Biolin jotzailea

Beatriz Bertalotto: «Denak behar du bere denbora eta dedikazioa, eta hala ikasten da biolina ere»

Bertalotto biolin jotzailea izan da Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak aurten musika arteetako prestakuntza ekintzetarako emandako diru laguntzen onuradunetako bat.

Beatriz Bertalotto biolina jotzen. BERRIA
Beatriz Bertalotto biolina jotzen. BERRIA
unai etxenausia
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Musikarekin bidea egiten ari da Beatriz Bertalotto (Gasteiz, 2001), eta haren bizitza biolinari dion maitasunak gidatu du beti. Zortzi urte zituela hasi zen biolina jotzen, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, eta bertan izan zituen orkestrako lehen esperientziak. Bertalottok bere ibilbide artistikoaren lehen urrats garrantzitsutzat jotzen ditu esperientzia horiek. Haren pasioak eta ahaleginak ateak ireki dizkiote, eta, gaur egun, Groningengo (Herbehereak) Prins Claus kontserbatorioan ari da ikasketak sakontzen. Gainera, aukera izan du noizean behin Herbehereetako Iparraldeko Orkestran jotzeko. Euskal Herritik urrun egon arren, argi dauka noizbait sustraiak dituen lekura itzuli nahi duela. Orain, bertako eta nazioarteko musika giroetan murgilduta, bere ibilbidea sendotzen ari da.

Zergatik aukeratu zenuen biolina, hain instrumentu konplexua izanda?

6 urterekin izan nuen lehen harremana musikarekin, baina orduan ez nuen instrumenturik jotzen. 7 urterekin, amak orkestra baten kontzertu batera eraman ninduen, eta han erabaki nuen biolina jo nahi nuela. Hasieran ez nuen kontserbatorioko probarik egin nahi, baina amak animatu ninduen, eta eskertzen diot. Biolina aukeratu nuen hasiera-hasieratik maitemindu ninduelako.

Ohikoa da kontserbatorioan hain gazte hastea?

Baietz esango nuke. Euskal Herrian oso ohikoa da musika ikasketak goiz hastea, aukera izaten baita lehen hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera kontserbatorioan hasteko. Batxilergoko bigarren maila bukatzean, gradu profesionala amaitzen da, eta, horren ondoren, goi mailako gradua egiteko aukera dago.

Erraza da biolinari soinu desatsegina ateratzea, baina ederra da teknika menderatzen duen profesional bat entzutea...

Hala da. Hasieran, txikitan, egunean ordubete praktikatu behar nuen. Oso ondo gogoratzen naiz, eta amaren lagun batek ere gaur egun esan izan dit orduan ni entzutea «jasanezina» zela [barrez]. Baina, azkenean, ahaleginduz eta lan eginez ikasten da. Pixkanaka-pixkanaka, biolinari soinu atsegina ateratzen diozu. Denak behar du bere denbora eta dedikazioa, eta hala ikasten da biolina ere.

Presio handia da kontserbatorioa bizitzako beste alor batzuekin uztartzea?

Niretzat, bai. Musikaz gain, dantza klasikoa ere ikasten nuen, eta nire egunak guztiz beteak zeuden beti. Eskolatik kontserbatoriora joaten nintzen, eta handik dantza eskolara. Beti izan naiz dena egiteko gogoa duten horietako, baina hori dela eta, presioa ere nabaritu izan dut. Ez da beti erraza izan jarduera horien artean oreka aurkitzea, baina, era berean, nire nortasunaren parte bihurtu da.

Eta, orain, Groningenera eraman zaitu musikak.

Nafarroako Kontserbatorioan amaitu nuenean, argi nuen musikarekin jarraitu nahi nuela. Hainbat lekutan probak egin eta zenbait aukera aztertu ondoren, Groningen aukeratu nuen. Erabakia hartzea ez zen erraza izan, baina hemengo eskaintza eta giroa oso erakargarriak iruditu zitzaizkidan.

Herbeheretako Iparraldeko Orkestran ere ari zara.

Sekulako aukera da, eta izango dut gehiagotan jotzeko aukera ere.

Zaila izango da guztiek elkar ulertzea, ezta?

Ez da erraza. Orkestretan jo izan dut beti, baina hura bezalakorik ez dut ezagutu. Profesionalena da jada, eta hemen dena oso ondo entseatu behar da, aurrez: tempo zuzena, notak, koordinazioa... Elkarri laguntzen diogu, eta hori oso positiboa da. Baliteke presioa sentitzea, baina esperientzia ikaragarria da.

Batek huts egiten badu, nabaritzen al da?

Izan daiteke, baina pentsa hamar biolin jotzaile garela. Orduan, zaila da huts txikiak nabaritzea.

Solista aritu zara?

Ez, oraindik ez. Baina, master amaierako lanean, pieza bat solista moduan aurkeztuko dut, orkestra txiki batek lagunduta.

Zer egingo duzu aldundiak emandako bekarekin?

Biolin berri baten bila nabil; beraz, horretan gastatuko dut. Laguntza handia da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoan amaitzea gustatuko litzaizuke?

Izan liteke, gauza handia da hori. Hurrengo urtean hemen geratuko naiz, orkestretan jotzeko probak gainditzen. Iruñeko lagun batekin duo bat lantzen ere hasi naiz, eta pozik nabil horrekin: ea kontzertuak lotzen ditugun. Badakit noizbait Euskal Herrira itzuliko naizela, eta ikusiko dut orduan zer egin.

lotsabako

Konpositore bat?
Asko daude, baina [Piotr Ilitx] Txaikovski esango dut.

Jotzeko leku bat?
Ez dakit, baina Amsterdamgo Concertgebouwn jotzeko aukera izan dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.