Ez dakit titulu hoberik eman dezakedan nire arrangura eta pozetan adiskide eta lagun ukan nuena oroitzekotz: De viris illustribus (Gizon ospetsuei buruz). Jon Mirande. Fideltarzunez eta nahikundez anaia ukan nuen. Batean ikasle, bertzean irakasle, hogeita bortz urtez beraxe ukan nuen adiskide minen.
1947ko abenduan Parisera heldu berria nintzen. Ker Breizhen ibiltzen nintzen, bretainiar etxean. Larunbat arrats batez, Rennes karrikako 108. zenbakian dagoen Librairie Celtique izenekora joan nintzen. Garai hartan, Floc'h andreak bretoierazko liburu elibat baino gehiago zeuzkan arasetan, eta haraxe zuzentzen nintzen beti. Larunbat hartaz, haatik, nire adineko mutil bat topatu nuen han, agertu berri zen liburu baten orriak inguratzen ari: Diwar c'hoarzin edo gerla ondoko astakeriaren bat izango zen. Mutilari hurbildu nintzaion eta bretoieraz erran: «Ez eros hori, alukeria hutsa duzu». Bretoiera ezinago hobean ihardetsi zidan nirekin bat zegoela. Hizketan bretoieraz hasi eta bretoieraz jarraitu genuen. Ni bezala, bretoiera hiztun berria zela ohartu nintzen: sortzezko bretainiarrak ezin ukanen zukeen gramatika hertsitarzuna zuten haren perpausek. Ttipitandiko hiztuna salatuko luketen mintzatzeko doinurik ez neurririk zuen mutil hark ezagun. Halaxe, hitz egin genuen, eta hamarren bat minuturen buruan liburu-dendatik lekutu ginen, deus erosi gabe.
Bi bretoierazale
Eta zer egiten dute bi bretoierazalek elkar topatzen dutenean? Ostatu hurbilenera joan, ospatzera, Bretainiaz, bretoierazko literaturaz eta frantses alu horiez hitz eginez. Han lau ardo zuri edan, eta handik ordu erdira nongoa zen galdetu nion. «Eus Sohuta», ihardetsi zidan. Nire ezjakinaren aurrean, «E kichen Maule e Zuberoa». Erran nahi baita, Sohutako zela, Maule ondoko Zuberoako. «En Euskalerria mar felldeoc'h», hau da, «Euskal Herriko, nahi baduzu». Bretoieraz ari beti biok, euskalduna hura, bretainiarra ni.
Eta bretainiarrak beren hizkuntzan hiru hitz eta bi agur erratekotz ere beren buruak gordetzen zituzten garaia baitzen—«Kasu!, poliziak adituko digu!»—, poztu bezainbat harritu nintzen nola kanpotar batek ohorea jartzen zuen jokoan frantses zintzo eta on guzien, liberatu berrien aitzinean, beldurgarri zitzaien hizkuntza bat erabiltzen: bretoiera.
Hamar minutu berantago, oraino gogaideago ginela ohartu ginen: Frantziari, errabiatuki, sekulako gorrotoa genion. Bat ginen kristautarzuna eta gainerateko judukeriak erauziak izan behar zirela, ohorea eta gudua bertute bezala landuak izan, neskak izorratuak, gaiztaginak deseginak eta, azkenean, «indarra garaituko zela». Halaxe hasi zen, hodeirik gabe eta beti kartsu iraunen zuen adiskidantzak.
Garai hartan bi bretainiar abertzale handiren ezagutza egin genuen: Roger Hervé, Spengler filosofoa ezagutarazi ziguna, eta Morvan Marchal, abertzalea, Breizh Atao bretainiar alderdi abertzalearen eraikitzailea eta, zio horregatik, frantziarrek preso altxatua, nire gisan. Hervék eta Marchalekbeharrezko genuen politika irakaskintza eman ziguten bi gazteoi. Geroztik, bi zahar haien eta bi gazte hauen adiskidantza ez zuen Miranderen eta Marchalen heriotzak baizik bakandu.
Hogei urteko bi gazte
Hogei urte genituen garaian [1945], deus ere gabe, bizia eder zitzaigun. Ikastean bezala, neskaketan ere lagun izan ginen. Bekatuaren zentzurik den gutiena gabe genbiltzan. Jordaneko profeta eta haren paulotar ikasleak antzarak ferratzera igorriak genituen aspaldi. Saint Germain de Préseko eta Bretainiako neska-lagunak ezagutarazi nizkion. Jonek, niri, euskalduntsak eta, gehienik, alemantsak eta nederlandarrak. Frantzia, bere neurri ttipian, herstua zitzaigun: Europa zuri batean doi-doia jasangarri zen herri txarra. Behin, «To, bi frantses!», erran zidan Jonek, St. Michel bulebarrean behera zihoazen bi beltz erakutsiz. Haatik, horrek ez gintuen ahantzarazten poesia-klubetara joatetik. Haietan ihardokitzen genuen literatoekin, orroz eta txaloka, Treponémes pâles kabaretean, Saint-Louis-en-l'Ileko L'Insulaire papertegian edo Les Sociétés Savantes ostatuan.
Les Sociétés Savantes hotel zahar zikin bat genuen. 70eko hamarkadan lurrarekin berdindu, eta up to date etxeek hartu zuten haren lekua. Denbora batean, hotel hartan ukan zuen egoitza druiden eliza paganoak. Morvan Marchalek Bard handi [paganoen buru] egiten zuen. Ni, laguntzaile nintzaion. Jon Mirande, gutuatra zintzoa zen [erritualen eta tradizioaren zaintzaile]. Jef le Penvenek —bretainiar abetzale zelakotz presondegi frantsesetan egona hura ere—, harmonioa jotzen zuen, diru egiteko. Ortzirale guzioz hantxe biltzen ginen, zeltikoen egiak gure adiskide iniziatuei sakonki sarrarazteko. Pio V.aren mezaren ihakina zen gurea, asmatutako kantu zeltiko zahar, kymruerazko eta bretoierazko zatiekin.
Irri artean aritzen ginen, eta, batera, politika abertzalea irakasten.
Jonek eta biok hizkuntza zaletarzuna genuen. Hark, haiek mintzatzeko; nik, linguistikaren ikertzeko. Belgikako enbaxadara joaten gintuzun nederlandera ikastera, eta gure irakaslea, Erresistentziatik ateratako kultura-agregatua, eskandalizatzen genuen flamenkozko eskuin aldizkarietan irakurri esaldiak itzuli zitzan galdetuz. Aldizkari lotsagarri alemanzaleak zirela erraten aditu nahi genuen gaixo hura.
Gutiengoen arazoa ez zitzaigun batere arrotz. Josep Sans katalanarekin eta Henric Espieu Okzitaniako poeta handienarekin adiskidetu ginen. Denok batuak ginen lema baten pean: «Lehenik Gabatxoerria deuseztatu behar dugu!», Jean Mabire normandiarrarekin erraten genuen bezala.
Gerla aurretik argitaratzen zen Peuple et frontières aldizkaria ezagutzen genuen, eta Jon Mirande, Hervé Glemarec, Yann Poupinot bretainiarra, Sixma van Heemstra frisiarra, Johannes Thomasset Ganteko apez flamenkoa eta bertze batzuekin, gerla aitzineko Gutiengo Herrien elkartea sortu nahi genuen. Aberri Oinpetuen Elkartza eman zion izena Mirandek euskaraz.
Sorbonan
Behin, talde hartakoak Sorbonan agertu ginen. Kataluniako Lore Jokoak ospatzekoak ziren Richelieu anfiteatro handian, Hezkuntza Nazionaleko ministro Yvon Delbos politikero atsoaren aitzinean, eta Generalitateko lehendakaria ere han zegoela. Irri-egingarria zen, Delbos azeriaren eskoletan katalana, bretoiera, okzitaniera eta euskara bazter edukiak baitziren. Geure burua gutiengoen ordezkari izendatu, eta lehen lerroan jarri ginen Sans, Espieu, Mirande eta laurok. Frantseskeria eta katalantarzun jaiaren erdian, oihu egin genuen goratik: «Gora Companys! Frantsesak, eraileak!», zeren Kataluniako presidentearen heriotzaren hobendun izan baitzen frantziar errepublikaren gobernua.
Baketu gintuzten, hala ere.
Azkenean, Kataluniako himnoa aditu zen, Errepublikaren zaindariaren musikariek emana.
Gero, Marseillesa.
Orduan, gure taldekoak, ordu arte zutik ginenok, jarri ginen.
Zigarroak piztu eta ohar batzuen egiten hasi ginen, goratik.
Delbos txakurñoa berotu, eta kargu hartu zigun.
Musika kua, kua, kua batean itotzen zelarik, jarlekuetan zutik gu, Mirande: «Zuen hiru koloretako ipurzapia Rennesen, Tolosan, Baionan, Perpinyanen ikusten deno, ez gara Maseillesagatik zutituko». Haatik, laster ginen zutik, gu eta gainerakoak, borrokan, ukabilka.
Kanpoa eman ziguten, nahiz ez erraz.
Pozik ginen, naturaz gaindiko elkartze hura apur bat lausotu, urdindu eta usteldu genuelako.
Eusko Jaurlaritzarenordezkaritzan
Garai berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan ibiltzen ginen. Gero frantsesek euskaldunei kanpoa eman zieten etxean, hain zuzen.
Aberri Egunean harrera ofiziala eginik, Jon eta biok gonbidatuak izan ginen.
Ausarki edan genuen, eta topa egin —merezi zuten bezala—, gudariei.
Baina, gero, demokraziakeria saltsazko hitzaldiak eman ziren, eta Jon Mirandek, frantses euskaldunen izenean mintzatzea galdegin ziotelarik, honela ihardetsi zuen, isiltarzuna handienean zelarik: «Zuen politikak hauxe erranarazten dit: España una, grande, libre! Arriba España, Viva Franco!».
Handik atzera ez zuten gehiago Jon Mirande ordezkaritzako batzar eta buru-batzarretara deitu.
Halaxe zen Jon. Adiskideentzat, berdingabeko diskretarzuna eta jendetarzuna zituen, eta, bertzalde, kartsu zen, gaitz, borrokari, haserrekor.
Hizkuntza askoren artean, alemana eta ingelesa ongi menperatzen zituen. Haren etxean inoiz egon zirenek mintzaira haietako liburu ugari ikusi zituzten. Frantsesez ere bazituen liburu batzuk, Baudelaire olerkariarenak eta Sadeko Markesarenak; honen hizkuntza klasikoa miresten zuen, oroz gain. Baina Europako zein mintzairatan ez zuen, bada, Jonek liburu zaharrik? Gales zaharrean, gotikoz, Kixotea, Nibelunglied-a, bretoieraz, finlandieraz, okzitanieraz... Denak, jatorrizkoan, itzulpenik ez. Hizkuntza berriak ikasten ari zen beti. Azkenik ikusi nuenean finlandiera ikasten ari zen, eta mykenera hobetzen.
Hizkuntza zeltiko guziak
Haren bretoiera jakitateak baten bat harritu du, edo baten bat baino gehiago. Baina erran delako horrek jakin beharko luke Jonek hizkuntza zeltiko guziak ezagutzen zituela.
1950ean kornubieraren akademian sartu zen, eta Heinen eta Hölderlinen olerkiak eman zituen erran delako akademiaren An lef Kernewek aldizkarian.
Bretoieraren akademian hartu zuten kanpotar bakarra izan zen. Gerla denboran ikasi zuen bretoieraz. Berantago, Sorbonako sumeriar hizkuntzen irakasle Riec Jestinek, Jon Mirandek eta hirurok Ar Stourmer aldizkari abertzale sozialista atera genuen bi urtez, eta Jon Mirandek hantxe eman zituen bretoierazko artikulu hoberenak, eta kantuak eta olerkiak ere bai. Haren olerkitxo erotikoak bretoieraz idatzi bakarrak izan ziren, gure hizkuntza ere fede sainduaren ahizpa baita.
Bertzalde, hebraieratik eta nederlanderatik ere ekarri zuen bretoierara lanik.
Hil gabean, aleman eta nederlanderazko poemak idazten ari zen, bretoieraz.
Jon Mirande, zinez eta minez, de viris illustribus.
Egiaz eta begiaz
De viris illustribus: Jon Mirande bretainiarra
Euskaraz baino lehen ikasi zuen bretoieraz Jon Mirandek Parisen. Euskaldunak lagun egin baino lehen, bretainiarrak egin zituen adiskide. «Gazte haien karra! Askok ez zekiten haurretatik beren herriaren hizkuntza, baina ikasi zuten eta bretoieraz ari dira beti. Guk, aldiz...», idatzi zuen. Goulven Pennaod bretainiarrarena dugu jakilegoa, Txomin Peillenek 1976an bildua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu