzat lan egiten genuen, eskoletan, zein adineko jendearentzat. Karrakak hainbat urtez iraun zuen, eta 1980ko hamarkadan euskal antzerkiaren adierazgarri izan zen.

Zuen lana ez zen soilik agertokira igotzea, ez?

Den-dena egiten genuen guk. Kaleko lan asko egin genuen. Antzeztu ahal izateko furgoneta bat alokatzen genuen, herriak zeharkatzen genituen... Karraka eskola garrantzitsua izan zen ofizio hau zer den ulertzeko, sakoneko lasterketa baita.

Nolakoak izan ziren interpretazio munduko hasierak?

Nahiko lotsatia nintzen, autoestimua apalxeagoa nuen, baina halako batean eman nuen jauzia. Denborarekin zabaltzen joan nintzen eta antzerkiaren mundua bizimodu bihurtu zen; asko lagundu ninduen. 40 urte igaro diren honetan, ikusten dut inoiz baino gehiago konturatzen naizela antzerkiak denetarako balio duela eta ez dela nahitaezkoa horretan aritzea. Antzerkia sendagarria da, publikoari beldurra galtzeko balio duena. Horretan aritzen ez den jendeak ere antzerkia egiten du bere egunerokoan, denok gara antzezle.

Zertarako erabiltzen zenuten antzerkia Karrakan?

Bizitzeko modu bat zen, horrekin dirua irabazten zen, baina ezer gutxi. Oso jende gaztea ginen, eta gauza asko egiteko gogoz hasi ginen. Antzerkiak gizarteari mezu asko helarazteko balio zuen, ados ez geunden gauzei buruzkoak, batik bat. Salaketa egiteko modu bat, publikoari gogoeta eginarazteko modu bat, entretenitzeko modu bat zen. Beti mezu batekin.

Garai hartako anekdotarik konta daiteke?

Pasadizo garrantzitsurik ez dut gogoan, baina garai hura oso maitekiro gogoratzen dut. Gaztaro zoragarria izan dut antzerkia egiten. Bizitzaz, ilusioz betetako garaia izan zen. Ilusio hori ez dut inoiz galdu nire ibilbidean, baina antzerkia egiteko moduak asko aldatu dira.

Zertan aldatu da antzerkia urteotan guztiotan?

Orain, horretan jardun nahi duen gazte batek aukera gehiago ditu, eskolak daude. Prestakuntza gehiagorekin ere etortzen dira. Niri tokatu zitzaidan garaia desberdina izan zen. Gutxiago ere baginen.

Irakasle gisa, nola ikusten duzu euskal antzerkiaren etorkizuna?

Talentu handia dago, baina beti gauza berarekin gaude: kulturak laguntza behar du. Sortzaile asko dago, baina garrantzitsuena proiektua babestea da. Pabiloi 6 proiektuko gazte konpainia, adibidez, ikaragarria da.

Zer garrantzi du Pabiloi 6 proiektuak?

Erreferentea da Bilbon. Bere lana erakusteko aukerarik ez duen jende asko beso zabalik hartzen du.

Hastapenetan egon zinen.

Ramon Bareak aspaldian buruan zuen ideia zen, eta errealitate bihurtzea lortu zuen. Ramon gizon ekintzailea da antzerkigintzan, beti ditu ideia asko. Nire maisua izan da, nire bizitza profesionalaren parte esanguratsua.

Nola ikusten duzu Bilboren osasuna kulturari dagokionean?

Ez dut gaizki ikusten, baina hobeto ikustea gustatuko litzaidake. Ez luke hain zaila izan behar kultura industria bat ere izan daitekeela sinestea. Arazoa politika tartean nahasten denean hasten da. Eta bi gauza gerta daitezke: esku hartze on bat egitea edo itxurakerietan aritzea.

Antzerki zuzendaria ere bazara. Zerk erakartzen zaitu?

Gustatzen zaidan zerbait da. Batez ere aktoreekin distantzia laburrean lan egitea gustatzen zait, aktore naizelako izan daiteke. Zuzendaritza oso gauza interesgarria da eta asko ikasten da.

Nola sortzen da zuzentzeko aukera?

Ramon Bareak proposatu zidan Bernarda Alba antzezlana zuzentzea eta onartu egin nuen. Erronka handia izan zen, hasieran errespetu handia eman zidan. Lorcaren esaldi bat geratu zitzaidan: «Antzerkia, literatura atera eta bizia ematea da».

Eta telebistarako jauzia noiz iritsi zen?

Ez nuen nik erabaki, telebistak deitu ninduen. Ez dut aterik ixten. Iristen bazaizu, aukera paregabea da telebista. Baina zitalxeagoa ere bada; oso zorrotza. Denbora gutxian asko eman behar duzu. Erritmo bizia du, antzerkia artisauagoa da.

Zure ibilbidearen indargunea Vaya Semanita izan zela esan daiteke. Nola bizi izan zenuen garai hura?

Oso garai polita izan zen. Eskerrak eman behar dizkiot Vaya Semanita-ri. Ospea eta telebista azkar eta eraginkortasunez egiten ikastea zor dizkiot. Lan handiko bost urte izan ziren, baina oso atseginak. Inflexio puntu bat izan zen; bai niretzat bai nire kideentzat tranpolina izan zen beste gauza askotarako. Halako lanek, ikusgarritasuna ematen dutenez, norbere alde egiten dute, eta beste lan batzuk iristen dira. Saioa beste telebista kate batzuen erreferente ere izan zen.

EITBk beste Vaya Semanita bat behar du?

EITBk antzerkigileak behar ditu. Ez dut ulertzen zergatik ez den apustua egiten horretan, ez dakit diru, ekimen edo politika kontua den, baina EITBk bertako jendeari lana eman behar dio. Entretenimenduzko saio asko daude egun telebista kateetan, eta gehienak kopiak dira. Telebista horrek nekatu egin nau, ez zait gustatzen. Sare sozialak industria garrantzitsu bat sortzen ari dira, eta ez dakit nola baina EITBk horretan parte hartu beharko luke. Onartzen dut gero eta telebista gutxiago kontsumitzen dudala, ez dit inolako interesik sortzen. Plataformek eskaintzen dituzten beste aukera batzuk nahiago ditut.

Inoiz pentsatu duzu dena bere horretan utzi eta idazkari lana berriro hartzea?

Ez dut pentsatu behar izan, inoiz ez zaidalako lana falta izan. Falta izan zaidanean nik sortu dut. Inoiz ez naiz lanbidetik aldendu. Batzuetan, zalantzak sortu izan dira, nekearen ondorioz, baina atsedenaldiak eginda konpontzen da.

Etxean, zein izan zen erreakzioa aktore izango zinela esatean?

Ez zuen grazia handirik egin. Amak pixka bat sufritu zuen, lanpostu bat nuen, eta dena uztera nindoan. Gogoan dut, adibidez, ama kalean bazebilen bere lagunekin eta nik parte hartzen nuen ikuskizun baten kartel bat ikusten bazuen ez zuela esaten hura bere alaba zenik. Gero, Vaya Semanita iritsi zenean, gehiago gozatu zuen. Programako publizitate txartelak zeramatzan poltsan eta banatu egiten zituen. Pozten nau jakiteak azken urteetan oso zoriontsu eta harro sentitu zela zuen alabaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.