Egoitz Lasa (Zarautz, Gipuzkoa, 1976) aktorea eta gidoilaria da. Wazemank!, Finlandia, Ai, Ama! eta beste hainbat saiotan aritu da. Nagore Aranburu eta Mikel Pagadirekin batera, Bodologuak lana antzezten dabil egunotan. Gaur, 20:30ean, Lasarteko kultur etxean taularatuko dute.
Txistea ematen du: hiru aktore euskaldun behar al dira bakarrizketa saio bat egiteko?
Boda batetik gatoz pertsonaiok, horregatik Bodologuak izenburua. Txandakatuta, bina bakarrizketa egiten ditugu, eta tartean geure arteko elkarrizketak sartzen ditugu.Wazemank! saioan egiten genuen umore estiloa egiten dugu Bodologuak lanean. Gidoilari gabiltza Ai, Ama! saioan eta halakoetan; eta hori egiten dugu. Hori da gure estiloa, azken batean.
Telebistarako egiten denak berdin balio du antzokirako?
Zuzenekoan ez dituzu irudiak eta muntatze lana. Ikusleen aurrean ari zara, eta gauza asko aldatzen dituzu. Baina barrea sortzen duenak barrea sortzen du telebistan zein antzokian.
Euskalduntasunaren bihotzeraino sartzen duzue ziria. Odola ateratzen da?
Ruperrek [Ordorika] gogorarazi zigun zein zaila den euskalduna izatea. Bururatu egiten zaizkigun harrikadak partekatzen ditugu entzuleekin. Ez dira hausnarketa sakonak, baizik eta euskaldun guztiei gertatutakoak, baina guk azaleratu egiten ditugu. Orduan konturatzen da jendea benetan nolakoak garen euskaldunok. Horrez gain, elkarte gastronomikoak, oporraldiak, animalien jantziak, Eliza kontuak eta bestelako gaiak jorratzen ditugu.
Zuena euskal umorea da, umore euskalduna...?
Euskaraz egindako umorea da. Euskal umorerik ba al dago? Umorea nazioartekoa da, barre eginarazten du edo ez, ingelesez,frantsesez edo euskaraz. Baina euskaraz egina badago eta euskaldunek barre egiten badute, horrekin identifikatzen direlako egiten dute. Agian horrek bihurtzen du euskal umore. Ikuskizuneko gauza batzuek ez lukete barrea sortuko itzuliz gero.
Hainbeste gauza egiten aldi berean, ez al zaude estresatuta?
Ez. Oraintxe bertan lana edukitzea zorte handia da, eta gure lanbidean are gehiago, kulturgintza beti baita pobrea. Gaur benetako estresa lanik ez izatea da.
Inor haserretu al zaizu imitatu duzulako?
Iñaki Perurenarekin egon naiz, eta hura gustura dago. «Nire itxura hartzen duzu, baina inbidia daukat: zuk bizar gorri-gorria daukazu, eta nik dagoeneko zuritzen daukat neurea».
Gaurkotasuneko gaiak sartzeak freskotasuna eman diezaioke umoreari, baina ez al du berehala zaharkituta uzten?
Bodologuak lanaren kasuan ez duzu gaurkotasuna zehatz-mehatz jarraitu, urtebete-edo ibiliko garelako horrekin. Baina sartzen ditugu esaldiren bat edo gag-en bat garkotasunarekin lotuta. Zaharkitzearena oso argi geratzen da Wazemank! saioarekin. Horrenbestetan ematen dituzte duela zazpi urte grabaturiko gauzak, ezen gaur ez baitu zentzurik.
Kamera ala agertokia?
Gurea bizirik irautea da. Gogorra da, ez digulako planak egiten uzten. Telebistak, gutxienez, jaten ematen dizu. Aktore gisa ederragoa da antzerkia, halere. Bodologuak antzezlan honeki,n jendea ordu eta erdi barrez lehertzen pasarazten eta antzokiak betetzen ari gara. Horrek gogobetetzen nau, eta, ikusleei bezala, euskalduntasuna arintzen dit.
Egoitz Lasa. Aktorea
«Denoi gertatutako gauzak antzeztuta konturatzen gara nolakoak garen euskaldunok»
'Bodologuak' lana taularatzen ari da 'Finlandia' saioko aktore eta 'Ai, Ama!'-ko gidoilaria. Besteak beste, euskalduntasunaren lepotik antzokiak betetzen eta ikusleak ordubetez barrez izaten dituztela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu