Zientzia, teknologia berriak, informatika... Gai horiek guztiek liluratzen dute Felix Ares (Madril, 1947). Kontent nabari zaio horiei buruz hizketan, luze eta zabal mintzatzen baita zernahi azalpen zientifiko emateko orduan. Bizitza osoa eman du teknologiari lotuta, eta horren erakusle da haren curriculuma: Eureka zientzia museoko zuzendaria, Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna, Informatikan doktorea, NASArekin elkarlanean aritua...
Zurea zenbakiak eta zientziak dira. Hori, garbi.
Bai! Txikitan sartu nintzen mundu horretan, eta ez naiz atera. Aitak irratiak konpontzen zituenez, bertatik bertara ezagutu dut gai hori. Gainera, benetan harrigarria da zer lor daitekeen! Izan ere, gaur egun pentsaezina dena ere egingo da hemendik urte batzuetara.
Asko falta al da Robocop bizitza errealean ikusteko?
Robotak giza itxura izatea txikikeria da, baina adimen artifiziala duten milaka robot ditugu inguruan! Milaka! Batzuei gezurra irudituko zaie, baina oso barneratuta daukagu teknologia berria, eta menpekotasun handia daukagu dagoeneko. Zer egingo genuke taupada markagailurik gabe? Orain horiek huts egingo balute, hondoratu egingo ginateke.
Adimen artifiziala deritzon horrek errespetu pixka bat ematen du…
Ez, ez! Oso baliagarria da. Kontua da zein bidetan doan; gure ongizatea bermatzera eta ingurua ezagutzera bideratu behar da.
Teknologia adimentsua izan badaiteke, iritsiko al da gizakiak lanik egin beharko ez duen eguna?
Kar-kar-kar. Ez dakit egun hori iritsiko den, baina, dena dela, hori gai politikoa da teknologikoa baino gehiago. 60ko hamarkadan, uste zen gaur egun aski izango zela lauzpabost orduz lan egitea, baina begira nola gauden. Dena dela, bultzatu behar duguna da robotek egitea guk egin ezin dezakeguna edo guk baino hobeto egin dezaketena.
Ordenagailu bat, behintzat, Kasparov baino hobeto aritu zen xakean...
Bai, baina hori baino harrigarriagoa da duela hilabete gutxi lortu dutena. Lortu dute ordenagailu batek hizkuntzaren konnotazio linguistikoak, metaforak... ulertzea, baita lehiaketa batean gizakiei irabaztea ere. Informatikoki hizkuntza neurri horretan ulertzea ikaragarria da, sekulakoa!
Zenbait autok ere bakarrik aparkatzen dute.
Hori baino gehiago! Googlek proiektu bat jarri zuen martxan, eta zenbait autok 250.000 km egin zituzten bakar-bakarrik, gidaririk gabe! Eta hori guztia gugana dator pixkanaka. Hortaz, egunen batean, agian, autoari pilotu automatikoa jarri, eta bakarrik joango da...
Ordenagailuen mundua ere ikaragarri azkar garatzen da.
Bai. Luze gabe, sakelakoek PCak ordezkatu ahal izango dituzte. Laster, ordenagailu eramangarria eduki beharrean, sakelako telefonoa izango dugu, eta horrekin lan egingo dugu. Bitxia izan daiteke, baina bide hori darama.
Ordenagailuak aipatu dituzunez, zuk aurrez aurre ezagutu duzu Bill Gates.
Bai, Nizako konferentzia batean ezagutu genuen elkar. Momentu batean, txiripaz, ondoan eseri eta hizketan aritu ginen. Ez da pertsona desatsegina, baina zozo xamarra da. Gauza harrigarriak egin ditu; onartu behar da Windows7 ikaragarria dela, nahiz eta nik Linus erabiltzen dudan...
Donostian Eureka zientzia museoko zuzendaria izan zara duela gutxi arte...
Esperientzia bikaina izan da, hasieratik bukaerara: zer jarri, nola, ulergarritasuna… Harian-harian, gauzak egokituz joan gara, eta hamaika aldiz aldatu dugu dena. Liluragarria izan da.
Euskaldunoi interesatzen al zaigu zientzia?
Arrakasta handia du museoak, baina gauza kurioso bat gertatzen da batzuetan: gazteek ez dakite inguruan zer duten. Zerua, adibidez. Gauean gora begiratu, eta hiruzpalau izar ikusten dituzte, besterik ez; ez dute jakingo gaur Jupiter eta Artizarra oso ondo ikusi ahal izango direnik... Baina, tira, gauza polit asko erakutsi izan diogu jendeari. Esate baterako, munduaren diametroa neurtu izan dugu eskoletako haurrekin, eta bete-betean asmatu izan dugu!
Horrela zaletzen da jendea.
Ehunka esperimentu egin ditugu, hamaika hitzaldi eta elkarrizketa... Dena da aztertzeko interesgarria: elektronika, natura, gure ingurua... Dena. Horregatik, museoan dibulgazioa izan da beti gure helburu nagusia.
Erretiroa hartu duzu, baina lanean jarraitzen duzu.
Bai. Baina orain beste gauza batzuk egin nahi ditut. Espainiako mokadutxorik onenei buruzko blog bat egin nahi dut, eta munduari ehun egun inguruko buelta ematera ere joango gara! Itsasontziz emango diogu bira, Ekuatorearen ingurutik... Dena ez da lana, eta baditugu planak, bai!
Felix Ares
«Dena da aztertzeko interesgarria»
Urte gutxian bizitza asko alda dakigukeela dio Felix Aresek, eta, besteak beste, gidaririk gabeko autoak ere ikusi ahal izango ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu