Donna Strickland fisikariaren (Guelph, Kanada, 1959) asmakizunak milioika pertsonaren ikusmena hobetu du. Chirped Pulse Amplification izena du, eta laser pultsu labur eta indartsuak garatzeko teknikan datza. 1985ean argitaratutako lanagatik Fisikako Nobel saria irabazi zuen 2018an, bere bi zuzendariekin batera. Hitzaldia eman zuen zientzialariak urriaren 2an, Donostian, DIPCk antolatutako Passion for Knowledge jaialdian.
Jaialdia Ezagutzarako grina deitzen da. Noiz jaio zen zure zientziarekiko grina?
Torontoko zientzia zentro batera joan nintzen txikitan, eta laser bat zuten. Aitak esan omen zuen: «Hau ikusi behar dugu, etorkizuneko bidea baita». Ez dut hori gogoan, baina, amaren ustez, horregatik interesatzen zaizkit laserrak.
Etorkizuneko bideari jarraitzea erabaki zenuen 1980ko hamarkadan, beraz?
Bai. Nire begirale Gerard Mourouk ideia bat zuen, baina ez zekien nola egin: intentsitate handiko pultsu optikoa sortzea laserrei esker. 1984an hitzaldi batean egon ginen, eta bertan laserrak hartu zituzten eta zuntzarekin nahastu zituzten; horrek laserrean zeuden kolore guztiak handitzen lagundu zuen. Gero, kolore guztiak trinkotu zituzten. Hori ikusi eta pentsatu genuen: «Horrela egin behar da!».
Zein izan zen hurrengo pausoa?
Pultsu-laser labur batekin hastean kolore asko daude, ortzadarra balitz bezala. Gero, pultsua luzatu behar da, eta koloreek abiadura desberdina hartzen dute: gorria urdina baino azkarrago joango da. Prismak erabili genituen kolore bakoitza nola igarotzen zen ikusteko, eta prozesu amaieran berriz kolore guztiak elkartzen dira. Beraz pultsua luzatu, anplifikatu eta listo. Horrela sortzen da laserren mailua
Zer da laserren mailua, zehazki?
Nik garatu dudan laser mailuak energia guztia pultsu txikietan kontzentratzen du, eta, horri esker, kristalak eta material opakuak zeharkatzen ditu. Egur zati batean iltze bat sartzea bezala da: mailuarekin gogor eta azkar jotzen baduzu, iltzea sartuko da. Argi guztia puntu berean bideratzen dugu, eta, intentsitate handiko laserra denez, elektroiak mugitzeko gai da. Horrelamoztu dezakegu kristala edo kornea bat.
Nola erreakzionatu zenuen zurehelburua bete zenuenean?
Oraindik gogoan dut ostegun gau bat zela. Dena prestatu nuen: laser pulsarrak luzatzeko eta estutzeko makinak. Baina ez nuen pulsar anplifikatuak laburrak zirela neurtzeko modurik. Zorionez, Steve Williamson lankideak gailu berri bat ekarri zuen, eta horri esker ikusi genuen laburrak zirela. Dibertigarria izan zen.
Nobel saria jaso zenuenean Girls just want to have fun abestia aipatu zenuen. Zientziak dibertigarria izan behar du?
Niretzat bai. Zientzialari batzuek munduko arazoak konpondu nahi dituzte; ez da hori nire helburua. Maite dudan lanbidea izatea nahi nuen, eta hori lortu dut. Harro nago eraikitako laserrek zerbait onuragarria egiten dutelako medikuntzan; laserra erabil daiteke kornea mozteko, nerbioetako bat ere kaltetu gabe.
Zerbaitek behar bezala funtzionatzen ez duenean, zer egiten duzu?
Hutsegiteetatik ikasten duzu. Asko izan ditut honaino iritsi aurretik. Konturatzen naizenean oso haserre nagoela gertatzen denarekin, atseden hartu eta buelta bat ematen dut.
Maria Goeppert Mayer zure lanean izendatu zenuenean, he —izenordain maskulinoa, ingelesez— erabili zenuen oharkabean. Gero, Mayerrek bezala, Fisikako Nobel saria irabazi zenuen.
Nire lana irakurri zuen irakaslea zur eta lur geratu zen! Bost emakumek irabazi dugu Fisikako Nobel saria, eta hiru gaude bizirik. Irabazi nuenean ni nintzen bizirik zegoen bakarra: horren presioa nabaritu nuen. Fisikan gutxienez %25 emakumeak gara, orduan, gehiagotan irabazi beharko genuke. Hiruk irabazi dute azkeneko bost urteetan; egoera hobetu da, beraz.
Saria irabazitakoan zure eginkizuna aldatu zen?
Bai. Zientzia dibulgatzeko eginkizuna dugula uste dut, jendeari jakinarazteko zientziak duen garrantzia. Sariari esker jendea gu entzuteko prest dago.
Dutxaren analogia erabiltzen duzu hitzaldietan. Garrantzitsua da zientzia modu ulergarrian azaltzea?
Ezinbestekoa. Modu sinplean ez baduzu azaltzen, bost minutu barru entzuteari utziko diote. Dutxaren analogiak energiarekin du zerikusia. Oso goitik eta indar handiz erortzen den zerbaiten azpian bazaude, zauritua izan zaitezke, Niagarako ur jauzietan bezala, adibidez. Baina dutxaren azpian bazaude, ez zaizu deus gertatzen. Urak jotzen zaituen abiadurarekin eta intentsitatearekin lotuta dago.
Zientzialariek irakasteko gai ere izan behar dute, beraz?
Desberdina da. Fisika irakasten ari zarenean, xehetasunak ezagutu behar dituzu. Beraz, irakasten dudanean, dena azaltzen dut modu orokorrean hasieran, eta gero, xehetasunetan sartzen naiz.
Ikasleek jakin behar dute hori ikasteko ardura dutela, ez irakasleari entzutekoa bakarrik.
Zientzia ikasteko modua teorikoegia dela uste duzu?
Bai. Arazoa da aurreko zientzialariek egin zuten horretan zentratzen garela soilik. Denek jakin beharko lukete ezagutzen ez dena ikertzea dela zientzia. Gauza berriak probatzeko eta esperimentatzeko laborategiak aldatu nahi ditut. Esperimentuak irakatsi beharko liguke ezagutzen ez duguna.
Zeintzuk dira aurreikusten dituzun aurkikuntzak?
Laser motaren arabera hainbat gauza lor daitezke. Jendeak ez daki Interneten zerbait bilatzeko laserrak behar direla, adibidez. Laserrak elektronikarekin konektatzeko moduak aztertzen ari gara.
Laborategiko laserrak zuk eraikitzen dituzu?
Ahal bada, bai. Zuntz laserrekin lan egiten dut beti, ez zaidalako laser handiekin lan egitea gustatzen: ezin ditut eraiki. Lego nire jostailu gogokoenetako bat zen umetan, eta, gaur egun, laser txikiekin jolastea gustatzen zait.
Donna Strickland. Fisikaria
«Denek jakin beharko lukete ezagutzen ez dena ikertzea dela zientzia»
Nobel saria jaso zuen Stricklandek 2018an, pultsu laburreko laserrekin egindako lanagatik. Fisikariak esan du zientziak «dibertigarria» izan behar duela: «Zientzialari batzuek munduko arazoak konpondu nahi dituzte, baina ez da hori nire helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu