Pelikularen izenburuak berak iragartzen du zenbait konturekin trufaka aritzeko asmoa: Dan Kwan eta Faniel Scheinert gidoilari eta zinemagileek lan berriari Everything Everywhe All at Once izena jarri diote, hau da: dena edonon eta batera. Totum revolutum, alegia.
Jamie Lee Curtis aktore beteranoari, trailerrean, zera esaten entzuten zaio: «Agian zuek faktura ugari baino ez dituzue ikusiko. Baina nik istorio bat ikusten dut, eta ez du itxura onik». Evelyn protagonistari gertatuko zaionaz ari da. Txinatik AEBetara joandako etorkina da Evelyn. Abentura basati batean murgilduko da nahitaez, eta, dirudienez, hark bakarrik salbatu dezake mundua. Multibertsoetan harrapatuta geldituko da, denboran zehar bidaiak egiten, eta askotariko pertsonaiak topatuko ditu.
Filma ikusi dutenek diote errusiar mendi batera igotzea bezala dela, bi ordu luzean. Atrakzio bat, baina eroa. Fantasia, akzioa, zientzia fikzioa, efektu bereziak, kolore desberdinetako umoreak... Izan ere, multibertso ugaritan ibiliko da batera eta bestera protagonista. Arrisku ugari biziz, modu zentzugabean hainbatetan.
Malaysian jaiotako Michelle Yeoh aktoreak jokatzen du protagonistaren rola. AEBetako zinemagintzan bere tokia bereganatu du Yeohk —datozen urteetan nazioartean are ezagunagoa bihurtuko da, Avatar-en atal berrietan parte hartuko baitu—. Jamie Lee Curtisi buruz, berriz, dagoeneko gutxi dago esateko; zinemazale guztiek badakite zein trebea den komedia generoan, zein abila den askotariko pertsonaiak interpretatzen.
Eta, bestalde, aktore taldean bada izen bat 1980ko pelikulen zale nostalgikoen oroitzapenak berpiztuko dituena: Jonathan Ke Quan. 1985ean, The Goonies filmean parte hartu zuen —urtebete lehenago Indiana Jones and the Temple of Doom-en ere bai—, eta, hainbeste urteren ostean, polita izango da zenbaitentzat Ke Quanekin pantaila handian topo egitea. Izan ere, akzio eszenen koreografo aritu da azkeneko hamarkadetan, baina ez askorik aktore.
Larkin Seipleren argazki zuzendaritzak bere garrantzia du pelikulan.
Daniels bikotea
Datorren astean estreinatuko duten film horren atzean Daniel Kwan eta Daniel Scheinert daude. Sortzaile gisa Daniels edo The Daniels dira, eta zenbait tokitan modu horretan ageri dira sinatuak haien lanak. Ezin da ukatu begirada eta umore berezia dutela.
2016an, Swiss Army Man filma zuzendu zuten. Umore absurdoa zuen oinarri, eta kritika onak izan zituen —Sundanceko jaialdian estreinatu zuten, eta zuzendari onenaren saria bereganatu—. Uharte batean bakarrik dagoen gizon baten istorioa kontatzen zuen. Aktore protagonisten artean Daniel Radcliffe zegoen.
Horren aurretik, zenbait film labur zuzendu zituzten; tartean, Interesting Ball, Pockets eta Possibilia. Telebistarako ere egin dute lan duela gutxi, Awkwafina Is Nora from Queens telesailean.
'EVERYTHING EVERYWHERE ALL AT ONCE'
Zuzendariak. Dan Kwan eta Daniel Scheinert.
Aktoreak. Michelle Yeoh, Jamie Lee Curtis, Jonathan Ke Quan, James Hong, Anthony Molinari, Audrey Wasilewski.
Generoa. Komedia.
Herrialdea. AEB.
Iraupena. 132 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Dena batera, umore giroan
'Everything Everywhere All at Once' filma multibertsoaren kontuetan murgiltzen da, komedia eta zientzia fikzioa uztartuz. Michelle Yeoh aktoreak du protagonistaren rola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu