Del Tesoren, Beriainen eta Fraileren lanak saritu dituzte

Begoña del Tesok zinema arloan egindako lana goraipatu dute Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak

David Beriain eta Roberto Fraile, apirilean Burkina Fason. J. FERNANDEZ MAYORAL.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Kazetariak ataleko saria Begoña del Tesori eman diote Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak. Sarietako epaimahaiak nabarmendu duenez, «zinema esatari eta dibulgatzaile ezin hobea» da Del Teso, «kazetaritza apaltasunez, pasioz, tinkotasunez eta entregaz bizi duena», erantsi dute epaileek. BERRIAko kolaboratzailea da egun Del Teso, Eppur si muove izeneko zutabea idazten du egunkariaren Kultura sailean.

Atzo eman zuten bi elkarteek 2021eko Euskal Kazetaritza sarien irabazleen zerrenda, Bilbon. Del Tesoren sariarekin batera, beste sei kategorietako sarituak ere jakinarazi zituzten antolatzaileek, eta horien artean dira, besteak beste, aurten zendutako David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak. Artaxoakoa (Nafarroa) zen bata, Barakaldokoa (Bizkaia) bestea.

Burkina Fason izan zen eraso batean hil zituzten biak, iragan apirilean. Parke naturaletako isileko ehizari buruzko dokumental bat ari ziren egiten. Zehazki, Euskal Kazetarien Elkarteak Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria eman die Beriaini eta Fraileri, «kazetaritza ausart, arriskutsu eta deserosoa egiteagatik».

Horrez gain, epaileek Mirentxu Purroy kazetari eta zinema zuzendariak urteetan egindako bideari egin diote so, miresmenez, eta hari eman diote Ibilbide Profesionalaren Saria. Besteak beste, Egin-eko zuzendari izan zen 1978tik 1980ra, eta ETBn ere aritu zen. «Bokaziozko kazetaritzaren nobleziaren defendatzaile» gisan deskribatu dute, eta haren «konpromisoa» nabarmendu.

Gainera, Kazetaritza Digitala-Narratiba Berriak saria jaso du Julio Florren Blog Rioja Alavesa blogak. Halaber, fotokazetaritzari eskainitako Juantxu Rodriguez saria Angel Ruiz de Azuak irabazi du. Jadanik, erretiroa hartua du Ruiz de Azuak. Epaimahaiaren esanetan, ibilbidean eginiko lanaeta ekarpenak omentzeko baliatu nahi dute saria. Ingurumen kazetaritzari buruzko atalean, berriz, Eva Caballero kazetaria izan da garaile. Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol saioko zuzendaria da.

Sari banaketa azaroan

Halaber, epaimahaiak saritu egin du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea; Pertsonaia edo Giza Instituzioa saria eman diote. Hain zuzen, Leioako campusean den fakultateak 40 urte bete ditu ikasturte honetan, eta, beraz, Euskal Kazetaritza sarietan aitortza egitea erabaki dute epaileek. Azaldu dutenez, euskal kazetaritza «nekez» uler liteke fakultate horren jardunik gabe.

Irabazleen berri atzo emanagatik ere, sarituek azaroaren 10ean jasoko dituzte garaikurrak. Bilboko BBK aretoan izanen dute ekitaldia, 19:00etan, zehazki. Idoia Jauregi eta Jon Uriarte kazetariek aurkeztuko dute sari banaketaren ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak