Aranzadi zientzia elkarteak astronomiari buruzko bilduma bat argitaratzeari ekin dio. Eklipseak da lehen liburua. Virginia Garcia (Donostia, 1979) astronomoak idatzi du, eta pozarren dago emaitzarekin: «Oso polita geratu da». Karmele Gorroño ilustratzailearen lana goratu du. BERRIA dendan eros daiteke, 18 euroren truke.
Nolatan eklipseak?
Datozen bost urteetan hamahiru eklipse ikusteko aukera izango dugu, 2025eko martxotik aurrera. Ikusgarriena 2026ko abuztuaren 12an izango da. Egun horretan eguzki eklipse oso bat izango dugu Euskal Herrian. Zoragarria izango da. Nik bizitza osoa daramat une horren zain. Hiruzpalau minutu iraungo du; Ilargia Lurraren eta Eguzkiaren artean jarriko da tarte horretan. Liburua txikia da, baina eklipseen sekretu guztiak daude bertan; zergatik gertatzen diren azaltzen dugu, prozesu korapilatsu hori modu erraz batean azalduta. Bukaeran, hurrengo eklipseak noiz izango diren zehazten da.
Eguzkiari behatzeko betaurrekoak ere badakartza.
Eklipseetan Eguzkiari behatzea arriskutsua dela zabaltzen ari da, baina jendea animatu behar dugu eklipsea modu seguruan ikustera. Horregatik sartu ditugu betaurreko homologatuak liburuan. Horrelako ikuskizun bat ezin da galdu.
Bilduma bateko lehenengo liburua da. Nondik nora sortu da astronomiari buruzko bilduma bat egiteko ideia?
Ohartu gara oso material gutxi dagoela euskaraz. Jendeak haurrentzako materialaz galdezka deitzen digu, eta bururatu zitzaidan oso polita litzatekeela zenbait gai jorratzea eta material hori denen eskura jartzea. Haurrentzako liburuak dira, baina helduentzako modukoak ere badira. Era erraz batean azaltzen da dena, umeek uler dezaten, baina heldu baten laguntzarekin hobeto ulertuko dute.
Birtxi farozaina zara liburuan...
Bai. Katxiporretako pailazoek sortu dute pertsonaia, Pirritxek eta Porrotxek. Zerua lapurtu dute! liburuan ere agertzen naiz. Arraroa da ni liburu bateko pertsonaia izatea, baina, era berean, erraza zait, azken finean ni naizelako. Sudur gorriekin lan egitea plazer bat izan da.
Zerua ondare natural bat dela esan izan duzu.
Ondare naturala eta kulturala dela esango nuke. Zeruaren inguruko ezagutza galtzen ari gara. Arrantzaleek, orientatzeko, zerura begiratzen zuten, eta egutegi bezala eta agenda bezala ere erabiltzen zen: Eguzkiak eta izarrek eguneko zikloak markatzen dituzte; Ilargiak, hilabetekoak; eta konstelazioek, urtekoak. Zerura begiratzeko ohitura galdu dugu erabat.
Orain pantailetan ikusten da zerua, aplikazioen bidez.
Bai, baina xarma guztia galtzen da. Benetako zerua askoz politagoa da. Gaur egungo haurrek ez dakite zer den Esne Bidea. Edo, akaso, badakite, baina ez dute ikusi. Izarrak ikusteko eskubidea lapurtu diegu. Eskoletan irakatsi beharko litzateke zerura begiratzen. Akaso, buruz dakite errotazioa edo translazioa zer den azaltzen, baina Ilargiari ez diote begiratzen.
Aurora borealak ikusi ahal izan dira aurten Euskal Herrian. Ezohiko fenomenoa izan da hori, ezta?
Bai, ni neu atera izan naiz prentsan esaten hemen inoiz ez genituela aurorak ikusiko. Ez genuen espero, baina egia da ehun urtetik behin gertatzen den fenomeno bat dela. Francis gure lankidea izandakoarekin akordatu nintzen [Francisco Fernandez Garcia de Diego]. Berak azaldu zigun nola 1938an sekulako aurora boreala ikusi zuen Gipuzkoa plazatik. Pentsatu zuten bonba batek eragindako sutea izan zela, gerran zeudelako. Zoragarria izan omen zen. Francis Aquariumean eta Kontxako pasealekuan jartzen zen bere teleskopioarekin, eta pasatzen zen jende guztiari esaten zion begiratzeko. Oso xelebrea zen.
Zerua infinitua da. Norbait hari begira egonez gero, ohartzen da bera puntu txiki bat baino ez dela.
Hala da! Txikiak sentiarazten gaitu. Gu zer gara hemen? Galdera hori datorkit burura zerura begiratzean. Badago Carl Saganen testu bat hori oso ondo azaltzen duena: Puntu urdin margul bat. Oso testu ederra da. Gure neurriaz ohartzeko balio du unibertsoak, perspektiba hartzeko.
Zuk asko begiratzen al diozu zeruari?
Esnatzean egiten dudan lehen gauza da. Gutxi batzuk gara beti gora begira gaudenak. Txikitatik esaten zidaten beti ilargian nengoela, eta badirudi hor nonbait nagoela oraindik. Gaur goizean [osteguna] zerua izarrez beteta zegoen, eta izar uxo bat ikusi dut. Polit-polita izan da. Geminiden izar euriaren garaian gaude.
Nondik datorkizu astronomiarekiko zaletasuna?
Aitonari zor diot; itsasontzi bateko patroia zen, eta pila bat gustatzen zitzaidan harekin zerura begiratzea; konstelazioak eta izarrak erakusten zizkidan. Betidanik erakarri naute planetek. Amonaren etxean geunden batean, lehengusuekin jolasean, telebistan transbordadore batetik ateratako irudia agertu zen. Lur planeta zen, eta liluratuta geratu nintzen.
Eta zer da lepotik zintzilik daramazun hori?
Eguzki erloju bat da. Willy Fog marrazki bizidunetan eguzki erloju bat zuen sagutxo bat ateratzen zen. Ticoren erlojua nahi nuela esaten nuen beti, eta, azkenean, oparitu egin didate.
LOTSABAKO
Une kuttun bat?
Belarretan etzan eta zerura begiratzea.Astronomo bat?
Carl Sagan eta Henrietta Swan Leavitt.Liburu bat?
Hijos de las estrellas (Izarren seme-alabak), Daniel Roberto Altschulerrena.