Grebaren lehen ondorioa iritsi da: gaur Deia ez da iritsi ez kioskoetara, ez irakurleen eskuetara. Hala adierazi dute egunkariaren beraren Twitter kontuan: «Gaurkoan egunkaria kioskoetara iristarazteko izandako ezintasunaren aurrean, egin klik esteka honetan, DEIAren argitalpena ikusi ahal izateko».
Jakina zen gertatu zitekeela; izan ere, duela zenbait aste Iparragirre S.A. enpresaren zuzendaritzako kideek Boroako inprenta (Zornotza, Bizkaia) «berehalakoan» itxiko zutela iragarri zien bertako langileei, eta, horrenbestez, 26 langile kaleratuko zituztela. Bertan inprimatzen dute Deia, eta, egoera hori ikusita, grebara deitu zuen hedabideko langile batzordeak.
Mobilizazioak aste osoan
Lanuzteek irauten duten bitartean, langileek mobilizazioak egingo dituzte aste osoan. «Mobilizazioak eta ekintza sindikala dira bide bakarra langileen kaleratzea galarazteko», adierazi du langile batzordeak. Asteburuan hainbat mobilizazio egin dituzte, eta gaur Bilbon bildu dira, Langileak greba mugagabean, kaleratzeei ez lelopean.