Trikitiaren doinuak berritzea lortu du Xabi Aburruzaga trikitilariak (Portugalete, Bizkaia, 1978).Denboraren naufrago diskoa aurkeztean, behintzat, asmo hori adierazi zuen: «Modernitatearen atzetik nabil, trikitixa berritzeko eta entzuleei haize freskoa eskaintzeko». Helburu berarekin igoko da Konstituzio plazako agertokira iluntzean (22:30).
Trikitiaren munduan urte asko daramatzan musikaria da Aburruzaga. 2001ean Trikileku trikiti eskola sortu zuen, eta han aritu zen irakasle lanetan. Hiru urte geroago, 2004ko Ibilaldiko abestia sortzeko aukera izan zuen, Oreka TX, Roberto Moso eta Eñaut Elorrietarekin batera. 2006an plazaratu zuen lehen diskoa, Bizkaiko Trikitixa, eta hiru urte geroago, bigarrena, Denboraren Naufrago.
Urte hauetan guztietan haren izena handituz joan da trikitiaren munduan, eta Oskorri, Joseba Tapia eta Mikel Markezekin aritu da lanean. «Trikiti klasikoaren estiloa hautsi, eta ikuspegi berri bat eskaini nahi dut», adierazi zuen Denboraren Naufrago lana aurkeztean.
Euskal kulturaren soinuak munduan zehar zabaltzen aritu da Aburruzaga. Uda honetan Buffalon (AEB) eta Sendimen (Portugal) jotzen aritu da. «Hemengoaz gain, atzerriko mestizajea eta folklorea dastatzea gogoko dut», dio.
XABI ABURRUZAGAREN KONTZERTUA
Non. Donostiako Konstituzio plazan.
Noiz. 22:00etan.
Denboraren naufragoa, irmo
Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarrak kontzertua emango du gauean, Donostiako Konstituzio plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu