Jose Angel Salazar, maitekiro Tote ezizenez deitua, prestatzen ari da Contra la Pared (Hormaren kontra) bere denda enblematikoko ateak 2024aren amaieran ixteko. 1993an Ortiz de Zarate kalean zabaldu zuenetik, Totek sormena eta originaltasuna protagonista izan dituen gune bat sortu du: sormenezko marko apaintze bereziekin hasi eta nazioarteko oparien aukeraketa zainduekin buka. Urteetan zehar, haren ikuspegi ausart eta pertsonalak bezero fidelak erakarri ditu, eta jakin izan dute haren sentiberatasuna eta gauza berezietarako begia preziatzen. Orain, bizitzako kapitulu horri agur esaten dion bitartean, esker oneko agertu da jaso duen maitasunagatik. Era berean, hunkituta agertu da, erretiroa hartu eta aukera berri ugari baititu aurrean: hala nola «bilobekin denbora igarotzeko eta kirolarekiko eta artearekiko pasioa» lantzeko.
Zainetan daramazu saltzailearen sena.
Etxean ikusi nuen umetan, eta uste dut nahi gabe transmititzen dela, nahiz eta seme-alabek ez duten bide hori hartu: haiek ingeniariak dira. Baina aitak A. Salazar lanpara denda zuen, San Prudentzio kaleko 23. zenbakian, Antzoki Zaharraren ondoan. Arreba nagusiek [bosgarrena da bera] negozioarekin jarraitu zuten.
Eta zu arte komertzioan berezitu zinen segituan?
Lehenbizi, argiztapenaren negozioarekin nuen harremana aprobetxatu nuen Euskal Herrian arlo horretako komertziala izateko, baina aldatzea erabaki nuen. Ezin nuen lanparen denda bat ireki, familiari konpetentzia egingo bainien. Beraz, beste dendan 4 Ingletes etxeko koadroak ere saltzen zirenez, frankizia horren parte egin, eta lokala irekitzea erabaki nuen.
Zergatik utzi zenuen frankizia?
Koadroei markoa jarri besterik ez genuen egiten. Ez zitzaidan gustatu frankiziak zer erabaki hartu zuen, eta nire proiektu propioari ekitea erabaki nuen. Gasteizen, lokal berean jarraitzen baduzu eta betiko bezeroak badituzu, jendea itzuli egiten da, eta banekien bezeroak niregana etorriko zirela. Hala ere, izena aldatzea erabaki nuen, eta, obra grafikoez, koadroez, laminez eta argazki euskarriez gain, opari artikulu bitxi eta bereziak saltzen hasi nintzen. Horrek asko lagundu zidan aurrera egiten.
Contra la Pared. 1990eko hamarkadarako izen ausarta, ez duzu uste?
Familia eta lagunei beldurra eman zien, oso apurtzailea iruditzen baitzitzaien, eta kontra izan nituen. Madrilgo eta Parisko arte azoketan txartelak ematen hasi nintzenean, konturatu nintzen jendeari gustatu egiten zitzaiola, eta irribarrea ateratzen zitzaiela dendaren izena irakurtzean: funtzionatzen ari zela ikusi nuen. Hormaren kontra, argi dago zergatik jarri nion izen hori; nik koadroak saltzen ditudalako, eta hormaren kontra jartzen direlako. Badu beste zentzu bat, eta horregatik du grazia izenak.
Denda bera ausarta da...
Bai, bai, hori da asmoa. Hemen jendeak beti eskatu izan dit, bai koadroetan bai oparietan, zerbait ausarta, berezia, desberdina.
Eta zerk bultzatu zintuen hain negozio original eta ausart baten alde egitera?
Gustatu egin zitzaidan artearen mundua, eta asko ikasi nuen horretarako. Gasteiz ez da leku erraza artea saltzeko; ez da arte galeriarik geratzen. Hasieratik argi neukan ez nuela besteek dutena eduki nahi, ez nituela beste denda batzuen artikulu berak eskaini nahi.
Arteaz gain, jostailu, dekorazio objektu eta bestelako artikulu bitxiak daude.
2008ko krisialdian, denda ia hutsik zegoen. Garai hartan, ez genuen oparirik; koadroak saldu eta markoak egiten genituen. Baina markoak modan egoteari utzi zion, eta bastidoreak bere lekua hartu zuen. Koadro batzuk egiten jarraitzen genuen arren, diru kutxan nabaritu egin zen, eta orduantxe konturatu nintzen negozioa nolabait osatu behar nuela. Ezin nuen jarraitu inguruko dendek eskaintzen zuten gauza bera bakarrik eskaintzen. Ukitu berezi bat eman behar nion, zerbait desberdina. Kostatu zait artikulu bakan horiek aurkitzea, baina horrexek eman dio dendari baliorik handiena.
Orain, erretiroa hartzear nagoenean, bezeroek esaten didaten lehen gauza hau da: «Nora joango naiz orain? Gabonetan zerbait berezia aurkitzeko etortzen nintzen beti hona». Oparien gaia zaila da; ez da erraza zerbait erabilgarria eta originala aurkitzea. Dendetarako ere ez, produktu desberdin horiek lortzeko dedikazioa behar baita. Baina ez naiz kexatzen, lan bakoitzak bere erronkak ditu, eta hau izan da nirea. Orain, erretiroa hartzear nagoenean, konturatu naiz berezitasun horiek markatu dutela bezeroekin nuen harremana, batez ere aspaldiko bezeroekin nuena.
Nola aukeratzen dituzu zure dendan salduko dituzun objektuak eta obrak?
Gustatzen zaidana baino ez dut saldu orain arte. Dendaren estiloarekin bat zetozela sentitu behar nuen. Ziur aski, harriak jarri ditut neure bidean, benetan gustatzen zitzaidana saltzen besterik ez dudalako jakin. Hori izan da nire filosofia beti: ez dut saltzen defendatu ezin dudan zerbait. Hain koadro ezaguna izanik erraz salduko zela jakinda ere, nahiago nuen ez erosi. Ziur aski, oso ondo funtzionatuko zuten produktuak saltzeko aukera asko pasatzen utzi dut, eta poltsikoak nabaritu du. Baina niretzat garrantzitsuagoa zen benetan gustatzen zitzaizkidan gauzak eskaintzea, bihotzez gomendatzeko modukoak, nahiz eta horrek ekarri salmenta batzuk galtzea.
Inoiz ez duzu ezer saldu bakarrik negozioa egiteko?
Begira, beti anekdota bera kontatzen dut. Frankfurteko [Alemania] azoka batera, alemanez ez dakidanez, alabak lagundu zidan. Arte galeria batean geunden, eta ordezkariak, alemaniarrak oso arrazionalak direnez, esan zidan: «Alemania osoan gehien saldu den koadroa erakutsiko dizut». Baina ikusi nuenean, ez zitzaidan gustatu. Esan nion ez nuela erosiko, eta gizonak ezin zuen sinetsi. Banekien ez ninduela engainatzen, eta koadro hori zela gehien saldu zena. Baina gustuko ez banuen, ez nuen jakingo konbentzimenduz saltzen.
Zein izan da urteotako unerik bereziena edo gogoangarriena?
Hainbeste urte lan egin ondoren amaitzeak eta jubilatzear nagoen honetan jaso ditudan maitasun adierazpenek hunkitu naute gehien. Egia esan, ez nuen espero. Jendea ez da soilik erostera etortzen: fidatzen da nire irizpideaz. Bezero askok markoa jartzeko koadro bat uzten zidaten, eta esaten zidaten: «Egin zure gustura». Bazekiten ondo egingo niela. Konfiantza hori ez da erraz ematen. Urte hauetan, lan egiteaz gain, lagunak ere egin ditut. Uste dut konfiantza hori, neurri batean, gauzak egiteko dudan moduaren ondorio dela. Eskaintzen duzuna benetan gustatzen zaizuna dela jakiteak konexio berezia sortzen du, eta, agian, horregatik, nire bezeroek ez dute soilik nigan konfiantza izan beren etxeak apaintzeko, baizik eta baita zerbait pertsonalagoa partekatzeko ere.
«Eskaintzen duzuna benetan gustatzen zaizuna dela jakiteak konexio berezia sortzen du, eta, agian, horregatik, nire bezeroek ez dute soilik nigan konfiantza izan beren etxeak apaintzeko, baizik eta baita zerbait pertsonalagoa partekatzeko ere»
Konpetentzia izan duzu?
Noski, lehia beti dago, hori ezin da ukatu. Hala ere, toki guztietako bezeroak izan ditut eta oraindik ere baditut, eta beti atentzioa eman dit hau esaten zidatela: «Ez dut honelako dendarik aurkitzen ez Donostian, ez Bilbon». Horrek harritu egiten ninduen; Gasteiz hiri txikiagoa delako eta merkatu mugatuagoa duelako. Hala eta guztiz ere, erakusten zidaten nire dendak bazuela zerbait berezia, besteetatik bereizten zuena.
Modak aldakorrak dira; beraz, erne egon behar izan duzu jakiteko garai bakoitzean jendeak zer nahi zuen?
Noski, norbera ez da jabetzen nola aldatzen den denborarekin. Adibidez, ni urtean bitan joaten nintzen azoketara, eta, konturatu gabe, eguneratuz joaten nintzen. Gauza berriak proposatzen zizkidaten, eta, jakin gabe, egunean jartzen nintzen. Geldirik geratzen bazara, betiko gauza bera saltzen jarraitzen duzu, baina azoka horietara joaten zarenean, etengabe berrituz joaten zara. Duela gutxi, denda inauguratu nueneko argazkiak ikusi nituen, eta asko harritu ninduen. Bere garaian, nik uste nuen saltzen nuena modan zegoena zela, baina irudi horiek ikustean konturatu nintzen gauza horiek zaharkituta zeudela gero etorri zenarekin alderatuta. Dekorazioaren zikloak modarenak baino luzeagoak dira, baina, hala ere, dena aldatzen da, eta egokitu egin behar duzu.
Zure ustez, zein izan da dekorazioaren garairik onena?
Garaian garaikoa. Nik uste dut, arraroa dirudien arren, benetan gustatzen zaidala egunean egotea: nire parte den zerbait da. Nire lagunek barre pixka bat ere egiten dute, eta esaten didate: «Beti guztiaren berri izan behar duzu». Eta arrazoi dute, izugarri gustatzen zait egunean egotea, beti.
Nola aritzen zara artearen edo diseinuaren munduarekin hain ohituta ez dauden bezeroekin? Nola gomendatzen diezu haiekin bat datorren zerbait?
Bezero bat sartzen denean, zer kontatzen didan entzun, eta saiatzen naiz asmatzen zeren bila dabilen, zer nahi duen, batez ere artearen edo diseinuaren munduarekin oso ohituta ez badago. Haien gustuak antzematen saiatzen naiz, nondik doazen ikusten, eta adinak berak ere pista garrantzitsu bat ematen dit batzuetan. Hala ere, harritu izan naiz; esan ohi den bezala, «zenbat buru, hainbat aburu». Iritzia eskatzen didatenean, benetan ematen dut nirea, eta beti egia esaten dut. Uste dut horri eutsi izan diodala beti.
Badirudi ez duzula erreleborik izango...
Oraingoz ez behintzat. Nire gustuko norbait agertzen bada, negozioaren espiritua ulertzen duena eta bide berari jarraitzeko prest dagoena, zergatik ez? Gustatuko litzaidake, baina onartzen dut zaila dela. Ez dut itxiko negozioak ez duelako funtzionatzen, adina iritsi zaidalako baizik: dendak ondo funtzionatzen du. Hala ere, zaila ikusten dut komertzio txikien etorkizuna. Bizirik irauteko, asko espezializatu behar duzu, eta parerik gabeko zerbait eskaini. Eta, batez ere, funtsezkoa da bezeroarekin arreta ona edukitzea. Uste dut hor dagoela denda txikien etorkizuna.
Likidazioan daude dendako produktu guztiak. Jendea erantzuten ari da?
Dendaren likidazioarekin, sentimendu kontrajarriak ditut. Asko eskertzen dut jendea deskontuak aprobetxatzen aritzea, eta ona da bientzat. Prezio ona lortzen dute, eta nik salneurria kitatu dezaket. Hunkitu egiten nau nire aspaldiko bezero batzuek pieza esanguratsu batzuk eramaten dituztela ikusteak, nahiz eta aldi berean pixka bat tristatzen nauen. Baina, azkenean, pozik nago gustuko zerbait eramaten dutelako.
Nola hartuko duzu erretiroa? Artearen eta diseinuaren munduarekin nolabait lotuta jarraituko duzu?
Erretiroa iristean, bizimodu lasaiago batez gozatzeko asmoa dut. Kirola asko gustatzen zait, eta egunero egiten dut; beraz, goizeko seietan jaiki beharrean, pixka bat geroago egingo dut. Etxe bat ere badut hondartzan, eta han denbora gehiago pasatzeko asmoa dut. Bilobak Donostian bizi dira, eta orain lehen baino gehiago lagundu ahal izango diot alabari. Badut ere antzerkiaz eta zinemaz gozatzeko gogo handia, lehen zaila egiten baitzitzaidan jarduera horietara joatea. Nire lanaz beti gozatu dudan arren, orain sentitzen dut lehen bizi ezin izan ditudan esperientziak bizitzeko aukera dudala.
Norbaitek zure dendaren erreleboa hartzea erabakitzen badu, zer aholku emango zenioke arlo horretan arrakasta izateko?
Norbaitek nire dendaz arduratzea erabakitzen badu, ausarta izateko eta berritzeko prest egoteko esango nioke. Merkataritzaren munduan, erraza da kontserbadorea izateko eta beti gauza bera eskaintzeko tentazioan erortzea, baina beti dago berria dena estimatzen duen publiko bat. Gasteizen, bada originaltasuna estimatzen duen jendea, eta hori nire esperientzian islatu da. Ulertzea da gakoa da; arriskutsua dirudien arren, beti egongo da sormen hori aitortu eta estimatuko duena.