Zutabe koloretsuen artean, eta eraikineko askotariko espazioen artean, kristalezko erakusleiho batekin egiten die bisitariei harrera DendAZ tokiko diseinatzaileen dendak, Bilboko Azkuna zentroan. Sortzaileei plaza bat eskaintzeko sortu zen, beren produktuak ezagutarazteko eta salgai jartzeko. Urtean bitan, ordea, azoka formatua hartzen du proiektuak: This is Basque Design azoka (Hau da euskal diseinua) egingo dute, bihartik igandera bitartean, Azkuna zentroan.
«Askotan, denda batera sartzea kosta egiten zaigu, eta hori erraztu nahi dugu. Erosi ala ez, produktuak ikustea, ekoizleekin hitz egitea, eta produktu guztien ezaugarriak ezagutzea bultzatu nahi dugu», esan du Jol Gisasola Azkuna zentroko erabiltzaileen arretarako arduradunak. Sarrera doakoa izango da, eta, guztira, 34 diseinatzailek parte hartuko dute, askotariko proiektuak lantzen dituztenak: bitxigintza, dekorazioa, osagarriak, jostailuak, liburuak, ilustrazioak...
Dendan saltzen dituzten produktuak ez ezik, diseinatzaileen proiektuaren ezaugarriak zeintzuk diren jakiteko aukera ematea da azokaren helburuetako bat, Gisasolaren hitzetan: «Diseinatzaileen arazo handienetakoa izaten da asmatzea beren produktua zelan ipini gizartearen aurrean. Hau oso oholtza berezia da; milaka pertsonak ikusiko dute, eta beren ezaugarri nagusiak azaltzeko aukera emango die: jasangarritasuna, elkarlana, bertako ekoizleak izatea...».
Hain zuzen, diseinatzaileekin hitz eginda, norbere proiektuen balioak nabarmentzeko aukera ematen du azokak. Ezberdintasunak ezberdintasun, denak bertakoak dira, ordea: «Hona ez datoz Euskal Herritik kanpoko sortzaileak. Bata Deustukoa [Bilbo] izan daiteke, bestea Irungoa [Gipuzkoa], eta bestea Donibane Lohizunekoa [Lapurdi]. Baina oso gertukoak dira denak».
Eta bertakotasuna ez ezik, jasangarritasuna ere bada horien oinarrietako bat. «Kasu askotan birziklatzen dituzte erabilitako materialak, eta askok azoka baliatu gura dute ez bakarrik beren produktuak saltzeko, baizik eta jendeak jakiteko ekoizpen mota hori posible dela». Proiektu horien bidez, jasangarritasuna «hitz huts bat baino gehiago» dela erakutsi nahi dute, gerora jendeak bere bizitzan aplikatu dezan.
Azokatik harago
Asteburukoa ez da azoka soil bat izango, ordea. Hainbat tailer egingo dituzte, arte diziplina ugari probatzeko aukera emango dutenak. Bihar izango da lehenengoa, 17:00etan. Susana Blasco diseinatzaile grafiko eta artista bisualak collage teknika erabiltzeko tailerra emango du. Argazkiekin egindako collageak egiten ditu, eta teknika horretan aritu direnek eta ez direnek parte har dezakete: «Aukera paregabea da irudiei beste modu batean begiratzen ikasteko, esperimentatzeko eta prozesu geometrikoaz gozatzeko».
Bigarren tailerra Tytti Thusberg diseinatzaileak emango du, etzi, 11:00etatik 13:30era. Moda ekologikoaren arloan hogei urte inguru daramatza, eta Karelia izeneko bildumarako erabili duen materiala nola egiten duen azalduko du: plastikozko hondakinak eta ardi latxaren artilea lotzen dituen material birziklatu bat erabiltzen du horretarako. Larru artifizialaren antzeko testura bat lortzen du material horrekin, jantzietan eta osagarrietan erabil daitekeena.
Hirugarren eta azken tailerra ere ordu berean izango da. Karama Candle proiektua osatzen duen bikoteak emango du. Argizaria erabilita, kandelak eta wax melts deritzenak egingo dituzte: argizaria eta olio begetalak erabiliz sortutako pastila usaindunak. Dendan, azokan eta egunerokoan jasangarritasunaren aldeko apustua egitea bultzatu nahi dute: «Tailerraren helburua ez da kandela pila bat egitea. Baizik eta kontzientzia hori hartzea: zuek ikusi, zuen kabuz egiaztatu hau zelan den, eta, gero, zuen inguruan ere aldarrikatu».