Zientzia

Datuen ozeanoan, lemazain

Datuen Zientzien eta Adimen Artifizialaren Institutua martxan jarri du Nafarroako Unibertsitateak. 'Big data'-ren alorrean jende falta handia dela nabarmendu dute, eta ikerketa, berritasuna, transferentzia eta formakuntza dituzte helburu.

Jesus Lopez Datuen Zientzien eta Adimen Artifizialaren Institutuko zuzendaria bere bulegoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Itsaso handi eta zabala da datuena. Asko eta askotarikoak dira eskura dauden datuak, eta baita haietatik atera daitekeen informazioa ere. Horiek kudeatzea da erronka. Gainera, baliabideak ez dira hainbeste, jendea falta baita gaur egungo beharrei aurre egin ahal izateko. Egoera horretaz jakitun, Nafarroako Unibertsitateak Datuen Zientzien eta Adimen Artifizialaren Institutua sortu du.

Ikerketa, berrikuntza, transferentzia eta formakuntza ditu helburu institutu berriak. Jesus Lopez Fidalgo institutuko zuzendariak eman ditu azalpenak: «Dena beharrezkoa da gaur egun». Institutuaren lanaren oinarrian datuen aprobetxamendua dago: «Gaur egun, sarearen bidez, neurgailuen bidez, genoma analisietatik edo hainbeste tokitatik lortzen diren datuak analizatu etainformazioa eskuratzea da helburua, prozesuak hobetzeko, jendearen bizi kalitatea hobetzeko, zenbait lan automatizatzeko... Hau guzia dago oinarrian».

Big data-z baino, datuen zientziaz mintzatzea nahiago du institutuko zuzendariak. Haren arabera, datuen zientziena oso alor transbertsala da, hori du bereizgarri: «Hain da zabala, ezen esan baitaiteke ez dagoela espezialistarik. Batzuk oso onak dira informatikan, beste batzuk algoritmoetan, analisi estatistikoetan... Institutu honen bidez, denak elkartu nahi izan ditugu, eta unibertsitatean dagoeneko badugun potentziala aprobetxatu». Ez soilik Nafarroan duten campusa: unibertsitateak Donostian duen Tecnun ingeniari eskolari atxikia dago institutu berria. Modu horretan, funtzionatzeko modua aldatu da. «Bere alorrean bakarrik lan egiten zuen ikerlari bat zena lantalde bilakatu da orain».

Zuzendaritza batzordea ere horren isla da: ekonomiako irakasle bat, Tecnuneko irakasle bat eta zientzietako irakasle bat daude mahaiaren bueltan. Lopez Fidalgo zuzendariarekin batera ari dira Stella Maris, Sergio Ardanza-Trevijano eta Elisabeth Viles zuzendariordeak, eta Jose Maria Gonzalez idazkaria.

Denak batu bai, baina ez da aski. Horregatik, lehenbailehen hazten hastea espero du Lopezek: «Ez gara gai unibertsitateko ikerlari guziak nahi genukeen bezala laguntzeko, eta gutxiago enpresak-eta». Horri erantzuna eman ahal izateko, beharrezkotzat dute jendea prestatzea. Dena den, zuzendariak nabarmendu du institutuaren lehenbiziko funtzioa ikerketarena dela. Izan ere, unibertsitatean hori izaten da lehenbiziko helburua.

Hala ere, transferentziari ere garrantzi handia eman dio: transferentzia enpresetara eta erakundeetara. «Hasiera-hasieratik gabiltza enpresekin hartu-emanetan, eta haiek ere gurekin jarri dira harremanetan. Baina hainbeste dei ditugu unibertsitate barnetik zein kanpotik, ezen ez baitakit gai izanen garen eskariari erantzuteko». Big data-rena ez da kontu berria, baina, azken urteetan asko handitu da beharra. «Beti izan dugu datu asko. Orain dela bi mende datu asko ziren 500, orain datu asko dira milioika, milioika eta bilioika datu, aldagai eta zenbaki. Beti arazo hori izan dugu: datu kopuru handiak analizatzearena. Orain, arazo horrek salto oso handia eman du aurrerapen teknologikoei esker eta denetariko datuak ateratzeko dugun gaitasunari esker».

Lopezen arabera, horrelako egitasmoak unibertsitate guzietan egon beharko lukete, bizitza eta lana bide horretan doazelakoan: «4.0 industria iraultzaz hitz egiten da, eta ideia bera da. Gero deitu dezakegu bussines analytics, business intelligence edo bestela; baina dena dago tiradera handi baten baitan, lanpostu asko desagerraraziko dituena». Hori da egin duen beste aurreikuspen bat: automatizatu daitezkeen lanak desagertuko direla; are, ohartarazi du dagoeneko desagertzen hasiak direla.

Erronkak begi bistan

Datuen zientziaren alorrean zenbait erronka daudela azaldu du institutuko zuzendariak. Alde batetik, «ikerketa puru-puruaren maila» dago, modelo eta algoritmo azkarragoak edo eraginkorragoak lortzen saiatzen dena. «Orain arte erabili diren prozedura asko baliagarriak dira, eta askotan egokitze txikienarekin oso ongi funtzionatzen dute, baina egia da ere paradigma berri batean gaudela. Beraz, esku artean ditugun tresnak doitu behar ditugu datu kantitate handien tratamendurako», azaldu du Lopezek.

Transferentziarena litzateke beste erronketako bat: ezagutzen dena arazo konkretuetan aplikatzea. «Aplikazio hori ez da xumea, prozedurak ezagunak eta zaharrak izanagatik ere, arazo bakoitza ezberdina baita, eta tresna ezberdinak eskatzen baititu». Alde horretatik, enpresekin bildu, eta zer behar duten aurkitu beharra dagoela dio. Gauzak modu batean egitera ohituta dauden enpresak izaten dira, gainera, eta,beraz, behar hori aurkitzea ez da lan erraza Lopezen arabera.

Institutuaren erronkei dagokienez, asko direla esan du. CIMA Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroarekin batera lanean ariko dira, adibidez, geneetatik ateratzen diren datuak aprobetxatzeko moduak ikertzen. Osasunaren alorrean laguntza handia eman dezake datuen zientziak, eta ez soilik norberaren osasunari lotutako aferetan, baita artatzean ere: itxaron zerrendak eta itxarote denborak nola murriztu, adibidez. Ingeniaritzan hamaika alor dituzte ikertzeko, eta baita lengoaia naturalaren analisian ere.

Oraingoz ez du denbora askorik institutuak, aste batzuk baino ez, baina, hala ere, kontent da Lopez izan duen harrerarengatik. Enpresa asko jarri omen dira haiekin harremanetan, eta curriculum anitz jaso dituzte han lan egiteko prest diren ikerlarien eskutik. Unibertsitate barnean ere eskaria asko handitu da institutua aurkeztu dutenetik. Hala ere, poliki joateko beharra nabarmendu du zuzendariak. «Presarik gabe, baina gelditu gabe. Eskain dezakeguna baino gehiago egin nahi izatea ez da ona; hori ezin dugu egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.