David Beriain Nafarroako kazetariak Yasuní, genocidio en la selva izeneko dokumentala grabatu du. Bihar estreinatuko dute lana, LTDko Discovery Max katean, 22:30ean. Ekuadorko Amazonia oihanean egindako dokumentala da, eta huaorani eta taromenance tribuen arteko borroka kontatzen du.
«Zibilizazioa deitzen diogunarekin sekula harremanetan izan ez diren gizakiak daudela jakitea izugarria da. Amazonian hainbat tribu daude beren iraupena kolokan dutenak bizi diren eremuko interes ekonomikoak medio. Arrazoi horrek eraman ninduen Amazoniara», azaldu du Beriainek.
Dokumentalaren iturria Beriainek Youtuben ikusitako irudi batzuetan oinarritzen da. Irudi horietan Amazoniako huaorani tribuko bi indigena hilik agertzen dira —lantza batzuk dituzte gorputzean—. Arma haiek taromenance tribukoak zirela argitzen da; tribuaren iraupena zalantzan jartzen da. «Mendeku egarriak» huaoraniak taromenancetarren aurka bultzatzen ditu. Eraso haren emaitza: taromenance tribuko hamar bat pertsona hilda eta haiekin bizi diren bi neskato bahituta.
Huaorani tribuak bahitutako bi neskato horiek dira gaur egun taromenance tribuaren iraupenaren lekuko bakarrak. Egoera horrek petrolio eta egur konpainien ustiapenari oztopoak jar diezazkioke. Izan ere, tribuaren iraupena egiaztatzen bada, haiek bizi diren eremuan ustiapena gelditu egin beharko litzateke. Hala dio Ekuadorko Konstituzioaren 57. atalak. Jarduera eteteak eremu horietan lanean ari diren hainbat enpresariri eragingo lieke. Horrez gain, herrialdean eragin ekonomiko handia izango luke, petrolioa baita Ekuadorko ekonomiaren zutoina 70eko hamarkadatik hona. Beriainen ustez, Ekuadorko Gobernuaren egoera ez da erraza, eremu horietako baliabideak behar dituelako. Gai horri buruzko «kudeaketa desegokia» eta «hilketak ezkutatzeko saioa» egin du gobernuak, Beriainen arabera.
Beriainek eta haren lantaldeak zazpi aste inguru eman zituzten Amazonian. Kanoetan iritsi ziren taromenance tribuaren lurretara. «Tribu horrekin harremana izan duen arraza zuriko inor ez da bizirik irten handik», esan du.
Kazetaria «pozik» dago lanaren emaitzarekin. «Badira kontatzea merezi duten istorioak. Yasuni parke nazionalaren kasuak ez du oihartzunik izan nazioarteko komunikabideetan», azaldu du. «Niretzat pribilegio bat izan da dokumentala grabatzea. Gainera, beharrezkoa da beste kultura batzuetako gizakiek mundua nola ikusten duten jakitea», gaineratu du.
Nafarroako kazetariak 93 Metros ekoizpen etxea sortu zuenduela bi urte. En pie de guerra izeneko blogaren egilea da (www. enpiedeguerra.tv).
David Beriainek Amazonian egin duen lan bat estreinatuko dute bihar
Nafarroako kazetaria zazpi astez izan zen Amazonian, tribuetako indigenen bizitza ezagutzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu