Ezarian. Sanferminak

Denak, txupinazoaren zain

Gaur eguerdian lehertuko da sanferminak hasi direla adierazten duen suziria, eta festa giroa nonahi barreiatuko da IruñeanPrest dira denak hirian, eta parrandarako gogoarekin dira herritarrak

Arropa dendek nahiko lan izan dute festa aurreko egunetan; hamaika zapi, gerriko, galtza eta kamiseta saldu dute. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lehertzear da festa. Iritsi dira sanferminak. Hemen dira Iruñeko jai nagusiak. Iruindar askok urte osoko gorabeherak ahazteko baliatzen dituzten jaiak. Hasiera eguerdian, 12:00etan, udaletxeko plazan edo Alde Zaharreko edozein kaletan. Festan murgildu nahi duenak ez du ahaztu behar zuriz janztea, eta zapi gorria lepoan jartzea. Eta parrandarako gogoa izatea, noski.

Estafeta kale bukaeran dagoen arropa dendako erlojuan dagoen atzera kontaketak adierazten du iritsi dela Iruñeko egutegian hizki gorriz ageri den eguna. Bero-bero da giroa. Hastear da festa, eta asko nabari da hiriko kaleetan. Aurreko asteetako prestaketak bukatuta, hiria festa amaigabean murgilduko da.

Aste eroa izan da Iruñean hau. Gaurko dena prest egoteko, ordu txikitan ere lan egin behar izan du hainbatek. Alde Zaharreanetengabea izan da iruindarren joan-etorria. Dendak, tabernak, jatetxeak... denak lan eta lan aritu dira gaurko egunerako prest egoteko. Dendariek zuri-gorriz jantzi dituzte erakusleihoak, zapi eta gerriko gorriak, galtza zuriak, baina, batez ere, kamiseta zuriak saldu dituzte.

Horretan aritzen ez diren askok ere lanbide hori hartu dute egunotan, baita sanferminak irauten duten bitartean ere. Hamaika aukera, eta aukera adina prezio. Horrekin ere batzuk haserre, etorri berriak urteak daramanari konkurrentzia ez lehiala egiten diolako. «Lehia gogorra da, salneurri txikiagoak jartzen dituzte, eta saltzeko aukera gehiago dituzte», dio Estafeta kale hasierako kamiseta dendan lan egiten duen Maider Amorenak. Iritzi berekoa da kale berean Estafeta oroigarrien dendan aritzen den Laura Beloki. «Lehia da, baina haien aurka deus gutxi egin dezakegu».

Tabernak eta jatetxeek ere janaritegiak enpo bete dituzte. Egunotan, ezin konta ahala kamioi ibili da Alde Zaharrean edariak eta jakiak han eta hemen husten eta banatzen. Zerbitzari berriak tabernetan eta jatetxetan, festazaleen zain. Guztien kezka, eguna joan eguna etorri edonoren ahotan dagoen krisia. «Iragan urtean nabaritu genuen, eta aurten ere nabarituko dugu», dio Merkaderes kaleko tabernari batek. «Estatubatuarrak eta australiarrak gogoz etortzen dira, eta berdin zaie zenbat gastatu, baina hemengoak ez daude berdin».

Baina bada jaietan krisia nabarituko ez duen talde bat, entzierroa ikusteko balkoiak alokatzen dituzten lagunak. Batez besteko prezioa 40 euro da, eta, gehienetan, etxeko jabeak gosaria ere eskaintzen du zerbitzuan. Ordaindu beharrekoa 50 eurora ere igo daiteke, kokapenaren eta egunaren arabera. Lehen solairuan dauden pisuek gehiago balio dute,zezenak gertuago ikusteko aukera ematen dutelako. Krisiak krisi, jendeak, egun batzuetan bada ere, arazoak ahazteko gogoa du, eta festaz mintzo da. Iruñean edo Iruñetik kanpo, festak gozatzera doaz iruindarrak.

Dena prest

Festan murgiltzeko behar den guztia prest da Iruñean: Gaseko ukuiluetan dira aurtengo entzierroan korrituko duten zortzi ganadutegietako zezenak. Dolores Agirreren sei adardunak izanen dira lehenak aurtengo entzierroa korritzen. Arrotxapea auzoan daude oraingoz, ordea, Gaseko ukuiluetan. Duela astebete biraka dabil noria erraldoia Runako parkean. 70 metroko altuerarekin, zorabiatzen denak hobe du hara ez igotzea. Atzo, diruaren hotsa zela tarteko, biraka jarri zituzten gainontzeko barrakak ere. Guztira, jolas egiteko 75 atrakzio. Adin guztietarakoak, eta 12:00etatik 06:00ak arte egonen dira zabalik.

Jarrita daude entzierroaren ibilbideko hesiak. Santo Domingoko aldapatik hasi eta zezen plaza arte behar diren zutoinak, taulak, ziriak eta ateak prest dira. Eta lasterkariak irrist ez egiteko esprai berezia ere bai. Zezenek zein lasterkariek zezen plaza izanen dute zain.

Jendearen joan-etorri handia sumatzen da, ohi baino handiagoa, hiriko hotel, aterpe eta informazio bulegoetan. Kanpotarrak asko, beren mapa eta gidaliburuekin, festak zer eskaintzen duen ezagutu nahian. Tren eta autobus zerbitzu bereziak ere izanen dira. Jaien hasierak eta asteburuak bat eginen dutelako. Donostiatik orduro izanen dira autobusak, eta Bartzelonatik eta Madrildik tren zerbitzu bereziak izanen dira. Iruñean ere, aldaketak billabesen ordutegi eta norabideetan. Beraz, adi geltokietako iragarkiei!

Guztia, zortzi egunez itxuraz aldatzen duen hiriaren mesederako. Jaiak hasteko irrikan daudenentzat, hemen da eromena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.