Gaztaren Institutuko zuzendaria

Luisa Villegas: «Demostratu nahi dugu zer garrantzitsua den egunero jogurt bat jatea»

Gaztaren Institutuak gidatuta, YoGoe4Life proiektua garatzen ari dira, A2A2 proteina duen jogurta egunero jateak perimenopausiaren ondorioetan izaten duen eragin positiboa ulertzeko.

Luisa Villegas, Gaztaren Institutuko zuzendaria eta aditua. GORKA RUBIO / FOKU
Luisa Villegas, Gaztaren Institutuko zuzendaria eta aditua. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Brasildik iritsi berria da Luisa Villegas (Irurtzun, Nafarroa, 1971). Sao Paulon izan da, gaztaren inguruan munduan eragin handiena duten adituen bilkuran. Eta bera dago tartean. Ez da hemen kabitzen gaztari buruz emandako lezio monumentala. YoGoe4Life proiektua da mintzagaia. Gaztaren Institutuak gidatuta eta Gipuzkoako Aldundiak sustatuta, Goenaga Esnekiak, Glucovibes eta Asmoz fundazioa ari dira bertan elkarlanean. Helburua: A2A2 proteina duen jogurta egunero kontsumitzeak perimenopausiari lotutako ondorioetan duen eragina ulertzea.

Zergatik proiektu hau?

Gaztaren Institutuan badaukagu zuzendaritza zientifiko bat esnekiek etorkizunera begira izan dezaketen posizionamendua bilatzen duena. Izan ere, gaur egun, jendeari albiste mordo bat ari zaizkio iristen esneari buruzkoak: ez dela ona, ardiak eta behiak ez daudela une on batean... Baina elikadura gisa oso garrantzitsua da gure gorputzarentzat eta gure bizimoduarentzat. Esneak izan behar du sanoa, jasangarria eta guztien eskura dagoena. Bada hemen jende oso interesgarria aldaketa handiak egiten ari dena elikagaiei beste ikuspuntu batetik begiratzeko. Eta gu egiten ari garena da horri buruzko prospektiba. Sare bat gara. Makronutrienteen inguruan ari gara lanean. 

A2A2 proteinari buruz ari zara?

Brown Swiss izeneko behiei buruz ari naiz, bai. A2A2 proteina ekoizten dute: oso desberdina da beste proteinetatik. Tradizionalki, behirik onenak esne gehien ekoizten zutenak izan dira, eta osasunik onena zutenak, morfologia egokia, eta erditze onak. Baina aukeraketa horretan ahaztu zaigu aztertzea zer motatako makronutrienteak ematen dizkiguten.

Horregatik aukeratu dituzue Goenaga jogurtak?

Hemendik kanpora badaude hainbat behi proteina hori ematen dutenak. Guk ere bertan daukagu orain Brown Swiss etxalde oso on bat, eta horiekin esnekiak egiten ari den enpresa bat. Baina nork daki hori? Zer plan dago hori jendeari esplikatzeko? Zer-nolako esfortzua egiten ari dira bestelako zerbait egiteko?

Horretarako da YoGo4Life proiektua?

Jogurta elikagai azidoa da, bakterio laktiko mordoa dauka, eta, kasu honetan, A2A2 proteina hori dauka. Elikagai azidoak oso egokiak dira beste makronutrienteak, mineralak eta bitaminak asimilatzeko. Beraz, jogurta daukagu, A2A2 proteina daukagu... Konta ditzagun gauzak beste ikuspuntu batetik.

Perimenopausiarekin lotuz?

Hori da. Perimenopausia garaian, 50 urte inguruan, emakumeak aldaketak sumatzen hasten gara. Eta behar ditugu bestelako proteinak. Demostratu nahi dugu zer garrantzitsua den egunero jogurt bat jatea, beste nutriente guztiak asimilatzeko, eta A2A2 proteina osasungarri horren bidez gure florari eusteko, besteak beste.

Zein izango da prozedura?

Hogei emakumez osatutako talde bat izango da. Boluntario talde bat sortu da. Galbahea pasatuko dugu. Gure soslaia: egun osoan etxetik kanpora eta ardura postuetan-eta lanean ari diren emakumeak, presaka bizi direnak, bizi ohitura jakin horiek dituztenak; etxekoandrearen soslai hori ez baitago jada horren presente gure gizartean, eta amonek jada ez dituzte kroketak egiten. Glucovibesen sentsore bat jarriko diegu hamabost egunez, euren jateko ohiturak eta aktibitatea kontrolatzeko. Maiatzean ariko gara, eta ondoren emango ditugu emaitzak. Helburua ez da alegazio nutrizional bat egitea, eta esatea: «Jogurt hau hartzen duten emakume guztiek...». Helburua gehiago da mezu bat ematea: «Ez daukazu denborarik zeure buruari kasu egiteko, beroaldi horiek edukitzea ez da normala, neke hori ere ez. Aukera daukazu keinu txiki batekin gauzak aldatzeko. Eta jogurt mota hau jatea bada keinu bat».

LOTSABAKO

Harritu zaituen azken gazta?
Brasilgo bat. Teknologikoa. Mozzarela estilokoa: bihotza limoiz egina, lore urdin jangarri batzuekin. Zoragarria: estetikoa, aromatikoa, perfektua...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.