Deabruaren doinu eta dantzak

Korrontzi taldeak eta Oinkari konpainiak 'Infernuko hauspoa' ikuskizuna aurkeztuko dute Altsasun

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Folk talde baten eta dantza konpainia baten arteko elkarlana zatien batuketa baino gehiago dela erakutsi nahi dute gaur, Altsasun (Nafarroa), Korrontzik eta Oinkarik. Infernuko hauspoa ikuskizuna taularatuko dute; hau da, musika eta dantza tradizional zein garaikidea uztartzen duen lana. Munduan barrena ibili dira ikuskizun honekin; besteak beste, Cabo Verden eta Brasilen, eta, irailean, Flandesen erakutsiko dute.

Agus Barandiaran trikitilariaren ekimenez sortu zen Korrontzi, 2004. urtean, eta hasieratik helburu bat jarri zion bere buruari: Euskal Herriko musika mundura eramatea. Hori buruan egin zuten Infernuko hauspoa ikuskizuna.

Horretan laguntzeko, eta lana belarrietatik ez ezik begietatik ere sar zedin, Villabonako (Gipuzkoa) Oinkari dantza taldearekin bat egin zuten. Konpainia beteranoa da Oinkari, 1975. urtean sortua, Franco diktadorea hil zen egunean, hain zuzen ere.

Iaz, Igor Yebra dantzariarekin elkarlanean aritu ziren Korrontzi eta Oinkari. Musikarien kanten gainetik, Villabonako dantzariak aritu ziren; horiekin batera, dantzari espainiar bat, eta ukitu klasikoa jartzen, Oxana Kucheruk eta Yebra Bera.

'INFERNUKOHAUSPOA' IKUSKIZUNA

Noiz. Gaur, 21:00etan.

Non. Zumalakarregi plazan, Altsasun (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.