Dantzatzen den postrea

Basque Culinary Centerreko ikasleek eta irakasleek Lucia Lakarra ballet dantzariaren omenez egindako Luciaren Dantza postrea aurkeztu dute, dantzariarekin batera.

Ezkerretik eskuinera: Joxe Mari Aizega, Lucia Lakarra, Cristina Lirola eta Luis Arrufat. JON URBE / FOKU.
unai etxenausia
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ba al dute harremanik gastronomiak eta dantzak? Zer sentsazio sortzen du bakoitzak? Plater batean mugimendua simula daiteke? A priori badirudi ez dutela harreman askorik. Baina janaria mugitu ezin badaiteke ere, bisualki mugimenduan dagoela ematen duen zerbait kozina daiteke: dantzatzen den postre bat.

Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle talde batek dantza eta gastronomia uztartu ditu Luciaren Dantza postrean. Lucia Lakarra Zumaiako (Gipuzkoa) dantzari ezagunaren gustuak eta dantza estiloa inspiraziotzat hartu dituzte postrea sortzeko orduan. Ez da kasualitatea Lakarraren omenez postre bat sortu izana, egin duen ibilbide oparoari esker egungo ballet klasikoko dantzari nagusietako bat bilakatu baita.

Dantzari baten mugimendua irudikatzen duen sagar konpotaz betetako moussea nabarmentzen da gehien platerean. Lakarraren jaioterriko, Zumaiako, produktu garrantzitsuenetako bat da sagarra. Moussea, gainera, lila kolorez (dantzariaren kolore gogokoena) tindatua dagoen txokolatezko apaingarri batek biltzen du.Azkenik, plateraren ertzetan dauden detaileek osatzen dute postrea: masusta sorbetea;Genoako bizkotxoa; pistatxo crumblea; masusta krema txokolate zuri, lima eta albakazko ganatxearekin; sagar berdezko jelea; eta masusta freskoak.

Maria Nieves Pivaral, Elena Castro, Andrea Veronica Vieira eta Maria Ortega sortzaileen hitzetan, Lakarra bera eta haren ibilbidea omentzen ditu postreak. Dantzariak haiei transmititzen diena islatu nahi izan dute, beraz: «Guri eta dantzan ikusi duten milaka pertsonari oparitu eta transmititu dizkigun inspirazio, amets eta emozio horiek guztiak daude platerean», azaldu dute.

Bi diziplina elkartuz

Anna Pavlova dantzari errusiarraren omenez egindako Pavlova tarta ezaguna izan dute inspirazio postrea egiteko orduan, baina Euskal Herrira ekarri nahi izan dute ideia. Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, «erronka hau bi diziplina horiek bat egitearen emaitza» dela nabarmendu du. Era berean, gaineratu du ikasleentzat erronka bat izan dela postrearen sorkuntza prozesuan parte hartzea.

Elkarren artean zerikusirik ez dutela badirudi ere, dantzaren eta gastronomiaren balioetako batzuk berberak direla uste du Lakarrak: «Diziplina, dedikazio eta grina handia eskatzen duten arteak eta lanbideak dira biak». Horregatik, «ohore bat» izan da harentzat Basque Culinary Centerrek hura omentzeko postre bat sortzea. «Esperientzia zoragarria izan da etorkizuneko sukaldariak ezagutu, haiekin hitz egin eta haientzat dantza egitea: inspirazio izaten saiatzeko eta ni pertsona eta dantzari gisa nor naizen ulertarazteko», gehitu du.

Oholtzatik platerera

Dantzariak Fordlandia ikuskizuneko dantza pieza bat eskaini zien sukaldaritza eskolako ikasleei Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Berezko dituen sentsibilitatea, diziplina, pasioa, dotorezia eta dedikazioa transmititu zien Matthew Golding dantzariarekin batera. Erronkari heldu eta postrea sortzen hasteko inspirazio eta abiapuntu izan zen ikasleentzat.

Luis Arrufat sukaldari eta irakasleak koordinatu eta lagundu ditu ikasleak prozesu osoan zehar. Izan ere, postre bat aukeratu duten arren, beste proposamen asko jaso dituzte ikasleen partetik. «Postrearen ideia sortzen parte hartzea, ikasleei erronka egitea, aukera desberdinak dastatu eta onena aukeratzea nire ibilbide profesionalean Basque Culinary Centerren gertatu zaidan gauzarik politenetako bat izan da», esan du, pozik.

Postrea sortzen eta eratzen hiru aste eman ondoren, Aizegak, Lacarrak, Arrufatek eta Basque Culinary Centerreko irakasle eta sukaldari Cristina Lirolak osatutako epaimahaiak postre irabazlea aukeratu du.

Bere aldetik, Lakarra identifikatua sentitu da aukeratutako postre irabazlearekin: «Bere fintasunagatik eta indarragatik. Eta, batez ere, dituen testura eta geruza desberdinengatik, nik ere baditut, eta nire bereizgarriak dira. Ikasleek asmatu dute postre zoragarri honen bidez Lucia Lakarra nor den adierazten».

Nahi duenak dastatu ahalko du postrea, errezeta ez baitute sekretupean gordeko. Luciaren Dantza mundu osoko jatetxeetako menuetan aukeratu ahal izango den gozo bat izatea nahi dute. Horretarako, errezeta ezagutzera emango dute. Gainera, nahi duenak Basque Culinary Centerreko gune gastronomiko batzuetan dastatu ahal izango du laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.