Dendrokronologia: eraztunen erreinua

Zuhaitzen eraztunak datatzeko metodo zientifikoa da dendrokronologia. Eraztun horien interpretazioak geroz eta erabilera gehiago ditu. Enbor bereko ezpalak: dendroarkeologia, dendroklimatologia, dendroekologia, dendrohidrologia, dendrogeomorfologia...

Zuhaitz enbor eta adarrak. BERRIA
Zuhaitz enbor eta adarrak. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Zimurrek aurpegi azaletan nola, eraztunek enbor barrenetan hala: urteen joana islatzen dute. Zimurrak kontatzeko metodo zientifikorik ez da sortu ―oraingoz―, baina eraztunak kontatu eta datatzen dituena aspaldian dago sortuta: dendrokronologia du izena. Eta ez du soilik adina zehazten; eraztun bakoitzak bizi eta jasandakoen berri ere ematen du: lehorte, uholde, sute, ekaitz, luizi eta izurrite. Eraztunen erreinu bat.

Jesus Julio Camarero dendrokronologo, ekologo eta IPE Pirinioetako Ekologia Institutuko ikerlariak definizioa eman du lehenengo: «Eraztunen urteroko hazkundea neurtzen duen zientzia da». Langaia izendatu du gero: «Egurra behar da horretarako, eta egurra ekoizten dutenak: zuhaitzak eta zuhaixkak».  Eta jatorria esplikatu du hurrena: «Gehienek esango dizute AEBetan dagoela, Arizonan, XIX. mendearen hasieran, Andrew E. Douglassek bertako indiarren kanpalekuetan egindako indusketetan. Europarrei galdetuta, erreferenteak bestelakoak dira: XIX. mendearen amaierako botanikariak aipatuko dizkizute, Alemaniako eskolakoak».

Azken hamarkadetan dendrokronologiak izandako garapena ere laburbildu du Camarerok: «Duela gutxi arte, hori zen gure langaia eta lantokia: zuhaitzak eta basoak. Bai, behintzat, ikertuak izateko beste eraztun sor ditzaketen zuhaitzak eta basoak. Euskal Herrian badituzue halakoak, eta Frantzian eta Alemanian ere bai». Denbora gutxian etorri da aldaketa: «Uste zelako tropikoetan ezin zitekeela dendrokronologiarik egin. Eta ekologoentzat oinarrizkoa zen inguru hura, biodibertsitate handia dagoelako, oso dinamikoak direlako eta CO2 asko atzematen dutelako atmosferatik. Azken hiru hamarkadetan, ordea, asko garatu da han egindako lana. Ikusi da tropikoetan ere hainbat espeziek, urtarokotasun apur batekin, sortzen dituztela eraztunak. Horrela, dendrokronologia egin daitekeen munduko baso eta oihanen mapa globalagoa da gaur egun».

«Ikusi da tropikoetan ere hainbat espeziek, urtarokotasun apur batekin, sortzen dituztela eraztunak. Horrela, dendrokronologia egin daitekeen munduko baso eta oihanen mapa globalagoa da gaur egun».

JESUS JULIO CAMARERODendrokronologoa eta IPE Pirinioetako Ekologia Institutuko ikerlaria

Mapa zabaldu da, eta dendrokronologiaren adarrak eta ezpalak ere bai. Zerrendatu ditu horiek ere Camarerok. Euskal Herriko baserri baten habeak edo Kordobako (Espainia) meskitarenak datatzeko erabiltzen baduzu: dendroarkeologia. Klima sorberritzeko: dendroklimatologia. Zenbait aldagaik ekologian duten inpaktua neurtzeko: dendroekologia. Sustraipean zer gertatu zen jakiteko: dendrogeomorfologia. Ibai eta errekastoek zer eragin zuten neurtzeko: dendrohidrologia. Suteek zer eragin zuten neurtzeko: dendropirokronologia. «Baina denetan dendrokronologiaren oinarrizko teknikarekin lan egiten dugu: eraztunen urteroko hazkundea neurtzen dugu».

Pirinioetako Ekologia Institutuak Zaragozan (Espainia) duen egoitzan egiten du lan Camarerok. CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko egoitzetako bat da. Zertan eta nola aplikatzen duten han dendrokronologia? «Testuinguruaren araberako lanak izaten dira askotan. Euskal Herrian, basoen inguruan dagoen kultura dela eta, historiari eta arkeologiari lotutako dendrokronologia egin da. Gurean, Ebroren ibarrean eta Katalunian, toki elkor eta idor hauetan, baso asko hil egin dira lehortearengatik. Horregatik ari gara dendrokronologia aplikatzen, jakiteko basoek eta zuhaitzek nola erantzuten dieten lehorteei: nola hiltzen diren edo nola bizirauten duten». 

Arkeolanen laborategia, Irunen

Historiari eta arkeologiari lotuta egindako dendrokronologiaren adibide gisa jarri du Camarerok Euskal Herria, eta aitzindaria izan zen horretan Arkeolan fundazioa. Irunen (Gipuzkoa) dago datatze historikorako laborategi bakarrenetakoa, eta Josue Susperregi da arduraduna. 90eko hamarkadaren amaieran sortutako proiektu bat izan zela dio, funtzionatuko zuela «inolako ziurtasunik» izan gabe abiatu zutena. Zergatia: «Honek funtziona dezan, dendrokronologia egin ahal izateko, erreferentziazko kronologiak lortu behar dira, espezie bakoitzarenak eta zona klimatiko bakoitzarenak. Zuhaitzek seinale klimatiko hori atxiki edo gorde behar dute, eta identifikatu ahal izateko modukoa izan behar du. Ez genekien hori hemen egiterik izango genuen». Egin omen baitzen ahalegin bat Kanadan euskal baleontziak agertu zirenean. Parks Canada erakundeak ikerlari bat bidali zuen Euskal Herrira esanez egin edo sortu beharra zegoela erreferentziazko kronologia bat euskal haritzari buruzkoa, eta horrela baleontzi horiek datatu. Ikerlari hori etorri zen, hainbat lagin atera zituen, Frantziako laborategi batera bidali zituen, eta ondorioa: «Ez zegoela hemen dendrokronologia egiterik, aldakortasun klimatiko eta orografiko handiegia zegoelako. Eta hori hala da: Gipuzkoako punta honetako klima eta Arabako beste puntakoa erabat ezberdinak baitira. Orografia konplikatua: ehunka haran eta muino, egutera eta laiotz guneak, lur ezberdinak... Halako aldakortasunekin, oso zaila da».

Josue Susperregi, Arkeolan fundazioko dendrokronologia laborategiko arduraduna. ANDONI CANELLADA / FOKU
Josue Susperregi, Arkeolan fundazioko dendrokronologia laborategiko arduraduna. ANDONI CANELLADA / FOKU

Baina ez zuten etsi. Hasi ziren laginak atera eta atera. Gipuzkoan aritu ziren urte askoan, gehien ezagutzen zutena zelako. «Baina ez genuen lortzen berrehun urte baino gehiagoko zuhaitzik topatzea egoera onean. Bazeuden zuhaitz zaharragoak ere, baina lepatuak ziren. Eta lepatuei, enbor nagusia mozten zaienez, hutsune bat sortzen zaie eta barrutik hondatuz joaten dira. Topatu ditzakegu zuhaitz batzuk ia bi metroko diametroa izan bai baina barne-hutsak direnak».

Tokiz mugitu ziren: Arabako mendialdera, pinu gorrien (Pinus sylvestris) baso batera. «Asko erabiltzen da espezie hori klima sorberritzeko Europan. Eta horretan ari ginela, eskarmetzak topatu genituen (Quercus faginea); haritz mota bat da. Ikusgarriak ziren; altueran zeuden, eta euri gutxi egiten zuen tokian. Hasi ginen pentsatzen oso zaharrak izan zitezkeela, eta halaxe gertatu zen. Hartu genuen lehen laginak 350 hazkunde eraztun baino gehiago zituen. Bageneukan erreferentziazko gure kronologia».

«Laginek eraztun kopuru minimo bat eduki behar dute. Zeren metodo estatistikoa da hau. Konparatzen dituzunak serie numerikoak dira».

JOSUE SUSPERREGIDendrokronologoa eta Arkeolan fundazioko laborategiko arduraduna

Etenik gabekoa izan da ordutik honako lana. 25 urte baino gehiagoko ikerketaren emaitza. «9.000 lagin inguru daude gure bankuan. Eta lortu dugu azken zortziehun urteotako erreferentziazko kronologia edukitzea. Iberiar penintsularen iparraldeko haritzarekin eginda dagoen egurrezko edozein egitura datatu dezakegu: gaurtik hasi eta XII. mendera arte». Eraikuntzarako erabilitako egurra da datatzen duten hori, gehienbat. Ondare finkoa: baserriak, elizak, ermitak, erreketako presak... Eta ondare mugikorra: ontziak, altzariak, koadroak, erretaulak... «Laginek eraztun kopuru minimo bat eduki behar dute. Zeren metodo estatistikoa da hau. Konparatzen dituzunak serie numerikoak dira. Eta seriea oso laburra bada, emaitzak multipleak dira. Horrek esan nahi du ez dela egokia. Serieek luzeak izan behar dute. Zenbateraino luzeak? Eztabaida dago hor, baina estandarrek diote gutxienez 50 eraztun behar direla».

Josue Susperregi, enbor zati bat eskuetan duela, Arkeolanen dendrokronologia laborategian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Josue Susperregi, enbor zati bat eskuetan duela, Arkeolanen dendrokronologia laborategian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ezaguna da 2002an Newporten (Gales) agertu zen XV. mendeko ontziari buruz egindako ikerketa —Euskal Herriko zurez egina zegoela ondorioztatu zuten—, eta ezaguna da Gipuzkoako baserrien inguruan egiten ari diren ikerlana ere —«aurreneko baserriak Erdi Aro amaierakoak direla ondorioztatu dugu»—. Agian ez da horren ezaguna dendrokronologia lagin fisikorik gabe ere egin daitekeela: «Kutxetan eta altzarietan, ertzak ongi lixatuta, erresoluzio handiko argazkiak aterata, ongi bereiz daitezke eraztunak ordenagailuan, software berezi baten bidez». Egin izan dute koadroak egiaztatzeko ere: «Koadroa taula baten gainean margotuta badago, taularen ertzetan daude eraztunak. Taula XIX. mendekoa bada eta margolaria XVI.ekoa, badago hor mutur ezkuturen bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.