Fraide izateko ikasketak egiten hasi zen Felix Razkin (Arbizu, Nafarroa, 1947), baina azkar utzi zuen bide hori, Gasteizko langile mugimenduan barneratzeko. Barru-barrutik bizi izan zuen 1976ko martxoaren 3ko sarraskia. Hala ere, betidanik izan du bidelagun euskalgintza ere. Besteak beste, Gasteizko lehenengotariko euskara eskolak sortu zituztenetako bat izan zen, eta derrigorrezko hezkuntzan ere euskararen aldeko urratsak egin zituen. Osakidetzako euskara zerbitzuan aritu zen lanean azken urteetan, erretiratu zen arte.
Gasteizen bizi zara, baina arbizuarra zara sortzez. Beriain magaleko herritarra, beraz.
Han igaro nuen haurtzaroa, eta oroitzapen onak ditut. Guk garai horretan ez genekien erdaraz, eta dena egiten genuen euskaraz. Pentsa, baita apaizak ere. Euskalduna zen, eta sermoia euskaraz ematen zuen. Hainbat arazo izan zituen herritar batzuekin, eta salatu ere egin zuten.
Nolakoa zen euskararen egoera ordu hartan Nafarroan?
Nafarroako Gobernuan zeudenak askoz ere euskaltzaleagoak ziren lehen, Francoren garaian. Vianako Printzea erakundea ere sortu zuten, eta euskara ondare kultural izendatu zuten; mantendu eta zaindu beharra zegoela uste zuten. Herrira ere etorri ziren, eta diplomak banatu zizkiguten, 1957an, euskaraz egiteagatik. Demokraziaren garaiotan, ordea, aurkako mugimenduak sortu dira, eta euskarari gorrotoa diote hainbatek. Iruñean, esate baterako, laguntza ugari kendu dituzte, eta baita haurtzaindegietako euskarazko tokiak ere. Batzuek gure hizkuntza daukate arazo nagusitzat, eta beren bidetik kendu nahi dute; egoskorrak dira lanbide horretan.
Hala ere, 10 urterekin Gipuzkoara joan zinen, Oñatira.
Ordu hartan prestigioa ematen zuen etxean apaiz bat egoteak. Nik osaba bat nuen agustinoetan, eta Arbizuko eskolara joan zen bokazio bila. Egun horretan ez nintzen eskolara agertu, osabaren bisitaren jakitun. Hark maisuari galdetu zion ea zein izan zitekeen pertsona egokia eta argia ikasketa horietarako, eta irakasleak erantzun zion bazela mutiko bat, baina ez zela eskolara joan. Hori ni nintzen. Azkenean, gurasoekin hitz egin zuen osabak, eta Oñatin [Gipuzkoa] amaitu nuen.
Egun hartan, beraz, argia izan zinen.
Bai, bai. Hala ere, ez nintzen beste ikasleak baino argiagoa. Horren oinarrian istorio bat dago: Panpa [Argentina] non zegoen galdetu zigun behin irakasleak, eta nik erantzuna banekien, beste osaba bat han genuelako. Irakaslea harrituta gelditu zen, ea mukitsu batek haiek baino gehiago jakin behar zuen esan zien ikasle zaharragoei. Lehen lerroan jarri ninduen, haiekin batera. Izan ere, ikasle zaharrenak aurrealdean eta gazteenak atzealdean jartzen ziren orduan.
Zer moduz egon zinen han?
Nahikoa lan izan nuen integratzen, eta, beraz, bizkortu, eta gaztelera ikasteari ekin nion buru-belarri. Badut anekdota bat ere. Euskaraz dena, nolabait, a-z bukatzen da: etxea, aulkia. Bada, hizki hori, erdaraz -la artikulua erabiliz ordezkatu nuen: la burra, la padre, la madre... Dena zen a.
Azkenean, abitua ere hartu zenuen.
Fraide izateko lehenengo pausoa izaten zen abitua hartzea; nobizioa. Horrela urtebete egin nuen, baina, azkenean, Gasteizera etorri ginen ikasketekin jarraitzera, 18 urte ingururekin.
Teologia ikastera, teorian...
Teorian, eta fraideek ere ordaindu ziguten bizilekua, baina ordurako bagenekien denok utziko genuela. 30 lagun inguru izango ginen, eta Eusebio Osa apaiza bidali zuten espedizioaren buru gu kontrolatzeko. Pertsona irekia zen, asko irakurria eta pedagogia berrien aldekoa, eta, hark gu kontrolatu baino gehiago, guk harekin ikasi egin genuen. Uzten zigun askatasuna ere zer bide hartu nahi genuen erabakitzeko, ea apaiz izan nahi genuen ala ez. Nik langileen mundura egin nuen jauzi, eta Tximist, Michelin eta BH enpresetan aritu nintzen lanean.
Langile mugimenduan ere sartu zinen.
Ni topera konprometitzen nintzen; hortxe nengoen, borrokarako. Gure lorpenik handiena 1976ko martxoaren 3ko greban lortu genuena izan zen.
Sarraskiaren egunean, hain zuzen.
Hala da. Ordura arte ez zegoen inolako hitzarmenik. Sindikatu Bertikala zegoen, eta baziren ordezkari sindikalak ere, enpresekin negoziazioak egiteko. Hala ere, Francoren asmakizun bat besterik ez zen, enpresek aukeratzen baitzituzten ordezkariak. Beraz, hainbat enpresatako langile konprometituok erabaki genuen lanean hastea, koordinatuta eta klandestinitatean. Helburu genuen denok hitzarmen berbera izatea, izan metalekoa edo beste arlo batekoa. Negoziatzaileak guk aukeratutakoak izatea ere eskatzen genuen, eta baita plataforma bat sortu ere. Enpresetan aurkeztu genuen gure proposamena, eta orduan hasi ziren ukazioak eta borrokak.
1976ko martxoaren 3a: bost hildako eta ehunka zauritu.
Egun hartan, dena gelditu zen Gasteizen; gure historia markatzen du egun horrek. Baziren aurreko greba batzuetako esperientziak ere, baina azkeneko horretan ikasleek ere grebara deitu zuten, eta dendariek itxi egin zituzten komertzioak. San Frantzisko elizan egin behar genuen arratsaldeko batzarra. Langileen ordezkariok aurrez biltzen ginen, zer esan behar genuen erabakitzeko. Jendea gure zain zegoela, ordea, Polizia eliza barrura sartzen hasi zen, eta gas potoak botatzen. Bertan zeudenak eraikinetik irten ahala, tiroka hasi ziren. Hartu genituen harriak, eta istiluak izan genituen Poliziarekin; zelai zabaleko gudu bat. Espainiako Estatua krisian jarri zuen gertakariak. Enpresa guztiek itxi zuten hiru egunez, eta hildakoen hileta egin genuen. Espainiako Gobernuarekin akordio bat lortu zen.
Zehazki, zer lortu zen?
Francok sortutako ordezkari sindikalen figura bertan behera uztea, eta sindikatua legeztatzea. Espainia osorako ekarri zuen aldaketa borroka horrek. Gure ordezkariak hautatzea genuen helburutzat, langileonak; hasieran, sindikaturik ez egotea ere planteatzen genuen. Ni neu oso asanblearioa naiz, eta ez naiz asko fidatzen sindikatuekin. Langileek egin dute borroka, eta, nolabait, sindikatuek aprobetxatu egiten dute, beraiek goian jarrita. Hala ere, azkenean sindikatuak egotea erabaki zen, eta dezente desanimatu nintzen.
Beharrezkoa al da gertatutakoa ondo gogoan izatea? Memoria?
Zaramaga auzoan hil zituzten poliziek bost lagun, eta beste hainbeste zauritu, baina gogoan izan behar da langileon borroka horretatik ere zer lortu zen, oraingo aurrerapen gehienak hortik sortu baitziren.
Desanimatu ostean, euskalgintzara jo zenuen. Bazenituen aurrekariak arlo horretan ere.
Gasteizera etorri ginenean hemen ez zen apenas euskaraz egiten, eta bi fronte nagusi izan genituen. Batetik, helduentzako euskara eskolak ematen hasi ginen. Hamar bat lagun aritu ginen jardun horretan, eta bakoitzak hamabi pertsona inguruko hiruna talde genituen. Gerora, ikusi genuen beharra beste lurraldeetan sortzen ari ziren mugimenduei ere ekiteko, eta horrela sortu genuen Gasteizko AEK, 1970eko hamarkadaren hasieran. Bestetik, ikastolen mugimendua ere martxan jarri genuen, eta horretan lagun izan genituen Gipuzkoatik eta Bizkaitik hona etorritako hainbat enpresari. Ikastola bat jarri genuen martxan, Olabide izango zena gerora, besteak beste, Izaskun Arrue irakaslea lehen lerroan zela. Etxe txiki batean eman zituzten lehen eskolak.
Arabako Foru Aldundiarekin ere borrokan aritu zineten.
Euskararen alorrean aurrerapen gehien egin dituen lurraldea Araba izan da. 1970eko hamarkadaren inguruan, esaterako, baziren bi ikastetxe euskaraz irakasten zutenak: Durana eta Olabide. Orduan, legeak adierazten zuen euskaraz soilik guraso euskaldunak zituzten ikasleek ikasiko zutela, baina guk herritarrei beste aukera bat eman nahi genien, nahiz eta gurasoak erdaldunak izan. Hala, Gasteizko Toki Eder ikastola okupatzea erabaki genuen; diputazioak eraiki berri zuen eraikin bat zen, eta han hasi ginen euskarazko eskolak eskaintzen, borondatez aritu ziren irakasle batzuekin. Diputazioak, azkenean, aukera hori eskaini zigun, eta irakasleak ere kontratatu zituen.
Egindako presioak, beraz, merezi izan zuen.
Bai, eta uste dut diputazioak ere lan handia egin zuela. Sei ikastola egin zituen aldi berean, diputazioarenak zirenak eta, beraz, publikoak.
Erretiratu aurreko urteak, berriz, Osakidetzan egin zenituen.
Euskal Filologiako ikasketak egin nituen 21 urte nituela. Enrique Knorr izan zen irakasleetako bat, eta barregarria ere bada, bera aurrez nire ikasle izan baitzen euskara eskoletan. Ondoren, euskaltegietan aritu nintzen lanean, eta, Eusko Jaurlaritzako itzultzaile beka batekin urtebete egon ostean, beste eremu batzuetan aritu nintzen. Azkenik, Osakidetzako euskara zerbitzuko lan deialdi publiko batera aurkeztu nintzen, eta, lehenengoan izan ez bazen ere, azkenean, hartu egin ninduten. 2002an hasi nintzen, eta 60 urterekin atera nuen plaza.
Osasungintza publikoaren alorrean, hainbat aldiz salatu da euskararen egoera.
Nahikoa urrats egin dira bertan sartu nintzenetik. Esate baterako, euskara zerbitzukook martxan jarri genituen euskaraz ikasteko ikastaroak, eta uste dut jende euskaldundu zela. Euskara normalizatzeko dekretu bat ere egin genuen, eta Osakidetzak onartu egin zuen. Hala ere, ez dute kasurik egiten. Jarri genuen, adibidez, harrerako langileen %80k euskaraz arreta eskaintzeko gai izan behar zutela edozein zentrotan. Gertatzen dena da, ordea, hori ez dagoela gure esku, ospitaleak erabakitzen baitu nor hautatu, eta, sarritan, irizpide hori ez da errespetatzen.
Langilea izan zarela, behintzat, ezin ukatu.
Bai, eta, 65 urterekin erretiratu ostean, hainbat gauzatan aritu izan naiz laguntzen, hala nola mintzalagun taldeetan. Orain, gehienak utziak ditut, baina badabilkigu zerbait buruan Pako Eizagirrek eta biok. Fraideetan egon ginen batera, eta hamaika saltsatan dago sartuta; hainbat ipuin ere idatzi ditu. Harreman hori mantendu dugu, eta baita beste askorekin ere. Badugu fraideetan egon ginenon Whatsapp talde bat ere; nork esango zigun guri...
Felix Razkin. Langilea eta itzultzailea
«Dena gelditu zen Gasteizen Martxoaren 3an; egunak historia markatu zuen»
Hainbat borrokarekin «konprometitua» egon dela adierazi du Razkinek, hala nola euskalgintzarekin eta langile mugimenduarekin. Lantegietan egin du lan; baita Osakidetzako euskara zerbitzuan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu