@CY-zintiloa-borobilaeskuin:d@CA-azpizintiloa-eskuin:Donostiako Aste Nagusia

Dastamenarekin jolasteko gunea

Hainbat herrialdetako jakiak dastatu daitezke Kursaal ondoan, Zurriola Kultura Irekian

Eguerdietan, jende ugari biltzen da Kursaaleko terrazara, munduko gastronomia dastatzera. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Kursaaleko terrazara bildu ahala, janari usaina areagotuz doa. Gazia, gozoa, mina, ezti-mingotsa... denak nahasten dira sudurrera heldu aurretik, eta guztiak aurkitu daitezke hango jakien artean. Produktu freskoek eta hainbat herrialdetatik ekarritako bizigarri ugariek kolore deigarriz betetzen dituzte salmahaiak. Besteak beste, Bretainiako, Galiziako, Mexikoko eta Euskal Herriko hainbat postuk inguratzen dute terraza, eta erdian mahaiak eta aulkiak daude, agertoki baten aurrez aurre. Bisitari batzuk postuz postu dabiltza, jakiei begira, hainbeste aukeraren artean zaila baita erabakitzea. Beste batzuk, ordea, jatekoa erosi, eta horretaz gozatzen ari dira.

June Calsor abeslariak izan zuen Kursaaleko terraza musikaz girotzeko ardura ostegun eguerdian. Bere ahots goxoa piano batek baino ez zuen laguntzen, eta hara bildutakoak abestera animatzen aritu zen, erantzun handirik jaso gabe. Jendea bazkaltzen ari zen, munduko hamaika lekutako janaria dastatzen, eta lehenago probatu gabeko zaporeak esperimentatzen.

Beti gauza bera jatea aspergarri izan daiteke; ez zuten kezka hori,baina, Kursaaleko terrazako postuetara batu zirenek. Galiziako olagarroa, Argentinako haragi errea, Bretainiako krepeak, Espainiako txorizo errioxarra, Turkiako kebaba... produktu aukera zabala zegoen, eta denak zuten itxura bikaina. Jende dezente zebilen arren, dendari guztiak bat etorri ziren aurreko urteetatik beherakada handia nabaritu dutela; eguraldiari egozten zioten errua gehienek.

Gustu guztientzako lekua dago Zurriola Kultura Irekiko gastronomia dastatzean. Zapore minen maitaleek janari mexikarra aukeratu dezakete. «Arrakasta dezente du janari mexikarrak. Natxoak eta takoak saltzen ditugu; haragiz betetako arto lastoak dira takoak, barazki eta saltsaz lagunduak, eta jendeari asko gustatzen zaizkio», esan zuen Kantina mexikarreko langileetako batek. Baina badago bestelako janari arinagoa nahiago duen jendea ere. Gironatik (Herrialde Katalanak) etorritako Eva Miguel eta haren lankideen espezialitatea pizza begetarianoak dira. Oreari bueltaka eta bueltaka aritzen dira, trebeki. Gero,hemngo produktuz ondo hornitu, eta egur-labean sartzen dituzte; segituan egoten dira jateko prest. Itxura ederra zuen, esate baterako, Anoetako familia batek erositako gaztazko hiru pizzek; «Gune honetara askotan etortzen gara, eta hainbat postutako janaria dastatu dugu dagoeneko. Giro ederra egoten da, lekua paregabea da, eta aukera handia dago», adierazi zuten Anoetakoek.

Euskal Herriko zaporeak gustuko dituztenek ere, badute tokia Kursaaleko terrazan, Goierriko talogileek postua baitute han. Joxepa Albisu segurarra da talogileetako bat, urteak daramatza lanean: «Hemengo jendeak ezagutzen gaitu, taloa gustuko du, eta erostera etortzen da. Baina kanpotarren artean ere badu arrakasta gure produktuak. Txistorrarena da gehien saltzen duguna, hala ere, azkenaldian, jende askok konbinatzen ditu osagaiak: hirugiharra eta gazta, hirugiharra eta txistorra...», esan zuen lehengaiak erakutsiz.

Gaur, Zurriola Kultura Irekia espaziora biltzen denak, dastamenarekin jolastu bitartean, Beñat Igerabideren kontzertua ikusteko aukera izango du 13:30etik 14:30era, eta iluntzean, berriro ere, 20:00etan hasita.

Aukerarik ez da falta, eta giroa ere badago. Ez dago urrutira bidaiatu beharrik munduko hainbat kulturatako zaporeak dastatzeko. Zurriolako hondartza ingurura hurbiltzen den edonork du, usainak harrapatuta geratu eta jakien tentazioan erortzeko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.