Dantzetatik desagertzear

Azken hamarkadetan, gizonen kopurua jaitsi egin da dantza taldeetan, eta, azken urteetan, nabarmen azkartu da joera hori. Adituen ustez, genero estereotipoek zerikusia dute horretan, dantza emakumezkoen kontutzat jotzen baita. Gazteei eta nerabeei eragiten die horrek, batez ere.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU. BERRIAKO DISEINU TALDEAK MOLDATUTA.
amaia igartua aristondo
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Lotuta eutsi diete zapiek, ezpatek, tradizioak edota dantza egiteko plazer hutsak; lotuta egon dira mende askoan, baina, urteen joanean, ahuldu egin da harremana: gizon gutxi daude dantza taldeetan, hamarkadak daramatzate alde egiten, gero eta gutxiagok daukate euren burua dantzaritzat, eta gero eta gehiagok jotzen dute bestelako jardueretara gaztetan.

Atzera begiratuta, ordea, gizonak eta euskal dantzak estuki lotuta egon izan dira, Oier Araolaza dantzari eta ikerlariaren esanetan. «Harreman zuzena izan dute; nahiko protagonista izan dira. Beren eremu naturaltzat eduki dute dantza egitea». Dioenez, harreman hori ahulduz joan zen XX. mendean, poliki-poliki aurrena, eta prozesua bizkortu egin da azken 30-50 urteetan. «XXI. mendean, ikaragarria da: urtetik urtera, distantzia handiagoa sortzen ari da gizonezkoen eta dantzaren artean».

Orokorra da fenomenoa, salbuespen gutxi batzuekin: badaude herri edo talde batzuk non nahiko orekatuta baitirau mutilen eta nesken proportzioak, «baina oso lotuta daude herri edo talde horiek daukaten identitate berezi bati, edo dantzak funtzio sinboliko berezi bat jokatzen du», Araolazaren hitzetan. Egoera jakin horietan, gizonek euren burua dantzari lotuta ikusten dute oraindik. «Baina bereizi egiten dituzte oro har dantza litzatekeena eta talde horietan egiten dutena, haientzat dantzaz harago doana; hau da, beste zerbait da». Hain justu, uste horri esker segitzen dute taldeetan mutil horiek, ikerlariaren irudiko.

Gainontzekoetan, ordea, gizonak «desagertzen» ari dira, Araolazak nabarmendu duenez. «Azken 40-50 urteetan, emakumeak gehiago izan dira gizonekoak baino, talde gehienetan; lehen, hamarretik lau edo bost mutilak ziren, baina, azkenengo urteotan,gehienez ere mutil bat edo bi izaten dira».

Generoak baldintzatuta

Adierazteko modu bat da dantza, gizaki denei berezkoa, instintiboa zaien zerbait, nahi bat, Araolazaren arabera. Eta hala izaten da bai nesken, baita mutilen artean ere, 4-5 urte bete bitartean, gutxi gorabehera. «Ordura arte, harreman nahiko naturala dute; esango nuke libre dantzatzen direla denak». Baina, hortik aurrera, bestelako ezaugarri batzuk bereganatuko ditu dantzak mutikoen irudiko.

Genero identitatearen kontzientzia hartzea da mugarria, ikerlariak adierazi duenez. Antzematen hasten dira bi kategoria «oso bereizi» daudela, gizonen kategorian sartzen direla eurak, eta hala sailkatutakoek ez dutela dantza egiten. Eta kontsumitzen duten iruditeria guztiak moldatzen die mundu ikuskera hori. «Iruditeria horrek transmititzen duen genero errealitatea oso-oso markatua da: saioak, filmak, marrazki bizidunak, arropa, nola apaintzen dituzten umeak generoaren arabera... Horrek guztiak elikatzen du genero estereotipoa».

Gizartean badago eztabaida bat kategorion inguruan, Araolazak nabarmendu duenez, eta badaude nerabe batzuk genero marka ez hain nabarmenetara jotzen dutenak; baina, oro har, umeek eta gazteek interpretatzen dute gauza bereiziak daudela gizonentzat eta emakumeentzat, eta dantza bigarren multzoari dagokiola. «Beraz, genero identitate hori sendotu edo pixka bat egituratu nahi duten garai horretan, dantza justu kontrako norabidean doa». Hori horrela, batzuek uko egiten diote dantzatzeari. «Ikuspegi maskulino batetik, dantza guztiz mespretxatzen da; ez da maskulinitatearen ezaugarritzat hartzen».

Mespretxu hori gordinki bizi izan dute dantzari batzuek, are irainduak izateraino. Generoaren eta dantzaren inguruko ikastaroak ematen dituzte Karla Agirre Aranburu eta Amaia Marin Zabala ikerlari eta Gasteizko Indarra elkarteko dantzariek; saioetako parte hartzaileak emakumeak izaten dira nagusiki, baina lotu diren gizon eta mutil bakanek gisa horretako testigantzak eman izan dituzte, Agirrek gogoan duenez. «Gehienak txikitan hasten dira dantzatzen, eta aipatu izan dute ikasgelan edo lagunen artean irain egiten zietela».

Esate baterako, batzuei maritxu deitu izan diete dantzatzeagatik. Bestelako dantzak egiten dituztenentzat, ezaguna da egoera hori, baina euskal dantzariei ere berdin-berdin oldartzen zaizkie, Agirreren hitzei erreparatuta. «Dantzaria bazara, argi dago horrelako irainak sufrituko dituzula. Baina, euskal dantza harremanetan egon denez erritu maskulinoekin, batzuetan pentsa daiteke kanpo utziko dutela, baina, txikitan, gainontzeko dantzekin lotzen dute».

10 urterekin, ospa

Haurtzaroa eta nerabezaroa dira mugarriak, eta, hain justu, bereziki adin tarte horietan alde egiten dute mutilek dantza taldeetatik. Lekeitioko (Bizkaia) Etorkizuna dantza taldean, aspalditik da gizonezkoen kopurua emakumeena baino txikiagoa: duela 30 bat urtetik, Maider Madarieta taldeko arduradunak azaldu duenez, eta izena ematen duten mutiko askok 10 urte ingururekin uzten dute taldea. «Nik 35 urte baino gehiago daramatzat, eta beti izan da horrela. Asko kostatzen da zortzi mutileko talde bat ateratzea».

Gehiago irauten dute lagunekin batera batzen direnean, baina, banaka izena ematean, arinago egiten dute ospa, Madarietaren arabera. Gauza bera gertatzen da beste talde batzuetan ere, Marinek adierazi duenez. «Gizon gehienek esan digute taldean lagun bat zeukatelako geratu direla euskal dantzetan, eta babestuta sentitzen zirelako; baina, gizon bakarra izan balira, ziurrenik joan egingo zirela». Eta Agirrek erantsi: «Bakarrik geratzen direnean, sentitzen dute hori ez dela haien lekua».

Iruñeko Oberena dantza taldean ere behera egin du gizonezkoen kopuruak, baina orain dela gutxiko kontua da. «Duela lau bat urte, orekatuago zegoen», Oier Urra ordezkariaren hitzetan. 30 lagun daude Oberenako taldeetan, eta horietatik zazpi edo zortzi dira mutilak. Haiek ere, gazteen taldeetan igarri dute beherakada, batez ere.

Eta zergatik uzten dute taldea, bada? Normalean, arduradunei ez dizkiete arrazoiak ematen. Dena den, generoaren aldagaia ezinbestean ageri da horien hipotesietan. «Ez dakit zergatik uzten duten. Igual batzuentzat dantza egitea nesken gauza delako?», erantzun du Madarietak. Zorrotzagoa da Urra. «Lehen, Oberenan gizonen eta emakumeen dantzak bereizten genituen, eta, mistoetan, genero bakoitzak zegokion papera egiten zuen. Duela lauzpabost urtetik, ez dugu kontuan hartzen generoa. Baliteke gizonen botere eremua apurtu izana, eta, ondorioz, interes falta egotea».

Bide beretik, azkenaldian emakumeak ere hasi dira dantzatzen orain arte gizonek soilik egindako dantzak: Lekeitioko San Pedro egunean, andre batek dantzatu zuen kaxarranka, lehen aldiz; Gernikan (Bizkaia), abuztuaren 15eko aurreskua emakume batek dantzatu zuen aurrenekoz... Joera horrek eraginik izan dezake? Araolazak ezetz uste du. «Gure dantzak generoaren arabera sailkatzea nahiko berria da, 100 bat urte ditu. Eraikia da, eta, oraindik, guztiz garbitu gabe daukagu horren zama », azaldu du.

Araolazaren hitzetan, lehen «ukatuak» zituzten dantza batzuk egin ahal dituzte andreek orain, baina horrek ez du ekarri emakumeek gehiago dantza egitea, ikerlariaren irudiko; ez dute gizonen eremurik hartu. «Kuantitatiboki, emakumeak lehen eta orain antzera samar dantzatzen dira. Diferentzia da gizonek utzi egin dutela espazio hori, jarduera hori». Etorkizuna dantza taldean ere, norabidea hori izan da: alegia, mutil faltagatik, neskak hasi dira ordura arte gizonek egiten zituzten dantzak dantzatzen, eta ez alderantziz. Aspalditik egokituta daude egoera horretara.

Kirola gailentzen da

Taldea uzteko arrazoiak ematen dizkietenean, baina, beste interes batzuk dituztela esaten diete arduradunei. Eta, horien artean, kirola gailentzen da nabarmen. Ordutegiak bateraezinak dira, Madarietak esan duenez. «Guk zapatu goizetan egiten ditugu entseguak, eta, ordu horietan, futbol partidak izaten dira, normalean». Horretan ere bat datoz Agirrek eta Marinek jasotako lekukotzak. «Mutil gutxi hasten dira dantza taldeetan, eta aldagai askok eragiten diete», Agirreren arabera. «Adibidez, kirola mutilek egin beharreko zeozer da oraindik. Beraz, kirol eskakizuna handitzen denean, entrenamendu eta txapelketa gehiago daudenean, normalean kirolera jotzea erabakitzen dute, euskal dantza lehenetsi beharrean».

Araolazak ere ekarri du hizpidera kirola. «Niretzat, ez da kasualitatea kirolak gizartean, komunikabideetan, azpiegituretan, hezkuntzan... daukan pisua, eta dantzak daukana ere ez. Lotuta dago boterea eta erabakiguneak dituztenekin, horiek ezagutzen, bizitzen eta aintzat hartzen dituzten jarduera motekin». Egoera «kezkagarria» dela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.