Denda erotikoak kalera begira

Interneten erosteko ohitura zabaltzeak eragin handia izan du 'sex shop'-etako kontsumoan. Denda batzuek itxi behar izan dute; beste batzuek, berriz, eredua aldatu dute negozioa errentagarri izan dadin. Aholkularitza ematea, bestelako ikuspuntu bat eskaintzea eta irudia zaintzea izan daitezke jendea erakartzeko bidea.

2. Lola Dacosta. Sofak, argia, landareak, paretak... Itxurak ere badu garrantzia. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iker Tubia.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Sexua horren tabu ez bada ere, jende askok leku ilun eta nahasiekin lotzen ditu denda erotikoak oraindik ere. Hirietako leku ezkutuetan, erakusleihorik gabe, argi izpirik gabe eta giro perbertituan. Sex shop-ak aspaldi ari dira irudi hori gainditzeko bidean, baina, azken urteetan, beste lehiakide batek bultzatu ditu negozio eredua aldatzera: Interneteko salmenten gorakadak. Batzuk bidean gelditu dira; beste batzuek aholkularitza profesionalaren edo bestelako eredu baten alde egin dute, parez pare zabalik duten atetik jendea sar dadin.

Haizegoa izan zen Iruñean ireki zuten lehenbiziko denda erotikoa. Egun hauetan, produktuak askoz merkeago saltzen ari dira, biltegia hustu, eta ekain inguruan denda ixteko. Fernando Alonso dendaren jabeak esan duenez, ezin izan dio gehiago eutsi: «Gure dendaren erdia kabinak eta filmeen alokairua ziren, eta, Internetekin, jaitsiz eta jaitsiz joan zen. Beste erdia produktuak ziren, eta horrekin iraun genuen, baina jendea online erostera ohitzen hasi zen».

Are, pandemiaren aurretik «azken bultzada» izan zuten, baina irudipena baizik ez zen izan: «COVID-19ak eman zigun azkenengo ostikada, Interneten erosten ez zutenak ere horretara ohitu baitziren». Haizegoak online denda ere badu; are, «aitzindariak» izan zirela esan du Alonsok. Baina ezin dira lehiatu beste batzuen prezioekin.

Ez da bat-bateko kontua izan: «Poliki-poliki joan gara apalduz: lehen, lau soldata eta erdirako ateratzen genuen; orain, bakar baterako ere ez. Hori da gure istorio tristea». Uste du bi faktore nagusik ekarri dutela itxiera: «Batetik, erosotasuna eta prezioa; eta, bestetik, ezezagun baten aurrean agertu behar ez izatea zure intimitateaz hitz egiteko». Lehenbizikoak denda guziei eragiten die, baina, bigarrenak denda erotikoei gehiago.

Beteranoenek aski ongi ikusi dute Internetek zer eragin izan duen denda erotikoetan. Iñaki Olaizolak hiru hamarkada daramatza sex shop-etako negozioarekin. Gaur egun, Pittilingorri eta Bitxigorria dendak ditu, Donostian. Lehenbizikoan, filmak ikusteko kabinak ditu, eta cruising gune bat, sexu topaketetarako. Bigarrena saltokia da.

Tabuak eta lotsak

Aldaketa handia izan da azken urteotan denda erotikoetan. Filmak erosteko, alokatzeko eta dendan ikusteko joera «asko apaldu» da. «Hala ere, sex shop-etako kabinek ez dituzte bakarrik filmak eskaintzen: intimitate eremu bat eskaintzen dute, zuk nahi duzuna ikusteko», kontatu du Olaizolak. Cruising eremuak eusten dio, eta produktuen salmenta, Internetekin jaitsi bada ere, errentagarri zaio oraindik.

Zenbait bezerok atzera egiten dute dendariaren aurrean agertu behar horregatik. Olaizolak uste du oker dabiltzala: «Pentsatzen dute Internet diskretuagoa dela, baina justu kontrakoa da. Hemen norbaitek ezer erosi, eta bihar ez naiz gogoratzen. Interneten dena gordeta gelditzen da: zer ikusi duzun, zer erosi duzun... Ez dakigu zer gerta litekeen».

Alonsok nabarmendu du sexu heziketa falta izateak dakarrela lotsa hori. Lehen hezkuntzako irakasle ikasketak egin zituen, eta sexu heziketan espezializatu zen. «Ezin izan dut horretan lan egin, institutuek ez baitute eskatzen; gehienez ere hitzaldi bat urtean behin. Prebentzio hitzaldi bat, gainera, ez plazerari buruzkoa. Jende gazteari plazeraz ere hitz egin behar zaio, baina hori ez dago institutuetan».

Gasteizko denda erotikorik zaharrena ez dago itxia, baina bai aldatua. Duela bost hilabete Mikel Gilek hartu zuen Metropolis denda mitikoaren lekukoa, baina beste bide bat urratzea pentsatu du. «Uste dut zaharkitu samarra zegoela; garai bateko sex shop-a zen. Produktuak ere zaharkituak zeuden, eta ez zegoen aukera askorik. Orain, denetarik daukagu», kontatu du. Material berria ekarri eta «jende guziari» ireki nahi izan diote denda. Modu horretan saiatuko da merkatu zail horretako uretan nabigatzen.

Itxuraldatu dute denda zaharra, irudi berrituagoa eman diote, eta argia sarrarazi, erakusleihoa paratu baitiote. Ez da huskeria: «Horrela, pasatzen den jendeak ikus dezake zer daukagun, ikus dezake ez zaigula inporta erakustea, eta senti dezake arazorik gabe sar daitekeela», esan du Gilek. Denda bestela jantzi badute ere, horrek ez du esan nahi ohiko kontuak alde batera utzi dituztela: «Kabinei eutsi diegu, eta sustatu ere egin ditugu. Interneten pornoa ikusteko aukera dago, baina ez da gauza bera; honek badu bere morboa». Pelikula parrasta dute han, apaletan.

Hala ere, badaki Interneten mehatxua handia dela. «Zalantzarik gabe, Interneten saltzen da gehien. Prezioetan, aldea handia da, baina, hemen, alokairua, langileak eta abar ordaindu behar ditugu». Bezero batzuek esaten diote Amazonen produktu bera askoz ere merkeago dagoela. «Egia da, baina ni ezin naiz lehiatu Amazonekin». Hala ere, oraindik ere jende «asko» joaten da dendara. «Asko, erostera baino gehiago kuxkuxeatzera sartzen dira. Dena den, batzuek oso argi dute zer nahi duten, eta beste batzuk aholku eske datoz».

Lola Dacostak alderantzizko bidea egin zuen: soilik sarean aritzen zen hasieran, eta Bilboko erdigunean denda bat ireki zuen gero. Sexu aholkularia da, eta sexua eta erotismoa argitara eraman nahi ditu. «Gizartean ez da aldaketa drastikorik izan, baina ulertzen ari gara sexualitatea gure parte dela, eta ez diogula modu ilunean begiratu behar». Lehen, batzuek ezkutuan edo ahopean eskatzen zizkioten dildoak [zakil itxurako jostailuak]; orain, ez.

Kanpotik datorren argia

Argitasuna literala da: dendan sartu eta komiki erotikoekin apaindutako pareta zuriak daude, erakusleiho zabalak, sofak eta landareak. Literatura erotikoa irakurtzeko txoko bat du, divan tantrikoa, eta sexualitate tailerrak egiten ditu. Denda erdialdean paratzea ez da kasualitatea izan; «normalizazioa» du xede. «Profesionalizatuta ez zegoen sektore bat profesionalizatzea da kontua. Zerbait profesionalizatzen baduzu, negozioa gaiari buruz ikasi duen batek badarama, izango dira horren bila etorriko diren bezeroak», azaldu du Dacostak. Guztiz itxuraldatu den beste mundu bat aipatu du: tatuaje dendak. «Nolakoak ziren lehen eta nolakoak orain? Toki guztietan aurki daitezke, eta orain denek nahi dute tatuatu».

Hari hobeki funtzionatzen dio dendak Internetek baino. Are, sarean erosten duten batzuk azkenean dendara joaten direla ere esan du: «Dildo bat Interneten erosi, eta gerta daiteke iristen zaizunean testura ez gustatzea edo ez izatea zuk uste zenuen bezalakoa; baina ezin duzu itzuli. Hemen, eskuz egindako dildoak ditut: jendeak, ukitu, eta zalantzarik gabe erosten ditu».

Erosteko moduak aldatu dira azken urteetan, baina ez hori bakarrik. Denda erotikoetako bezeroak eta han erosten diren produktuak ere asko aldatu dira. Dacostak esan duenez, gizonei bideratutako produktuak askoz gutxiago dira emakumeei bideratutakoekin alderatuta. Alonsok gogoan du hasieran «lau zakil bibragailu» zituztela, eta orain produktuen parte «oso txikia» dela hori. «Lehen, emakumeak txantxetako produktuak erostera etortzen ziren; orain, plazera dute helburu, eta jada bezeroen artean andreak dira gehienak».

Olaizolak argi du merkatua «guztiz» aldatu dela hasi zenetik: «Emakumea sartu denean, produktuaren itxura aldatu da, materiala, teknologia... Ez dira hain errealak, eta txikiagoak dira». Produktua bai, baina eredu erotikoa ez. Haren aburuz, hori aldatzea falta da, «normalizazioa» lortzeko. Emozioak erotizatzeko beharra dagoela uste du: «Porno gutxiago ez, heziketa gehiago behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.