Batera joaten dira Bilboko jaietako jarduera andana bat bisitatzera, batera ematen diete festei hasiera Arriagako balkoitik, eta bikote hautsezina dirudite, oro har, baita izendatzen direnean ere: Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera. Bi figurak bat dira, eta hala aldarrikatu dute Itziar Lazkano Setien pregoilariak (Portugalete, Bizkaia, 1957) eta Iratxe Palacios Gana txupinerak (Bilbo, 1986). Bata bestearen makulu da Aste Nagusi «ahaztezin» honetan, eta begirunez hitz egiten dute elkarri buruz, esker onez. Neke orduak gorabehera, asko gozatzen ari dira. Aurtengo ardurak erabat antzaldatu die jaia, egitarauaren beste alde batzuk deskubritzen ari baitira; orobat, ziur daude hurrengo urteetako Aste Nagusia bizitzeko moduan eragingo diela esperientziak.
Nolako giroa dago aurtengo Aste Nagusian?
ITZIAR LAZKANO: Jai oso bereziak izan dira, aspalditik esperotakoak. Nik uste dut jendea pozik dagoela. Kalean, maitasuna eta dibertsioa jasotzen ari gara, eta oso pozik gaude.
Bi urteren ondoren, espero zenuten giro hori?
IRATXE PALACIOS: Argi zegoen bi urteren ondoren giro ona egongo zela; baina bero hori txupinazoan: 40.000 lagun egon ziren... Espero genuen, baina, aldi berean, ez.
LAZKANO: Emozio bat da, eta emozioez aritzeko zaila da hitzak topatzea. Arriagako balkoian geundenoi kosta egiten zitzaigun hitz egitea.
Nola bizi zenuten pregoia?
LAZKANO: Ufa. Oso hunkigarria izan zen. Luze daramat katarroarekin eta uste nuen ez nuela hitzik edukiko esan nahi nuena esateko. Baina behean zegoen jendeak energia asko bidali zuen. Izan ere, nik horrela egin nahi nuen pregoia: izan zedila elkarrizketa bat edo truke bat bertaratu zirenekin. Eta, azkenean, lortu genuen. Ahaztezina izan zen.
Beraz, nahi zenuen dena esan ahal izan zenuen?
LAZKANO: Dena, erabat. Azkenean, ahotsik gabe geratzen ari nintzen apur bat, baina han zegoen Iratxe indarra ematen.
PALACIOS: Itsusia da esatea, baina iruditzen zait hurrengo pregoilariak oso zail izango duela... [Lazkanok ukatu] Bai, bai, bai, bai, gauzak diren bezala. Ze uste dut pregoi berezia izan dela. Askok esan didate negar egin zutela entzun zutenean.
LAZKANO: Pregoi partekatu bat, ez? Uste dut ez zela nire eguna, baizik eta bilbotar denena.
Iratxe, zuk aurkezpenean esan zenuen beldurra sentitu zenuela txupinera izango zinela iragarri zizutenean.
PALACIOS: Ez zen beldurra izan, baizik eta hainbat sentimenduren nahasketa: emozioa eta urduritasuna; batetik, txupinera izan nahi nuen, baina, bestetik, ez nekien gai izango nintzen hedabideen aurrean agertzeko, ez bainago ohituta. Baina Itziarrek asko erraztu dit lan hori: bere berotasunarekin eta maitasunarekin, aurre egin diezaioket baita kamera mordo bati ere.
LAZKANO: Ondo daramagu; bi batean gara.
Konplizitate hori gakoa da Aste Nagusiaren erritmoari eusteko?
LAZKANO: Horixe baietz. Bat egiten dugu alde denetan. Ni egunero egoten naiz berarekin txupinazoan, oso une polita iruditzen baitzait, nahiz eta kalean jende gutxi egoten den ordu horietan [10:00etan].
Aurten nola aldatu da zuentzat Aste Nagusia?
LAZKANO: Ez da gauza bera jaiak kanpotik bizitzea edo barrutik. Barrutik, beste gauza bat da, ikusten duzulako nola bizitzen den dena, jendearen inplikazioa, ardura... Jaiak ondo irteten dira eragile askoren ahaleginari esker.
PALACIOS: Ni konpartsakide izaten hasi nintzen, gero txanda buru, eta, orain, txupinera naiz, nire konpartsako kideei esker; ezberdin bizitzen da. Niri beti tokatu izan zait gauez bizitzea, txandengatik. Bazen garaia bestelako Aste Nagusi bat izateko; egunez bizitzeko beharra nuen. Mundu guztiak parte hartu beharko luke bai goizez bai gauez.
Beraz, aurten gaueko festa desagertu egin da zuentzat?
LAZKANO: Ez zaigu komeni, ez? Goiz jaiki behar dugu eta. Agian Iratxe egon daiteke ni baino ordu pare bat gehiago, lagunekin eta konpartsako kideekin ere egon behar baitu. Ni eurekin egoten naiz su festa arte, baina goizago erretiratzen naiz, erritmo horretan ezin dituzulako jasan bederatzi egunak. Jarduera asko daude, eta ezin gara denetara joan, gustatuko litzaigukeen arren.
PALACIOS: Ni Edurne Zurirena egiten ari naiz: 00:00an, etxera joaten naiz.
Badago bereziki harritu zaituzten jarduerarik?
PALACIOS: Basurtoko ospitaleko umeei bisita.
LAZKANO: Baita Txikigunea ere. Leku eder-ederra iruditu zitzaidan, gune magiko batera sartuko bagina bezala.
Aurreko urteetan, pregoilariek eta txupinerek beste hitz bat ere izan dute ahotan: nekea. Zuek nola daramazue?
PALACIOS: Alde hori badago. Baina ez dira neke egunak, neke ordu jakinak baizik. Baina berehala suspertzen gara.
LAZKANO: Dosifikatu behar da, baina ondo daramagu. Uste dut hasieratik jabetu ginela Iratxe eta biok etorriko ziren gauza onez.
Zelakoa izaten da eguna?
PALACIOS: Gure eguna 09:45ean hasten da, Arriagan, eta, ondoren, handik hona eramaten gaituzte.
LAZKANO: Segizio zoragarria dugu. Bakoitza gauza batez arduratzen da: idazkari bat prentsaz arduratzen da, eta elkarrizketak antolatzen dizkigu; beste batek poltsa eramaten digu, behar dugun guztiarekin; ura behar badugu ere ekartzen digute; nora goazen esaten digute, eta tarteak topatzen dituzte guk deskantsatu ahal izateko.
Nola daramazue protagonismoa?
PALACIOS: Nik inoiz ez ditut hainbeste argazki atera. Ilusioz eta irribarretsu etortzen dira argazkia eskatzera, eta guk pozik ateratzen ditugu, baina batzuetan ezin dugu, beste norabait joan behar baitugu.
LAZKANO: Ez naute egun hauetan bezainbeste filmatu ezta bideo liburu baterako ere.
PALACIOS: Denbora gelditu egin zaigu. Hainbeste ari gara disfrutatzen, ezen denbora bazter batean utzi baitugu. Aste Nagusian, denbora eten egiten da.
Zein da pregoilariaren eta txupineraren rola, zuen ustez?
PALACIOS: Bilboko pozaren eta gozamenaren irudia dira. Azkenean, bilbotarrei eta kanpokoei zoriontasun irudia transmititzen diegu, zoriontsu gaudelako. Gure egitekoa da, nolabait, jaiei argia ematea.
LAZKANO: Bai, oso ondo azaldua. Nik ez nuen uste bi pertsonaiok hain maitatuak zirenik: banekien maitatuak zirela, baina hainbeste? Oso enblematikoak dira, oso ikonikoak. Marijaia, pregoilaria eta txupinera: hiru horiek asko babesten ditu jendeak.
Nola prestatu zarete jaietarako?
LAZKANO: Gimnasiora joan gara erresistentzia hobetzeko [barreak]. Eta zaindu, eta deskantsatu: kontuak ez du aparteko misteriorik. Agian eguerdi aldean urdaiazpiko apur bat jaten dugu, solomoa, txakolin apur batekin, pizteko. Baina horrez gain, ura eta kafea baino ez gara hartzen ari.
PALACIOS: Ondo elikatu beharra dago, hori bai.
Jaiak gaztelaniaz eta euskaraz bizitzeko asmoa adierazi zenuen, Iratxe. Euskaraz bizitzeko aukera izaten ari zarete?
PALACIOS: Bai. Adibidez, Algara konpartsakoekin elkarrizketa bat izan dugu, erabat euskaraz.
Eta elkarrizketez gain, jardueretan ere euskaraz gozatzen duzue?
LAZKANO: Bai, asko. Festa gunean ibiltzen gara gehien, eta han jendeak asko hitz egiten du euskaraz. Hiri honen errealitatearen parte da.
Hemendik aurrera, aldatuko da jaia bizitzeko duzuen modua?
LAZKANO: Nire kasuan, dudarik gabe, inoiz imajinatuko ez nituen gauzak deskubritzen ari naizelako. Bilboko Konpartsen lana miresgarria da: zein talde handia diren eta zein ongi antolatzen duten dena. Hemendik aurrera, Aste Nagusia beste modu batera ikusiko dut; aurten barrutik ikusi dudanez, ikusle moduan egoten naizenean ere ahaleginduko naiz jardueretara are gehiago hurbiltzen.
PALACIOS: Aurretik gauez bizi izan ditut jaiak; aurten, egunez; eta, hemendik aurrera, mistoak izango dira nire jaiak, egunez ibiltzea ere merezi baitu.
Bilboko Aste Nagusia. Iratxe Palacios eta Itziar Lazkano
«Denbora gelditu egin zaigu, jaiez asko disfrutatzen ari baikara»
Harridura, poza, hunkidura: sentimendu nahastea izaten ari da aurtengo Bilboko Aste Nagusia Lazkano pregoilariarentzat eta Palacios txupinerarentzat. «Maitasuna jasotzen dugu kalean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu